Podcastak
XIX. mendea: atzerakada eta lehen ekimenak
2022-04-13
Euskarak atzera egin zuen XIX. mendean Nafarroako lurralde zabalean: Erdialdean, Iruñerrian eta beste zenbait lekutan, hain zuzen ere. 1800ean, konparaziora, artean ere Orbaibarren, Izarbeibarren eta Artaxoan mintzatzen zen. Handik ehun urtera, ordea, muga askoz ere iparralderago zegoen. Galeraz oharturik, euskararen aldeko lehen ekimenak sortu ziren. Lehena, Nafarroako Euskara Elkargoa.
14. ATALA IX. MENDEA: ATZERAKADA ETA LEHEN EKIMENAK
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hamalaugarren atal honetan, XIX. mendean pausatuko dugu begirada, euskarak sekulako atzerakada izan baitzuen. Baina, aldi berean, euskararen aldeko lehen ekimenak abiatu ziren.
Euskara 1800ean Nafarroako lurralde zabalean mintzatzen zen, artean ere Erdialdeko toki askotan. Orbaibarren, Itzarbeibarren, Artaxoan.
Handik ehun urtera, ordea, euskararen muga aunitzez ere iparralderago zegoen, itzalia baitzen oro har Iruñea eta Artaxoa bitarteko bazterretan, edota azken hiztunak adinekoak ziren.
Tartean, XIX. mendea, gerra eta krisi mendea, aldaketa handiak gertatu baitziren arlo guztietan, politikan, ekonomian, gizartean, hezkuntzan, euskararen transmisioa herri eta ibar askotan etenda.
Euskararen galera oso mingarria izan zen jende askorentzat baina aldi berean eragingarria gertatu zen euskararen aldeko lehen ekimenak abian jartzeko.
Euskararen atzerakada etengabeak sortutako mina ederki islatu zuen Arturo Campion euskaltzale iruindarrak “Erraondoko azken ttunttuneroa” liburuan.
Protagonista Pedro Fermin Izko da, gaztetan Ameriketara joana eta zahartzaroan sorterrira itzulitakoa, hau da, Untzitibarrera. Joan zenean, bere herria, Erraondo, euskalduna zen. Itzuli zenean, ordea, herria erdaldundua zegoen, dena aldatua; ia bera zen azken euskalduna. Erdialdeko eta Iruñerriko herri txiki askotan gertatu zen bezala.
Hain zuzen ere, hizkuntzaren egoeraz kezkaturik, Arturo Campionek eta Iruñeko kultur arloko beste euskaltzale batzuek Nafarroako Euskara Elkargoa sortu zuten 1877ko udazkenean.
Honatx elkargoaren asmoak, 1878ko otsailaren 1ean, hiriburuko Mercaderes karrikako Lorda moldiztegian inprimatutako Euskara aldizkariaren lehen alean agertu bezala:
“Nafarroako ume zenbaitek, elkar aditurik, eragin dute bilgura bat, Nafarroako Euskarazko Elkargoa izendatzen dena. …Asmoak dira gordetzea, galtzera utzi gabe, eta hedatzea al daitekeen guztian euskarazko mintzaira… Munduko jakintsuek miragarria dela diote, eta hortxe dabiltza ongi ikasi eta jakin nahiez. Eta euskaldunak garenok galtzera utziko dugu?”.
Euskara Elkargoak eta elkarteko kideek ekitaldi asko abiarazi zituzten euskara sustatzeko, aldizkariaren bitartez euskararen aldeko kontzientzia pizteaz gain: besteak beste, euskal jaiak eta literatur lehiaketak.
Lehiaketak, zehazki, hainbat urtez antolatu ziren 1882tik aurrera, Iruñeko Udalaren bidez.
Eta euskal jaietan dantzariak, bertsolariak, kantaldiak, elizkizunak eta beste izaten ziren. 1880an, adibidez, Beran egin ziren.
Beste euskaltzale eta kultur eragile bat ere aritu zen euskal jaiak edo lore-jokoak antolatzen, hots, Anton Abadia euskal kulturaren mezenas izandakoa.
Abadiaren ekimenez, Berako bigarren lore-jokoak 1895eko abuztuan egin ziren hiru egunez. Egitaraua, ohi zenez, oparoa izan zen benetan.
Bada, Berako sariketara iritsitako lanen artean, Iruñetik igorritako bat zegoen, Frantzisko Santisteban jaunak “1793” izenburupean hiriburuko Calderería kaletik bidalia.
Berrogeita hamar bertso dira eta akaberan azken agurra ageri da: “Agur! neure euskaldun maitiak”, izena, data eta helbidearekin batera, hots, Francisco Santisteban, Calderería karrika 42, 3.
Oraingoz, ez dakigu gehiago egileaz.
Iruñeko Euskara Elkargoa 1897an desegin zen baina lanak hastera zihoan XX. mendearen hasierako euskal kulturgintzan eman zituen oparo fruituak