Albisteak
ARNASETIK lehiaketa gazteen sormena sustatzeko erronka berriekin dator bosgarren urteurrenean
Arnasa Gara ekimenaren sustatzaileek —Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk— ARNASETIK bideosormen lehiaketaren bosgarren edizioa aurkeztu dute
Euskararen arnasguneetako gazteek badute berriro ere sormena martxan jartzeko hitzordua. ARNASETIK bideosormen lehiaketa bosgarren urteurrena ospatzen ari da eta 10 eta 16 urte bitarteko gazteei gonbita luzatzen die ekimenean parte hartzeko.
ARNASA GARA egitasmoaren barruan antolatzen da lehiaketa. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk sustatzen duten ekimenaren helburua da euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea, gazteei beren herrietako hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko aukera ematea eta ikus-entzunezkoen bidez euskararen presentzia eta bizi-indarra erakustea.
Ibilbide emankorra
Azken urteotan, ARNASETIK lehiaketak gazteen sormena eta euskararen inguruko hausnarketa uztartu ditu ikus-entzunezkoen bidez. Lehiaketaren bidez, gaztetxoek beren herriko hizkuntza-ohiturei erreparatu eta horien inguruko istorioak sortzeko aukera izan dute.
Iazko edizioan, 205 sormen-lan aurkeztu ziren eta publikoak 3.580 boto baino gehiago eman zituen. Iazko edizioan Nafarroako Gobernuak anfitrioi lanak egin zituen, Leitzako Herri Aretoan egin zen sari-banaketan. Aurten ere parte-hartze zabala izatea espero dute antolatzaileek.
Helburua: Arnasguneek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmentzea
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, Javier Arakamak azaldu duenez, ARNASETIK «10 eta 16 urte bitarteko haur-nerabeei beren herriko hizkuntza ohiturez hausnarrarazi nahi dien ekimena da, gaztetxoak horren gainean ikus-entzunezkoa sortzea sustatzen duena».
Arakamak lehiaketaren helburua ere nabarmendu du: «euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko».
Aurtengo edizioak adinaren araberako hiru kategoria izango ditu, eta parte-hartzaileek euskarari lotutako istorioak kontatu beharko dituzte gehienez bi minutuko ikus-entzunezko lanen bidez.
LH 5. eta 6. mailako ikasleek Dakienak, ba al daki? erronkari helduko diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez. Halaber, DBH 1. eta 2. mailakoek Ongi etorria erronkari erantzungo diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, Eusle mode on landuko dute, sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko gogoeta eginez.
Ikastetxeetan lantzeko berrikuntzak
Aurtengo edizioaren berrikuntzen artean, ikastetxeetan lehiaketako gaiak lantzeko material berriak prestatu dira. Alde batetik, ASMAZANK plataforman ARNASETIKen hiru kategorietako gaien inguruko galdera-sortak prestatu dira. Bestetik, ikastetxeek bideogintzari buruzko webinar batean parte hartzeko aukera izango dute, adituen eskutik bideoak sortzeko urratsak eta metodologiak lantzeko. Saioa irailaren 29an egingo da.
Arakamak ikastetxeak eta ikasleak parte hartzera animatu ditu, eta esperientzia «ezagutza berriak, kontzientzia hartzea eta une dibertigarriak uztartzen dituena» dela nabarmendu du.
Arnasguneak euskararen bihotz
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria den Sonia Rodriguezek zein UEMAko lehendakariak, Martin Aramendik, arnasguneak zaindu eta indartzeko beharra azpimarratu dute, baita horien indarra lurralde osora zabaltzeko erronka ere.
Ildo horretan, Martin Aramendik Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abiarazitako Arnasa Gara ekimena garrantzitsua dela nabarmendu du, «euskararen arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko».
Izen-ematea zabalik
Aurtengo lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea irailaren 15ean zabaldu zen, eta lanak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira arnasagara.eus webgunean.
Lehiaketak aurreko urteetako sari-egitura mantenduko du. Hiru kategorietako irabazleek 500 euroko bonua jasoko dute, eta, horrez gain, publikoaren saria ere banatuko da, 500 euroko balioarekin. Bono-sariak hainbat kultura-produktu eta bizipenetan erabili ahal izango dira, besteak beste, ikas-bidaian, IrisarriLand parkean, Durangoko Azokan eta EITBko Go!azen eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean.
Lehiaketaren sari banaketa Lekeition egingo da azaroaren 26an. Bertan kategoria bakoitzeko lan irabazleak proiektatuko dira eta sariak banatuko dira. Ekitaldiarekin, bosgarren urteurrena ospatzeaz gain, gazteen sormena eta euskararekiko konpromisoa aitortuko dira, eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmenduko da.


