Podcastak

“Euskeraren Adiskideak” elkartearen lana

2022-02-23

“Euskeraren Adiskideak”, Iruñean 1920ko hamarraldian sortutako elkarte euskaltzalea izan zen, ideologia zabaleko askotariko jendeak osatua. Euskararen alde hamaika ekitaldi antolatu zituen, besteak beste, sariketak, euskal festak eta jaialdiak. Elkarte honi ere zor zaio, 1931n, Iruñeko lehen euskal eskolaren sorrera.

8. ATALA | EUSKERAREN ADISKIDEAK

SARRERA KARETA

Ongi etorri entzule. “Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Zortzigarren atal honetan, Iruñeko “Euskeraren Adiskideak” elkartearen lana izanen dugu solasgai, gerra aurrean euskal kultura buru-belarri zabaltzen aritutakoa.

Igo sintonia

“Euskeraren Adiskideak” elkartea XIX. mendeko “Euskara” Elkargoaren oinordekoa izan zen. Hau da, nafar euskaltzaleek berriz ere euskararen aldeko elkarte bat sortu zuten eta, “Euskara” elkargoan bezala, Arturo Campion bultzatzaile nagusietako bat izan zen.

1925ean sortua, ehun bazkide baino gehiago izan zituen, pentsamolde askotako jendea; tartean, Jenaro Larrache, handik gutxira, Iruñeko alkatea izanen zena. Garai hartako Nafarroako gizon-emakume euskaltzale guztien bilgunea izan zen.

MUSIKA1 EUSKAL MUSIKA (Espatadantza) http://www.dantzatlas.navarchivo.com/eu/node/176

Elkarteak era askotako ekitaldiak egin zituen, hala nola lore-jokoak, euskal jaiak eta literatur lehiaketak; halaber, haur euskaldunei sariak ematen zizkieten. Iruñean bertan, Euskararen Eguna antolatu zuten, 1930ean. Euskal jaiak, berriz, herri aunitzetan: Auzan, Auritzen, Lekarozen, Otsagin, Orotz Betelun, Leitzan, Berroetan, Erronkarin, Espartzan, Ezkarozen, Jaurrietan.

EFEKTUA Eskolako txirrina eta umeen zarata. Hirugarren paragraforaino mantendu, ongi gelditzen bada.

Patioko giroa https://www.youtube.com/watch?v=sf6jd2AxuUY

Munta handiko asmo bat ere abiarazi zuten, hots, Iruñeko lehen euskal eskola edo ikastola, 1931n irekia. Hasieran, Bigarren Zabalguneko Karlos III.aren etorbidean, 30 ikaslerekin.

Ekimen hartan eta beste batzuetan, gogotik aritu ziren Iruñeko hiru emakume, hirurak ere irakasleak: Catalina Alastuey, Julia Fernandez Zabaleta eta Maria Viscarret Nabaz.

Ikasturtetik ikasturtera ikasle kopurua handitu zenez, ikastola Eskolapioen ikastetxera aldatu zen. Baliteke 150 ikasle izatera iritsi izana, hiru urtetik bederatzira bitartekoak.

Azken ikasturtea 35-36koa izan zen, eta andereño hauek aritu ziren: Maite Saizar tolosarra, Katalina Astibia leitzarra, Felisa Almandoz erantsundarra, eta Miren Elizondo nahiz Albertina Azkarate iruindarrak.

Ikasgela barneko lanaz gain, nabarmentzekoa da eskolaz kanpoko jarduerei garrantzi handia eman zitzaiela.

Elkartean ere Aingeru Irigaray mediku eta idazlea aritu zen buru-belarri lanean. 1933an idazlan bat plazaratu zuen elkartearen helburu eta ekintzez nahiz euskararen egoeraz, euskararen muga Nafarroan non zegoen zehaztuta. Honatx aitzin-solasaren puska bat:

ESATARIA 2 + MUSIKA TESTIGANTZA

“Nafarroa-ko 'Euskeraren adiskideak' deritzaion elkarteak dei egiten dizu zuri, euskalduna, eta eskatzen diru pitin bat, xentimo bat bakarrik egunean, euskara pizten laguntzeko. Aski da su gutxi bihotzean, halako ezdeuskeri bat emateko! Guk, ordea, laguntza ñimiño hori bera, zuk bezala milek egiten badigute, lan ederra egin dezakegu gure euskara ederraren alde. Zatoz bada gugana! eta gutarik baldin bazara, otoi! gaur berean egin ezazu beste adiskide bat!".

ESATARIA 1

1936ko altxamenduak, ordea, mugimendu hura errotik eragotzi, eta ikastola itxiarazi zuten, Nafarroan zeuden beste bi ikastolekin batera; Elizondokoa eta Lizarrakoa, hain zuzen.

IRTEERA KARETA

29 urte behar izan ziren hurrengo ikastola irekitzeko, Iruñeko Pozoblanco karrikan, beste belaunaldi batek bultzatua.

Horrenbestez, zortzigarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.