Albisteak
Ollo lehendakariordeak EuskarAbentura 2026 parte hartzen duten 130 gazteei harrera egin die Iruñean
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen hitzarmen baten bidez, euskara, kultura, abentura eta balioetan oinarritutako hezkuntza uztartzen dituen ekimen hau babestu du
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Nafarroako Foru Komunitatetik, Euskaditik, Iparraldetik eta eusakal zein nafar diasporatik EuskarAbentura 2026 espedizioan parte hartzen ari diren 16 eta 17 urte bitarteko 130 gazteei harrera egin die Iruñeko Takonera parkean.
Joan den uztailaren 1etik uztailaren 31ra arte, aurtengo edizioko protagonistek 500 kilometro baino gehiago egingo dituzte, egunero 17-20 kilometroko etapekin, Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Euskadiko hainbat hiri, herri eta txoko bisitatuz, horietako batzuk UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatuak.
Musika, dantza, komunikazio, kirol, soziolinguistika eta idazketa profesionalek, besteak beste, ordu batzuk partekatuko dituzte espedizioko gazteekin, ezagutzak trukatzeko.
"Atsegin handiz hartzen zaituztegu Iruñean, sanferminetan, hiria festa eta kultur aniztasunaren sinonimo den honetan, munduko hainbat lekutatik etorritako pertsonen elkartzeari esker. EuskarAbenturan parte hartzeak aukera ematen dizue esperientzia ugariz gozatzeko eta hainbat balio lantzeko, hala nola, berdintasuna, bizikidetza eta ingurumenarekiko errespetua. Aldi berean, euskararen aberastasuna bizi eta transmititzen duzue, berezko hizkuntza, amankomuna eta elkarbizitzarako hizkuntza gisa", adierazi du Ana Ollo lehendakariordeak, zortzigarren espedizio honetako protagonistekin izandako topaketan.
Halaber, gazteak Nafarroan dauden egunetan esperientzia "aberasgarriak" izatea opa die, eta gaineratu du "ibilbidean zehar, ibiltzeko, ikasteko, gozatzeko... aprobetxa dezazuela. Eta, batez ere, gainerakoekin eta ezagutuko duzuen inguruarekin eta herriekin partekatzea bakoitzak duen aberastasuna, baita euskararen erabilerari eta euskalkiei dagokienez adierazten duzuen aniztasuna ere".
Lingua navarrorum-a sustatzea
Nafarroako Gobernuak ekimen hau babesten du, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta EuskarAbentura Elkartearen arteko hitzarmen baten bidez, 30.000 euroko partida batekin. Izan ere, Gobernuaren eginkizunetako bat da euskararen presentziari, lingua navarrorum-ari, eta gizarte-bizitzako hainbat arlotan duen erabilerari buruzko sentsibilizazio-programak gauzatzea, bai eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ere, helburu horrekin berarekin.
Horrela, Foru Gobernuak bat egiten du EuskarAbenturaren helburuekin, hala nola parte hartzen duten gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, haien arteko errespetu- eta adiskidetasun-sarea sortzea eta elikatzea, ondasun naturalen, historikoen eta kulturalen transmisioa bermatzea eta balio positiboak sustatzea, hala nola bizikidetza, berdintasuna, autonomia, talde-lana, bizitza osasungarria...
Hala jasotzen da "Hiruko Itunan", Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmen espezifikoa, euskara aisialdian sustatzeko puntuan, zeinak aurreikusten baitu gazteei zuzendutako euskara sustatzeko jarduerak garatzea. Hala da EuskarAbenturaren kasua.
Parte hartzen duten 130 gazteak errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik datoz. Horien artean, 26 Nafarroakoak dira ( % 20) eta beste sei ( % 4,62) Nafarroa Beherekoak. Gehienak bizkaitarrak dira, 45 gazte ( % 34,62); ondoren, 29 (% 22,30) Gipuzkoatik datoz, 13 (% 10) Arabatik, zazpi (% 5,38) Lapurditik, bat (% 0,77) Zuberoatik eta hiru (% 2,31) diasporatik.
Gazte-taldeak laguntza lantaldea izango du ondoan. Lantalde horrek bi koordinatzaile, 14 sherpa edo monitore, lau monitore laguntzaile, bi monitore buru, hiru osasun profesional, bi gidari, euskara-teknikari bat eta hiru komunikazio-teknikari izango ditu.
500 km baino gehiago oinez
Oraingo honetan, 500 km-tik gorako ibilbidean, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskadin barrena, "marea laranjak" 29 herrietatik igaroko da: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabal, Donibane-Garazi, Iruñea, Irurtzun, Arbizu, Olazti, Agurain, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Oiartzun, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Ondarroa, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.
Etapa gehienak oinez egingo dira, gazte bakoitzak motxila txiki bat daramala, dagokion etapan beharko dituzten gauzekin bakarrik. Etapa bakoitzaren amaieran, parte-hartzaileek herrietako frontoietan eta kiroldegietan egiten dute lo, eta enpresa bat arduratzen da garbiketa-instalazioez eta janari-horniduraz.
Etapa bakoitzaren ondoren, hainbat jarduera antolatzen dira: hitzaldiak eta tailerrak, bisita historikoak eta ondarezkoak, musika eta dantza, ikus-entzunezkoak, kirol-txapelketak, eztabaidak, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, etab.


