Albisteak

290.000 euroko laguntzak eman dira euskara hedabideetan sustatzeko

2016-08-01

Hala, 2011. urtetik deialdirik egin gabeko diru-laguntzen lerroa berreskuratu da

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak 2016. urterako  prentsa idatzi, irrati eta sareko hedabideetarako laguntza-deialdia ebatzi du, 290.000 euro, guztira. Laguntzen zenbatekoak 757,84 eta 56.837,67 euro artean daude.

Zehatzago, kopuru handiena euskara hutsean argitaratutako tokiko aldizkarietarako da, 120.000 euro, eta hamar argitalpenek jasoko dute diru-laguntza.

 

Jarraian, euskaraz emititzen duten irratiek jaso dituzte laguntza gehien: 58.769,45 euro banatuko dira Euskalerria Irratiaren (Iruñerria) eta Xorroxin Irratiaren (Baztan-Bidasoa) artean; eta 36.230,55 euro jasoko dute Karrape (Leitza), Esan-erran (Ultzama), Aralar (Lekunberri) eta Beleixeko (Etxarri-Aranatz) udal-irratiek.

Azkenik, euskara sustatzeagatiko laguntza jasoko dute, halaber, Berria eta Diario de Noticias egunkariek (20.000 euro bakoitzak) eta euskaldunak ez diren Periódico Universitario, Mendixut eta Merindad de Tafalla aldizkariek (hiru aldizkarien artean 20.000 banatzen dira); zazpi hedabide digitalek, berriz, guztira beste 15.000 euro jasoko dute beraien jarraitzaileen artean euskara sustatzeagatik.

Euskarabideko deialdiak ez du Nafarroako telebistetarako laguntzak aurreikusten. Telebista horiek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak ere kudeatutako ikus-entzunezko ekoizpenerako laguntza-deialdian parte hartu dezakete, eta haren oinarrietan foru-telebistetan euskara sustatzeko berariazko laguntzak jasotzen dira.

Laguntza horien deialdirik ez da egin 2011. urtetik. Azken legealdian egindako parentesiaren ondoren, orain berreskuratu egin dira.

 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora