Podcastak
Emakumeak XX. mendeko euskarazko prentsan: Perpetua Saragueta, Mikaela Labaien eta Feli Setoain
2022-04-13
Perpetua Saragueta mezkiriztarrak, Gerra Zibilaren aitzinean, hainbat argitalpenetan idatzi zuen: Pensamiento Navarron, La Voz de Navarran, Argian eta Baionako Eskualdunan. Mikaela Labaien leitzarrak ere Gerra aurrean hasi zen, Zeruko Argia eta Amayur astekarietan; eta gerra ondoren, Argia eta Plazaola aldizkarietan. Feli Setoain luzaidarrak Luzaide izenburuko parrokia-orrian hasi zen idazten 1960 aldean, eta gero, Nafarroako Diputazioak plazaratutako Príncipe de Viana aldizkarian, 1966tik aitzina.
18. ATALA - EMAKUMEAK XX. MENDEKO EUSKAL PRENTSAN. HIRU ADIBIDE: PERPETUA SARAGUETA (MEZKIRITZ), MIKAELA LABAIEN (LEITZA), FELI SETOAIN (LUZAIDE)
SARRERA KARETA
ESATARIA 1
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hamazortzigarren atalean, hiru emakume ekarriko ditugu hizpidera, hirurak ere XX. mendeko prentsan arituak.
IRTEERA KARETA
MUSIKA 1
Lehena, Perpetua Saragueta, mezkiriztarra, Erroibarkoa, 1905eko abuztuan jaioa.
Hamahiru senideetan zaharrena, gogotik egin behar izan zuen lana txikitatik, aita ezindua gelditu baitzen mendiko lan istripuaren ondorioz.
Nafarroako bigarren emakumea izan zen gidabaimena eskuratzen.
1929an hasi zen euskaraz idazten, oso emakume gutxik idazten zuen garaian:
GRABAZIOA Bere ahotsean ere badago, 1,57 > 2,10”
“Iduritu zitzaide gauze polite zela. Hala nere herriaren izena bederen jakinen zute(n). Nik nahi nue(n) nere herria puxkat altxatu, eta egin nue(n) iñala.» (
ESATARIA 1
Pensamiento Navarron, La Voz de Navarran, Argian eta Baionako Eskualdunan idatzi zuen, Txorrondo, Mendigibel eta Aritza izengoitiak erabilita.
Gerra-irabazleek ezarritako isilaldi luzearen ondotik, berriz idazteari ekin eta eskuidatzi aunitz ondu zituen, jada adinez aitzinera zihoanean, tartean “Indar aundiko emakumeak” izenburuko saila.
ESATARIA 2
“Euskal Errian ba ote da indar gabeko emakumerik? Baño galdera ori ez dut gorputzeko indartasunain gañean egiten, ez; nere galdera da animaren indartasunaz. Zetaik euskaldun erri ontan etorri da alako indartasun arrigarria emakume geienetan, berdin emakume elbarrituetan nola osasun azkarra duenean?”.
ESATARIA 1
Iruñean hil zen, 1986an. Ondotik, haren lan guztiak Euskaltzaindiak eta Euskarabideak plazaratu zituzten.---------------------------
Mikaela Labaien Lasarte Leitzan jaio zen 1914an. Txikitatik sortu zitzaion euskaraz idazteko zaletasuna.
Gerra aurrean hasi zen idazten, Zeruko Argia eta Amayur astekarietan, eta gero, Argia eta Plazaola aldizkarietan, azken hori Leitzan, 1980an sortua. Eskarnetxu eta Lilitxu izengoitiak erabiltzen zituen.
1931n idatzi zuen lehen artikulua, Amayur astekarian:
ESATARIA 2
“Agur Amayur izparringi honen egile eta irakurleei. Egunetik egunera zuen idazki bikañak irakurrita nire bihotza indartzen dijoan gar kixkalgarria da; hemen natorkizue zuen lan neketsu zailean, gogoz adierazi nahian laguntzaileak badituzuela, lehenbiziko aldiz Amayurren idaztera natorrela.”
ESATARIA 1
Bere azken urteetan, liburu bat idazten hasi zen euskaraz, baina bukatu gabe utzi zuen. 2008an hil zen.
Feliciana Setoain Arostegi, 1912an jaio zen Luzaideko Bitorianorenekoa etxean. Herrian, Hondarribian eta Uztaritzen ikasi zuen, maistra lanetan arituta.
Madril aldera bizitzera joana, alargundutakoan Luzaidera itzuli eta 2008an hil zen. Piano-irakaslea, musikazalea eta Euskal Herriko herri musikaren biltzailea izan zen.
Feli bere herriko “Luzaide” izenburuko parrokia-orrian hasi zen idazten 1960 aldean, eta gero Nafarroako Diputazioak plazaratutako “Príncipe de Viana” aldizkarian, 1966tik aitzina.
Hain zuzen ere, aldizkari horretan idatzitako kroniken artean, “Aita Moises Domenzainen oroitzapenetan” izenburukoa dago, 1969an Japoniara bere lehengusu misiolaria ikustera joateko egindako bidaia kontatzeko, handik gutxira hila.
Misiolaria Hiroshiman bizi zen.
ESATARIA 2
“Izan ginen Hiroshiman, bonba izigarriaren ondorioetarik eri direnak sendatzeko amerikanoek egina duten ospitalean. Gain hartarik, peko aldean ikusten ahal ginuen hedatua hiri berria”.
Feli Japonian barna ibili zen:
ESATARIA 2
“Hori zen nire aspaldiko ametsa! Han ikusi ditut gauza miragarriak”.
ESATARIA 1 + IRTEERA KARETA
Feliciana Setoain Arostegi 2008an hil zen.
Horrenbestez, hemezortzigarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.