Podcastak

XX. mende hasierako literatura mugimendua

2022-04-13

XX. mendearen hasieran berpizkundea gertatu zen euskal kulturan, literaturan, irakaskuntzan, prentsan. Nafarroako Diputazioak, adibidez, Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen. Iruñean bertan, Euskararen Adiskideak elkartea sortu zen. Nafarroako idazleen artean, Fermin Irigaray Larreko auriztarra, Jose Agerre eta Alexander Tapia Perurena iruindarrak eta Aita Damaso Intzakoa nabarmendu behar dira.

15. ATALA - XX. MENDE HASIERAKO LITERATUR MUGIMENDUA

SINTONIA 2 (Lehen planoan hasieran eta  gero azpian laguntzen)

Ongi etorri entzule.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Hamabosgarren atalean, duela ehun urte inguruko literatur mugimenduaz mintzatuko gara, hura oparoa izan baitzen benetan.

SARRERA-KARETA

ESATARIA 1 - KIKE

XX. mendearen hasieran berpizkundea gertatu zen euskal kulturgintzako arlo guztietan: prentsan, literaturan, gizartean. Eta Nafarroan ere bai.

Garrantzi handiko bi erakunde sortu ziren: batetik, Euskaltzaindia eta, bestetik, Eusko Ikaskuntza, eta hantxe egon zen Nafarroako Diputazioa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Diputazioekin batera, bai eta Gasteiz, Iruñea eta Baionako apezpikuak ere.

Bestelako erakundeak ere sortu ziren, hala nola Euskal Esnalea, Arturo Campionen zuzendaritzapean, eta Iruñean bertan, Euskararen Adiskideak, euskararen aldeko ekimenak egiteko.

Helduendako euskal eskolak ematearekin batera, euskal prentsa ere hasi zen loratzen. 

Aita Damaso Intzakoak, adibidez, bi aldizkari sortu zituen Iruñean, Arga bazterreko Kaputxinoen komentuan. Horietako bat “Zeruko Argia”, oraindik ere badirauena, “Argia” izenarekin.

Lehen zenbakia 1919ko urtarrilean plazaratu zen:

“Agur euskaldun kaletar eta baserritarrei, menditar eta itsas bazterrekoei.Hementxe gara. Baina zertara etorriak? Eguzkia deitzen diogun argiak lurrari ekartzen dion ona gure euskalerri maiteari ekartzera.”

Aldi berean, Nafarroako erdal prentsan euskarazko artikuluak plazaratzen hasi ziren, 1910etik aurrera.

Pablo Fermin Irigarai sendagile auriztarrak idatzi zuen XX. mendeko lehen euskal artikulua Iruñeko erdal prentsan, La Tradición Navarra egunkarian, hain zuzen. 1910ean.

Honatx artikuluaren pasarte bat:

“Bizpahiru egun aski polita egin onduan, berriz hasi da euria, ez dakit noiz artio… Halley kometak bere buztanekni idortuko al ditu bazter guziak”.

Saturnino Ibarrola iruindarrak “El Eco de Navarra” egunkarian hasi zen artikuluak idazten. Esate baterako,

“Urbasako mendietan kalte handiak egiten ari dira otsoak. Aurten, askotu dira, eta haran haietako jendeka kezkan daude otsoak artalde tartean sartuko ote diren. Lehengo egunean, Urbasa aldekoek batzaldi bat egin zuten eta guztiak bat etorri ziren  leku haiek otsoez garbitzen dituztenak saristatzeko”.

Artikulugile saldo bat aritu zen, hangoak eta hemengoak. Emankorrena, Jose Agerre jauna, Iruñeko Dormitaleriakoa. Hasieran, Diario de Navarran idatzi zuen. Bat Iruñean egindako batzar handi bati buruz, Madrili eskatzeko behingo eman zezala harresiak botatzeko baimena, Iruñea berriari tokia egiteko.

“Jendeketa gaitza bildu zen Euskal Jai pelotatokian. Erran daike Iruña osoa atxikia zela eta mukuruz beterik zegola… kartsuki eskatuz Iruñaren zabaltzea, behar beharra dugu ta. Badirudi bat edo bat setatzen dela Madriden Iruñaren zabaltzea eragozteko. Beste hiriei baimena eman zaie harresiak uzkailtzeko, botatzeko. Alperrikakoak izan dira eginiko ahaleginak eta, bizkitartean, Iruña gero eta itoago. Ala segitzekotan, Iruña gero eta gaizkiago biziko da ta au ezin jasanezkoa da”.

Mugimendu zabal hura errekara joan zen, 36ko uztailaren 18tik aurrera. Alexander Tapia Perurena Nabarreriako olerkariak hauxe iragarria zuen:

Nere anai maiteak, eta batez ere

euskerazko idazliak, har zazute nere

agur gartsua. Ara, negua etorri zaigu.

O! noiz ezereztuko dira bere

laño gogorrak?

Noiz garbituko da negu

luze au?

Noiz datorkikegu gure

askatasuna?

Au oñaze latza!

Gerra aroak ezarritako debeku eta beldurren gainetik, izan zen isiltasunean mintzo zenik, Irigarai sendagileak, Larrekok, isilean idazteari ekin baitzion etxe txoko minean, 1936tik 1940ra, Gerla urte, gezur urte liburua onduta, Iruñeko Pamiela etxeak 1993an plazaratua.

“… Debeku latza! Idatzi ez, mintzatu ez! Sarri, deiturak ere itzulikatu beharko… Hemendik aitzina inor ez da oroituko, hemen euskaldunik izan ote den ere…”.

Zorionez, gauzak bestela gertatu ziren eta, poliki-poliki, XX. mendeko bigarren erdian, bigarren loraldia hasi zen euskal kulturan. 

ESATARIA 1 BUKAERA

Horrenbestez, hamabosgarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.