Podcastak
Bidankozeko Mariano Mendigatxaren ekarpena
2022-02-23
Mariano Mendigatxa (1832-1918) Bidankozen sortutako nekazaria izan zen. Ederki egiten zuen euskaraz eta idazteko nola halako erraztasuna bazuen. Idazkien artean itzulpen bat edo beste ere egin zuen. Bonaparte hizkuntzalariaren laguntzailea izan zen, bai eta Azkuerena ere. Azkueri bidalitako gutunak dira nabarmentzekoak, dela erronkarieraren lekukotasuna direlako, dela Bidankozeko ohitura eta usadio anitzen berri ematen dutelako.
6. ATALA | BIDANKOZEKO MENDIGATXAREN EKARPENA
SARRERA-KARETA
ESATARIA 1 – KIKE
MUSIKA1 BIDADOR HASIERATIK (0.38 minutuan esataria bat hizketan hasten da. Musika azpian)
ESATARIA 1 -
Mariano Mendigatxa Ornat Bidankozen sortu zen, 1832an. Bidankoze Erronkaribarko zazpi herrietako bat da. Euskara etxean bertan jaso zuen, jakina.
Ederki zekien euskaraz mintzatzen, erronkarieraz. Egun, euskalki hori desagertua da, baina garai hartan euskara Erronkaribarko hizkuntza nagusia zen.
GRABAZIOA 1 Erronkarieraz hizketan
Hainbat hizkuntzalarik jo zuten berarengana Erronkariko euskara aztertzeko, eta Mendigatxa eskuzabaltasun osoz aritu zen lankidetzan haiekin guztiekin, nekazaritza lanak sekulan alde batera utzi gabe.
MUSIKA Guelbenzu
Lehenbizikoa, Luis Luziano Bonaparte printze ospetsua izan zen. Bonapartek hainbat bidaia egin zituen euskal lurraldera eta euskalkien gaineko mapa ezaguna egin zuen, 1863an.
Bidaia haietako batean, Bidankozera iritsi eta, han, bi laguntzaile bikain aurkitu zituen.
Bata Prudentzio Uhalde herriko apeza, eta bestea, gure Mariano. Uhaldek hainbat testu euskaratu zituen, Bonapartek eskaturik.
Printzeak deiturik, Mariano Donibane Lohizunera joan zen uda batez, mandoz, mendiz mendi.
EFEKTUA mandoa arrantza (rebuznos de asno)
Han, Bidankozeko semeak erronkarierari buruzko gauza anitx erakutsi zizkion Bonaparteri, hala nola aditza, hitzak eta beste.
Uda hartakoa da Bonapartek Mendigatxari egindako argazki ospetsua, Erronkariko janzkerarekin jantzirik ageri baita.
MUSIKA 3
Handik urte batzuetara, Arturo Campion euskaltzale handiak ere Mendigatxarengana jo eta Orreaga izenburuko balada Erronkariko uskaraz emateko eskatu zion.
XX. mendearen hasieran, berriz, Azkue hizkuntzalari entzutetsuak eskatu zion laguntza.
Zuberoako Santa Garazin elkar ezagutu eta hamalau urtez aritu ziren elkarlanean, Mendigatxari indarrak ahitu arte, hain zuzen ere, jada adinekoa baitzen.
Horrela, Azkuek eskaturik, Mendigatxak gutun anitx igorri zizkion Bidankozeko euskara, bizimolde, ohitura, usadio eta ospakizunen berri emateko.
Mendigatxa, hortaz, uskaraz mintzatzeaz gain, euskaraz idazteko gauza ere izan zen.
Gutun horietako batean, Marianok Azkueri kontatzen dio kontatzen dio bilobei euskara irakasten saiatu zela, baina alferrik:
ESATARIA 2 GAIZKA + MUSIKA TESTIGANTZA
“Ene Jein ona: onki nago osagarriz. Tenpra berian, aski sentimentureki erraiten daud ez naizala trebe llober uskararen ikasaraztra, ez baitey ñonere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, ez dokey ikas ñolako gisan”.
buKAERAKO KARETA (azpian)
ESATARIA 1 KIKE
Marianoren semeak euskaldunak ziren. Ez, ordea, bilobak, ikusi dugun bezala.
Mariano Mendigatxa Ornat 1916ko udan hil zen, 86 urte zituela.
Horrenbestez, seigarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.