Albisteak

Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk

2021-03-18

Nafarroako Gobernuak arnasgune diren Foru Komunitateko 14 herriak “zaindu eta babesteko beharra” nabarmendu du Ana Ollo kontseilariak, Etxarri Aranatzen egindako aurkezpenean

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko udalak  “Arnasa Gara” ekimenaren kanpaina berri bat aurkeztu dute gaur. “Arnasa Gara” ekimenak euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea du xede. Hala, aurkezpen ekitaldian, Foru Komunitatean “arnasgune diren 14 herriak zaindu, babestu eta indartzeko beharra” nabarmendu du Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.

Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, hau da, arnasgune diren herrietan euskararen presentzia nagusia da eta herritarrek euskaraz egiten dute haien eguneroko bizimoduan. Horregaitik dira arnasgune, euskarak aske hartu dezakeelako arnasa espazio horietan, bizi-bizi. Horrek ez du esan nahi, ordea, arnasguneetako herritarren hizkuntza-ohituren inguruko kezkarik ez dagoenik. Hain zuzen ere, ekimenaren helburua da arnasguneetako herritarren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea.

Arnasgune den Etxarri Aranatzeko udaletxean egin da gaurko aurkezpena. Bertan izan dira Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkano eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon.

Foru Komunitatean arnasgune diren herriak honakoak dira: Arbizu, Areso, Arantza, Araitz, Baztan, Bera, Basaburua, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza eta Lesaka. Horietariko batzuk UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean) sartuta daude.

Zortzi bideo, zortzi astez

Ekimen honekin arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia ere nabarmendu nahi da. Horretarako, udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneetan hizkuntza-ohiturei lotutako zortzi egoera landu dituzte zortzi bideo esketxetan. Hala, www.arnasagara.eus webgunean ikusgai dauden bideo bakoitzak egoera bat irudikatzen du eta kanpainaren asmoa da egoera horien inguruko sentsibilizazio lanketa bat egitea sare-sozialen bidez. Besteak beste, arnasguneetako pertsona erreferenteei  (aktore, musikari, kirolari) elkarrizketak egingo zaizkie, gaiaren inguruan hausnartzeko. Kanpainak zortzi aste iraungo ditu, martxoaren 22tik maiatzaren 16ra bitarte, eta aste bakoitzean gai bat izango dute hizpide. 

Kanpainaren euskarri nagusia zortzi bideo labur dira (minutu batekoa bakoitza), eta esketx erara bertan lantzen diren diskurtsoak, batez ere, arnasgune edo eremu oso euskaldunetako herritarrei zuzenduta daude. Dena den,  “Arnasa Gara” ekimenak arnasguneetatik kanpo bizi direnengana iristeko asmoa ere badauka, arnasguneen errealitatearen ezagutza eta herri hauek euskararen biziraupenean duten garrantzia azpimarratzeko  eta errekonozimenduan jartzeko.

Ekimena dinamikoa izango da, batez ere sare sozialen bidez garatuko delako, eta  herritarren interakzioa sustatzea izango duelako xede. Bide horretan, astero-astero zozketak egingo dira kanpainan zehar sare sozialetan aurkeztuko diren edukiak gertutik jarraituko dituztenen artean. “Egunean Behin” jokoaren bidez ere ezagutaraziko da “Arnasa Gara” kanpaina eta aste betez aplikazio ezagunaren erabiltzaileek arnasguneen inguruko zenbait galdera ere erantzun beharko dituzte.     

Zortzi asteak igaro ondoren izango du jarraipena “Arnasa Gara”-k, izan ere, UEMAko kide diren herrietan ikusentzunezkoak aurkeztu eta hausnarketa saioak ere egingo dituzte tailer formatuan. Era berean, UEMAko kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.

Lankidetza

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea du xede. Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente egiteko beharra”. “Udalerri euskaldunetan modu naturalean transmititzen da euskara, belaunaldi batetik bestera, herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Nafarron ondarea babesten eta ezagutarazten egiten dugun ahaleginaren baitan, arnasguneak ere kontuan hartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horretara dator kanpaina hau”, gaineratu du.

Zentzu horretan Exekutiboak 2019an bukatutako Euskararen I Plan Estrategikoa ekarri du gogora, zeinak “euskararen egoera hobetzea eta euskararen aldeko kontzientzia eta erabilera indartzea duen ardatz”, eta Gobernua lantzen ari den II Plan Estrategikoa aipatu du: “Kontuan izango dugu udalerri euskaldunetako edo euskararen arnasguneetako euskararen erabilera indartzea, aurrerantzean ere euskarak segi dezan eskualde horietako gizarte-bizitza eratzen duen elementua”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez gaur aurkeztutako ekimena “arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da. Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da ‘Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea’. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau”. Gainera, Zupiriak hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza ere azpimarratu du.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, “arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait” dela nabarmendu du eta, beraz, ‘Arnasa gara’ kanpaina bereziki garrantzitsua dela UEMArentzat. “UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da”.

Horrez gain, Lazkanoren hitzetan, “herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko. Gazteen erabilera ohituren inguruko kezka handia da, eta horregatik abiarazi genuen UEMAren hezkuntza proiektua, duela lauzpabost urte. Kanpaina hau ere bereziki erakargarria iruditzen zaigu ildo horretan: herritarren eta gazteen kontzientziazioan”.

Bestetik, elkarlanaren garrantzia aipatu du Lazkanok: “Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarrekin landutako kanpaina da honakoa, horrek esan nahi duen guztiarekin. Arnasguneen garrantzia elkarrekin nabarmentzeaz gain, zabaldu nahi diren mezuak ere elkarrekin adostutakoak dira, azkenaldian dozeneka udaletatik eta euskalgintzatik heldutako kezkari erantzun nahian”.

Aurrekariak

Euskararen arnasguneak gure hizkuntzaren biziberritzean zein garrantzitsuak diren nabarmentzeko 'Arnasa gara' kanpaina abiarazi zuten duela bi urte Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Euskarabideak, Euskararen Erakunde Publikoak eta UEMAk. Hainbat herritan egindako aurkezpen-ekitaldiez gain, 'Kartzela' websaila izan zen euskarri nagusia. Bi helburu eta fase izan zituen orduan kanpainak. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia hartzea. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakitea.

Aurten ere ikus-entzunezko edukiak landu dituzte, sare sozialen bidez zabaltzeko. Hiru Damatxok ekoitzi ditu zortzi bideoak, eta Iametza arduratu da komunikazio kanpainaz. Orain arteko edukiak www.arnasagara.eus webgunean daude eskura.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora