Euskara Nafarroan
Toponimia - Informazio orokorra
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 8.2 artikuluan ezartzen du Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko toponimoak erabakiko dituela, baita lurralde, herri eta hiriarteko bideen izen ofizialak ere. Hiriko kaleen izenak jartzea udal bakoitzari dagokio.
Euskararen legeak dioena gauzatzeko, eta 130/2015 Foru Dekretuan estatutuak onetsita, Euskarabideak ondoko eginkizuna du esleiturik: “Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea”.
Bada, eginkizun horren emaitza funtsean honako lan hauetan islatu da:
- Toponimia nagusiari dagokionez, Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 19ko 16/1989 Foru Dekretuaren bidez ofizialdu zituen zonalde euskalduneko herrien izenak. Geroxeago, Euskararen Kontseilu Aholku-emailearen Toponimia Batzordeak (1999 urtean) proposatuta, Nafarroako Toponimia, Hizkuntza Normalizaziorako Irizpideak eta Herrien Izendegia liburua argitaratu zuen 2000 urtean. Geroztik, eskariak izan ahala aldaketak egin dira Nafarroako Izendegian Gobernuaren hainbat foru agindu eta erabakiren bidez. Halaber, otsailaren 28ko 5/2018 FORU DEKRETUA, otsailaren 28koa, Nafarroako Gobernuak hartua, irizpideak ezartzen dituena Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko.
- Toponimia txikia dela eta, Nafarroako Gobernuak “Trabajos Catastrales S.A.”rekin kontratu bat egin zuen eta 1991. urtetik aurrera ikerketa lanak burutu eta 59 liburu argitaratu ziren Nafarroako herri guztietako zerrendak emanez, bakoitza bere mapan kokaturik. Horiek denak hainbat foru dekretu bidez ofizialdu ziren eta gaur egungo toponimia ofizialaren oinarria dira. Proiektu haren helburu nagusiak honako hauek izan ziren: Nafarroako lurralde osoan erabilera bizia zeukan toponimiaren altxor historiko-linguistikoa salbatzea; Euskaltzaindiak eman arauen arabera toponimia tratatzea; Nafarroako Gobernuaren mapa eta argitalpenetan gauzatzea eta kanpainan zehar bildutako materialekin ikertzaileendako fondo bat eratzea.
Bestalde, nazioarte eta Estatu mailan ere hainbat ebazpen, zuzentarau eta lege argitaratu dira aintzat hartzekoak direnak. Nazio Batuen Erakundearen 2003ko Ondare Kultural Ez-materialaren Zaintzarako Konbentzioa aintzat hartuta, Izen Geografikoen Normalizaziorako Nazio Batuen Bederatzigarren Konferentziak, ebazpen bidez, toponimoak ondare kultural ez-materialaren parte direla onartu zuen, 2007an New Yorken. Halaber, Europako Parlamentuko Kontseiluaren Zuzentaraua onartu zen, 2007an Bruselan, Europako Erkidegoan espazio informaziorako azpiegitura ezartzen duena (INSPIRE). Azkenik, Espainiako Estatuan, uztailaren 5eko 14/2010 Legea, azpiegitura eta geografia informaziorako zerbitzu eta azpiegituren gainekoa LISIGE).
Gainera, kontuan hartu behar da toponimia ez dela gauza egonkorra eta hainbat arrazoirengatik berrikusketa eta eguneratzea ere egin behar izaten dela, eta, azkenik, Nafarroan hainbat eragile daude beren jardunerako toponimia berariazkoa dutenak eta, horrenbestez, informazio kudeaketan eraginkorrak izatea ezinbestekoa da.