Podcastak
Erribera eta euskara
2022-02-23
Frogatua dago, Erdi Aroan, Erribera zabaleko zenbait tokitan euskara mintzatu zela. Erdi Aroa atzean utzita ere, euskara ez zen arrotz izan Nafarroako hegoaldean, artean Erresumako jende gehiena euskalduna zenean. XX. mendean, Euskaltzaindiko kideen artean hiru ziren Erriberakoak: Caparrosoko Celestino Peralta, Tuterako Jose Maria Iribarren eta Zarrakazteluko Marcelino Garde euskaltzain urgazleak.
10. ATALA | ERRIBERA ETA EUSKARA
SARRERA-KARETA
ESATARIA 1 - KIKE
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hamargarren atal honetan Erriberaz eta euskaraz mintzatuko gara.
Frogatua dago Erribera zabaleko zenbait tokitan euskara mintzatu zela Erdi Aroan; Aragoi ibai bazterreko herrietan, adibidez.
Erdi Aroa atzean utzita ere, euskara ez zen arrotz izan Nafarroako hegoaldean, Erresumako jende gehiena euskalduna zenean.
MUSIKA 1 Musika https://www.youtube.com/watch?v=8H2g4p6e_4w)
ESATARIA 1 - KIKE
XVI. mendean, adibidez, ohikoa zen Erriberako herrietan euskara entzutea, jende aunitz joana baitzen bizitzera Baxenafarroatik, Zuberoatik, bai eta Nafarroako beste alde aunitzetatik ere.
Horren haritik, oso interesgarria da Zamorako Pedro Lopez jaunaren gaineko auzia. Tuteran bizi zen eta Erresumako albaitari nagusia izateko eskaera egin zuen. Iruñeko albaitarien kofradiak kontra egin zion, hainbat arrazoi zirela medio:
EFEKTUA Azienda (behiak, txerriak, ardiak….)
ESATARIA 2 ANER + TESTIGANTZA
“Jaun horrek ezin du kargua bete, ez baita Erresuman sortua, ez da Iruñean bizi, eta ez du lurraldeko hizkuntza ulertzen, Erresumako zatirik handiena euskalduna baita eta euskaraz eman behar du informazioa”.
ESATARIA 1 - KIKE
Kofradiak adierazi zuen, halaber, jaun horrek euskaldunekin hitz egiten zuenean, interpretearengana jo behar izaten zuela, euskaldunek euskaraz esandakoa erromantzez azaltzeko.
Auzi berean, Tuterako nekazari batek horixe bera berretsi zuen:
ESATARIA 2 ANER + TESTIGANTZA
“Euskaldun batzuek abereak eramaten dizkiote, senda ditzan, baina halakoetan, lan handia izaten du, ez baitie ulertzen, eta interprete bila hasi behar izaten du. Horregatik, lan gutxiago izanen luke, euskaraz mintzatzen baleki, bere etxera joaten direnei arreta egiteko”.
MUSIKA 1 (Musika https://www.youtube.com/watch?v=8H2g4p6e_4w)
ESATARIA 1 - KIKE
Joan Amendux iruindarrak euskarazko elegia bat idatzi zuen XVI. mendean. Txikitan umezurtz gelditurik, osaba mediku batek hazi zuen Valtierran. Tuteran ikasi zuen idazten, irakurtzen eta zenbatzen.
Pentsatzekoa da Erriberan bizi izan zenean euskaraz mintzatuko zela osabarekin, ahaideekin eta, beharbada, beste pertsona batzuekin. Bestela nekez uler daiteke nola eutsi zion euskarari eta nola idatzi zituen euskaraz hain ongi bere barneko sentimenduak, handik urte batzuetara.
MUSIKA 1 GORA – 2.00” – 2.55” “Hemen natza ehortzirik, …”
MUSIKA 2 Cuckoo's Nest - Nat Keefe & Hot Buttered Rum
ESATARIA 1 - KIKE
XIX-XX. mendean, Erriberako hiru euskaltzale dira nabarmentzekoak, hirurak ere Euskaltzaindiko urgazle izendatuak.:
Horietako bat Celestino Peralta Kaparrosokoa, fraide kaputxinoa. Bernardo de Arrigarai izengoitia erabiltzen zuen. Haren omenez, Tuterako AEKko euskaltegiaren izena Arrigarai da.
Marcelino Garde Zarrakazteluko semea da bigarrena. Han bertan hasi zen mutikotan euskara ikasten, eta bere kontura sakondu zuen. 1964an izendatu zuten euskaltzain urgazle, Erronkaribarko euskararen alde egindako lanagatik.
Hirugarrena, Jose Maria Iribarren tuterarra, erdal idazle emankorra. Lanen artean, Vocabulario Navarro eta Adicciones al vocabulario navarro daude. Honatx Tuterako idazleak hitzaurrean idatzitakoa:
ESATARIA 2 ANER + MUSIKA TESTIGANTZA
“Zentzugabekoa litzateke lan honetatik euskal usaineko hitzak baztertzea. Ni saiatu naiz biltzen gaztelania duela ehun urtetik gora hitz egiten den lekuetan oraindik ere erabiltzen diren euskal hitzak. Zenbaitetan, zalantza izan dut sartu edo ez euskal hitz garbiak; baina sartu egin ditut, jakingarriak baitira euskararen atzerakada aztertzeko, bai eta gaztelaniaren menpeko tokietan euskal hitzen iraunkortasuna aztertzeko ere”.
BUKAERAKO KARETA
Horrenbestez, hamargarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.