Podcastak

Príncipe de Viana euskarazko aldizkaria

2022-04-13

Nafarroako Diputazioaren Euskeraren aldeko Sailaren ekimenen artean, Principe de Viana euskarazko aldizkaria aipatu behar da. 1966tik aurrera 7.000 ale banatu ziren doan beste horrenbeste etxetan. Gai asko jorratzen ziren, herriz herriko albisteekin batera beste anitz ere, begirada 60ko hamarkadan gertatzen ari ziren aldaketa handietan pausatuta. Gazteei ere lekua utzi zitzaien “Arnas Berri” izeneko atalaren bidez, indar handiz zetorren belaunaldiari ahotsa emateko.

17. ATALA - PRINCIPE DE VIANA EUSKAL ALDIZKARIA

SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta  gero azpian laguntzen )

Ongi etorri entzule.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Hamazazpigarren atalean, garrantzi handiko euskal aldizkari bat izanen dugu mintzagai: Principe de Viana.

Nafarroako Diputazioak Euskeraren aldeko Saila izeneko erakundea sortu zuen 1957an, euskararen ataka gaiztoari aurre egiten saiatzeko.

Urte sail luzean, euskararen aldeko hamaika ekitaldi antolatu zituen: bertsolari txapelketak, haur euskaldunendako sariak, euskal bestak, ikastolen aldeko ahalegina.

Ekimen guztietan aipagarrienetako bat, Principe de Viana euskal aldizkaria, 1966ko otsailean lehendabizikoz plazaratua, hizkuntza idatzia euskaldunengana hurbildu nahian.

7.000 ale banatzen ziren doan beste horrenbeste etxetan.

Aldizkariak hamaika kolaboratzaile izan zituen: Mariano Izeta elizondarra, Jose Maria Satrustegi arbazuarra, Felipe Araña arbizuarra, Joxe Angel Irigaray, eskualde guztietakoak.

Denen zuzendari, Pedro Diez de Ulzurrun Etxarte sendagile iruindarra, artikuluak Ikusle izengoitiarekin sinatzen zituena, Euskal Herriko kultur albisteen berri emateko.

“Joxe Mari Sanchez Carrion ´Txepetxen´ liburuak nafar euskararen iduri gordina, latza, gorria, gogorra, samingarria… eman digu 1970 honetan... Zu, Jose Mari Granadakoa zara, euskaldun berria, gure euskara maiten duzu. Eta hau dena ikusirik, eta gure euskera minbizi batek jota iduritzen bada ere, zuri eskerrak, Joxe Mari, nafar euskeraren Udaberria sumatzen dut berriro, baita Euskal Herri osoko euskeraren Udaberria ere”.

Aleak plazaratu ahala, aldizkaria gorpuztu zen, gai asko jorratuta, begirada 60ko hamarkadan gertatzen ari ziren aldaketa handietan pausatuta: euskara batua, Nafarroako industrializazioa, erlijio ildo irekiagoak, gizartea, bertsolaritza, kultur joera berriak, euskal kulturaren loraldia, eskualdeetako berriak, baina bestelako albisteen berri ere emanik.

Jose Maria Satrustegik, adibidez, gizakia ilargira iritsi izana kontatu zuen, “Bi gizon ilargian” artikuluan:

“Lehenbiziko aldiz bi gizonek ilargia ukitu dute. Eta ez ukitu bakarrik. Bi ordu eta erdiz ilargi gainean ibili dira. Garai bateko gizonek ez zezaketen sinets. Nork daki han zer gertatzen den, esaten zuten haiek. Guk geure begiz ikusi dugu. Moxkorrak bezala mugitzen ziren, globo arinak iduri zuten lurra ezin ukituz”.

Ez pentsa, munduko berriak ere ematen zituzten labur. 1966an, egoera ez zen gozoa:

“Vietnam: beti bezala, makurrago ez bada. Txinan ere aspaldi egosten hasiak dira Errusiaren kontrako babak. Kongo aldeko nahasketak, Indonesiako ezin egona. Asia beherean aski ez direla, orain Brasilen nahasmendua pizten hasia…. Ikatz-txondor gehiegi gaurko munduan. Ez dezala suak oihana harrapatu”.  

Adinez aitzina zihoazen eta adin erdiko euskaltzaleen ekarpen baliosekin batera, hilabetekari hura arras plaza aproposa izan zen luma gazte aunitz trebatzen hasteko, “Arnas Berri” izeneko atalaren bidez. Han aritu zen, besteak beste, Sagrario Aleman egungo euskaltzaina.

“Nafartar bulartsu batzuk (haien artean San Frantzisko Xabierren bi anai) Amaiurko gaztelura bildu ziren. Arma gutxi izanik, hamabi kainoi zekazkieten Nafarroan barrena gaztelura. Belaten, Gipuzkoako soldaduek kendu zizkieten.  Orain, kanoiak Gipuzkoako armarrian agertzen dira. Noiznahi da handik lekutzeko garaia, anai arteko egitate txar horren oroigarri baitira”.

Honenbestez, hamazazpi alea entzun duzue.