Podcastak

Entzierroari buruzko kronikak euskaraz (XX. mendearen lehen herena)

2022-04-13

Entzierroaz eta Sanferminez artikulu andana idatzi zuten zenbait kazetarik euskaraz Iruñeko prentsan, 1910etik aurrera artikulu sorta ederra plazaratu baitzen harat-honat hiriburuko erdal egunkarietan. Haien artean daude Jose Agerre, Enrique Zubiri Manezaundi eta, bereziki, Fermin Irigaray Larreko eta Agustin Irigarai Apat Lepazar. Azken honek, 1918an, euskarazko lehen artikulua idatzi zuen entzierroari buruz, arras idazki irrigarria, gainera.

19. ATALA - ENTZIERROARI BURUZKO KRONIKAK EUSKARAZ

SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta  gero azpian laguntzen )

Ongi etorri entzule.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Hemeretzigarren atalean, entzierroei buruz euskaraz idatzitako lehen kronikak ekarriko ditugu gure saiora.

------

Entzierroaz maizko idatzi zuten zenbait kazetarik euskaraz Iruñeko prentsan, 1910etik aurrera artikulu sorta ederra plazaratu baitzen harat-honat hiriburuko erdal egunkarietan.

“Nik ere egin behar diat behin bederen nire laster aldia zezenen altzinean!”, idatzi zuen Agustin Irigarai Apat Lepazar auriztarrak El Pensamiento Navarron, 1918ko uztailean.

Umorez kontatzen du zer gertatu zitzaion egun hartan:

“Estafetako karrikan… han zen yendeketa! Nik haatik beldur gutti; nire ondokoak, berriz, denak dardarka. Hontan, fiiist….pa! (sar daiteke hemen suziri hotsa?) Arrotxapeko atean. Murmur handi bat egin zen, orai orai heldu dira zezenak! Ni berriz tirripiti-tarrapata aztaleki ipurdia jotzen nuela, laster bai gero plazara.

(hemen entzierroko giroa, zarata…)

“Nahi izan banu ere, ez nuen denborarik gibelera begiratzeko, tira, altzina! Izerdi urean, hatsik gabe, oso itsuturik, doi-doia hurbildu nintzelarik plazara, halako batean hesian kopetaz jo, eta biribil-biribila lurrera erori nintzen. Ama maitea, hiltzear nago, salba nazazu! Zezenak gañean ditut... Hona hemen adarra! Eta nor zen? … poliziaren esku-makila ipurdian ziztatzen zidala, jabeak sumin ziolarik:

- Zalui jauzi emak bertze aldera, astozarra!- (beste ahots batek esan dezala)

“Eta zezenak bai gero oraindik Aiuntamentuko plazan!”.

Urte hartako Sanferminak iraganik, Lepazar kontent zegoen:

”Aurten jende arrotzek arras bete dituzte arrotz-etxe edo ostatu txiki, handi eta mota guztietakoak... Ostalariei irabazi on bat gelditu zaiote. Nahitaez egun guziak karrikan gaur-erdiraino. Hau da bizitzea!”.

Fermin Irigarai hiriko sendagile idazleak, ordea, bestelako ikuspegia zuen Sanferminez, Argia aldizkarian 1924an idatzitakoaren arabera:

“Gau eta egun jan eta edan, jauzi eta dantza, oihu eta karraxi, soñu txarrez harraboska. Aste huntan zer bestondo ilunak bazterretan! Zer sakel zimurrak!”,

Entzierroaren arriskuaz ere ohartarazi zuen 1927an:

“Ume nintzenean, gutiak ziren zezenen aitzinean trebe zirenak lasterka juateko eta orgatik bazuten leku. Baño azken urte oketan trebe direnek eta zezenek ere ez dezakete lasterrik egin; orgatik, orai egiten den bezala, erranen nuen, astokeri andia dela”.

 1935eko kronika batean, entzierroan gertaturiko heriotza baten berri eman zuen:

“Entzierro delako batean, Bustinduy Donostiako gazteari, adar-ukaldi bat eman bai zioten bularrean, larunbatean il zen Donostian, Jainkoa baitan bego. Emengo bere adiskide batzuek meza bat emanazi dute. Entzeirroai, orai, azken urte oketan egiten den bezala, ez da arrigarri gertatu dena gerta dadin. Leen, hortaratzen zirenak lasterkariak ziren eta gutiz gora bera, bazakiten nondik lasterka asi, zezenekin batio plazaratzeko”.

 ESATARIA 1 BUKAERA

Horrenbestez, hemeretzigarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.