Albisteak
6.000 pertsona helduk baino gehiagok ikasi zuten euskara Nafarroan joan den ikasturtean
Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek "Hurrengoan euskaraz" kanpaina aurkeztu dute gaur
2019-2020 ikasturtean, 6.000 pertsona heldu (16 urtetik gorakoak) baino gehiago matrikulatu ziren euskara ikasteko ikastaroetan. Hizkuntza horren ikaskuntza sustatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek “Hurrengoan euskaraz!” kanpaina aurkeztu dute gaur, 2020-2021 ikasturterako, Nafarroan dauden ia 30 zentroetan izena emateko epearekin bat eginez.
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidearen bitartez, kanpaina abian jarri du tokiko 36 erakunderekin eta honako hauekin elkarlanean: Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza-eskola ofizialak, toki-erakundeak eta ekimen sozialeko AEK, IKA eta Lan Ta Land euskaltegiak.
Kanpaina prentsaurrekoan eman dute ezagutzera gaur Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik, Berriozarko alkate Raul Maizak, Toki Erakundeen izenean, eta IKAko Aitziber Garraldak, euskararen irakaskuntzarako ekimen sozialeko zentroen izenean.
Segurtasun- eta egokitze-neurriak
Nafarroa Suspertu Planaren barnean, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren neurrietariko bat da, hain zuzen ere, euskararen irakaskuntza helduentzat egokitzea, euskara irakasten jarraitu ahal izatea bermatze aldera.
Horretarako, euskara irakasteko zentroak, orain arte egiten duten lanarekin batera, egokitu egin dira klaseak etxetik eman ahal izateko Internet bitartez. Ildo horretan, 2020-2021 ikasturtean online modalitateak eta erdi presentzialak eskainiko dira.
Euskarabidearen zuzendari Mikel Arregik Euskaltegiek egindako lana azpimarratu nahi izan du; izan ere, “eskaintza mantentzeaz gain, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute”. Euskaltegiak, esan du, “ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi-garai honetan ere”.
Bestalde, Raul Maizak, Berriozarko alkateak, honela nabarmendu du: “euskara sustatzeko udalerriek egiten duten sare-lana garrantzitsua da, gero eta proiektu gehiago garatzen baitituzte era guztietako eskaerei erantzuna emateko”. Modu horretan, “garrantzitsua da euskara ikastea udalerriek osatzen duten ingurune naturalean eta euskaltegiak bezalako hurbileko espazioan”, adierazi du. Azkenik, ondorengoa gehitu du: “hizkuntza hau ikasteak sozializatzeko aukera berriak eskaintzen ditu euskararena bezalako komunitate dinamikoan”.
Euskara irakasteko ekimen sozialeko zentroen izenean, IKAko Aitziber Garraldak honako hau nabarmendu du: “zentroetan, gure eskura dauden neurri guztiak jarriko ditugu klaseak osasun-arloko berme guztiekin eskaintzeko”; era horretan, gizarte osoa “euskara ikastera” animatu nahi izan du, “geure hizkuntza propioa delako eta etorkizuna euskaraz izango delako”.
Informazioa eta laguntzak
Hirugarren urtez jarraian, Euskarabideak laguntza-deialdi bat jarriko du abian, 2020-2021 ikasturtean zehar ikastaroak, ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak egitea diruz laguntzeko. Horretarako, erakunde autonomoak 190.000 euro jarri ditu, iaz baino 40.000 gehiago. Iaz, ia 1.000 ikaslek diru-laguntzak jaso zituzten.
Informazioa ez ezik, laguntza eskatzeko epeak ere laster argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Horrez gain, ekimen sozialeko zentro publikoei, laguntzei eta herriei buruzko informazio osoa ondorengo web orrialdean aurki daiteke.
Irailean zehar, halaber, 012 telefono-arretarako zerbitzuak eskaintza eta aipatu laguntzei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara bitarte.
Sustapen-kanpaina iraila osoan zehar garatuko da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira, iragarkiak egingo dira Nafarroan editatutako edo Nafarroarako editatzen diren egunkari inprimatuetan eta Nafarroako tokiko aldizkari ofizialetan eta irrati-iragarkiak Nafarroako irratietan.