Podcastak
Juan Beriain, Utergako euskal idazlea
2022-02-23
Juan Beriainek bi liburu idatzi zituen ele bitan, biak Iruñeko moldiztegi batean XVII. mendearen hasieran inprimatuak. Liburuen sarreretan idatzitakoak dira azpimarratzekoak: batetik, berak Iruñeko euskara moldean idazten duela, horixe baita Nafarroako Erresuman ulergarriena eta zabalduena; eta bestetik, munduko herri orok bere hizkuntza estimatu behar duela; Nafarroaren kasuan, euskara.
JUAN BERIAIN UTERGAKO EUSKAL IDAZLEA, XVII. MENDEA.
Juan Beriain Utergan jaio zen 1566an, Izarbeibarren (Nafarroa), Iruñetik 18 km-ra. Apaizgoan sarturik, lehenik, Etxagueko apaiza izan zen (Orba ibarra) eta, gero, Utergakoa bertakoa, 1602tik 1633an hil zen arte. Garai hartan, euskara jendearen hizkuntza nagusia zen, bai Utergan, bai inguru osoan, eta halaxe izan zen XIX. mendearen bigarren erdira arte.
Gure euskal idazleak bi liburu idatzi zituen ele bitan, euskaraz eta erdaraz, biak ere Iruñeko San Lorentzo elizaren atzeko karrikan zegoen Carlos Labayenen moldiztegi famatuan inprimatuak. Garai hartan, kale horri “cuchillería” erraten zitzaion erdaraz. Gaur egun, San Frantzisko kalea da.
Lehen liburua “Tratacenda nola ençunvear den Meza” da, 1621ean plazaratua. Beriainek berak azaldu zuen zer euskara moldetan idatzi zuen: “Nik Iruñean mintzatzen den euskara moldean idazten dut, Nafarroako Erresuma eta Apezpikutzako hiriburua baita, horixe baita euskaraz hitz egiten den eremuko toki gehienetan mintzatzen dena eta alde guztietan hobekien ulertzen dena”.
Hona hemen, hasierako zati txiki bat, gaur egungo moldean idatzia, Beriainek erabilitako euskararen erakusgarri:
“Gauza ziertoa da, eze gauza bat eginen badu pertsona batek, ongi behar duela jakin zer gauza den, eta nola behar duen egin, bertzela ez duela eginen, edo eginen duela gaizki, hala bada Meza ongi entzuteko, zeinetan baitira misterioak hain handiak, behar du jakin zer den, eta nola behar duen entzun; bertzela ez du entzunen ongi”.
Bigarren liburua, “Doctrina christiana” izan zen, 1626an inprimatua. Argi eta garbi azaldu zuen euskaraz idazteko arrazoia: “ez baita naziorik munduan, bere aberriko jatorrizko mintzaira estimatu ez duenik, eta eskoletan irakurtzen eta idazten irakatsi ez duenik […] Hori dela eta, bidezkoa da guk gure euskal hizkuntza estimatzea” […]. Hauxe ere gaineratu zuen: euskara “….gaur egun arte, Iruñeko Hiri arras Noblean kontserbatu da eta euskal lurralde guztian ere bai”.
Euskara, beraz, bizi-bizia zegoen garai hartan. Lekukotasun gehiago ere badira euskarak hiriburuan bertan XVII. mendean zuen indarraz. Adibidez, Iruñeko elizek berek emaniko datuen arabera, eliztar gehienek euskaraz egiten zuten aitormena. San Lorentzon erdiek baino gehiago; San Nikolasen, % 75ek; San Zerninen, % 90ek, eta Katedralean, % 95ek.
Hiriaren euskaltasunaren erakusgarri, Migel Iturbide iruindarraren testigantza ere aipatuko dugu, 1645ekoa. Santiago ordenako zalduna zen. Honatx haren hitzak: "Erresuma honetako jatorrizko hizkuntza euskara da, Mendialde guztietan, Tafallako Hiritik Pirinioetarantz, eta bereziki, Iruñeko Hiri honetan.”.