Podcastak
Artaxoa, herri euskalduna
2022-02-25
Artaxoa herri biziki euskalduna izan da XIX. mendea aski sartu arte. Anitz dira hori frogatzen duten lekukotasunak, toki-izenez gain. Horien artean aipagarria da Artaxoako gazte koadrila baten aurkako auzi bat, 1815ekoa. Horretan, Mendigorriko andre batek lekukotza garrantzitsu bat eskaini zuen: Artaxoako gazte haiek beren artean euskaraz mintzatzen ziren.
3. ATALA | ARTAXOA, HERRI EUSKALDUNA
SARRERA-KARETA
Ongi etorri entzule.
“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.
Hirugarren atalak Artaxoaraino eramanen gaitu, herri arras euskalduna izan baita mendez mende.
SINTONIA urtu
MUSIKA 1 TANGO DE LA NOCHE
ESATARIA 1 - KIKE
Artaxoa Nafarroako Erdialdean dago, Izarbeibartik hegoaldera, hiriburutik 35 bat kilometrora, Erriberatik hurbil.
Hain hegoaldean egonik ere, Artaxoako jendea gehienbat euskalduna izan da XIX. mendea ederki sartu arte.
Egungo toki-izenei begira, argi zegoen euskara mendez mende hitz egin zela herrian.
Azken urteotan, artxiboetako agiriak argira atera ahala, adituak ohartu dira, oso herri euskalduna izateaz gain, hizkuntzak uste baino askoz ere gehiago iraun zuela bizirik.
MUSIKA 2 Russian Dance
EFEKTUA Liburuen orriak pasatzen edo paperak
Agiri zaharrenetan, euskal goitizen andana ageri da.
ESATARIA 2
Ahozabala, Andia, Ardangrina (ardozaleari esateko), Borrokaria, Beltza, Sendoa, Zuria, Zalduna.
ESATARIA 1 KIKE
XVIII. mendekoak dira
ESATARIA 2
Bekokizuri, Juanikotxiki, Buruzuri, Kaskamotz, Sorginko, Gezurti, …
ESATARIA 1 KIKE
XIX. mendekoak:
ESATARIA 2
Buru andiko, Txipi, Gizonet, Puzkina, Zaborra, Ziria, Gizon, Burtxintx, …
ESATARIA 1 KIKE
Euskara galdu ondoren, toki-izen aunitz desitxuratu dira, baina oraindik ere bada sorta oparoa, ofizialak, gainera:
ESATARIA 2
Zugarralde, Otsondoa, Mairumendia, Landiturria, Olagorria, Gil-olibadia.
ESATARIA 1 KIKE
Herriko triku-harri ospetsuetako bat Farangortea da. Lehenago, Ferrangortea, edo Ferran izeneko baten ukuilua.
Herria lau zendeatan zatiturik egon zen XX. mendera arte, hots, Santxo Ortiz, Lope Rey, Erremagua eta Arizaldea edo Aitzaldea.
Erdi Aroaren bukaeran kale berri bat sortu zen behealdean, eta orduz geroztik, Barredinda esan zaio; beheko kalea, alegia.
Artaxoako harresiak ikusgarriak dira benetan. Bada, Zerkondoa eta Zerkopea, eta hainbat atari edo portale zeuden: San Migel, Erremagua, Aitzaldea, Mose Portalea eta Aziariz portalea.
MUSIKA 3 Bushwick Tarantella - Kevin MacLeod
Euskara bizi-bizirik zegoen XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran, hamaika agirik frogatu duten bezala.
Adibidez, Artaxoako Udalak berak eskribau euskalduna eskatu zuen 1790ean, lan horretan ari zena erdalduna zelako eta herrian ohiko hizkuntza euskara zelako.
1804an, Artaxoako Jose Perez eta Frantziska Iriarte senar-emazteek dibortzioko paperak egin nahi izan zituzten. Elizak Antonio Latorre izeneko eskribau euskalduna izendatu zuen auzi horretarako, herria euskalduna zelako.
Lekukotasunak aunitz dira. Azken bat ekarriko dugu hona, 1815ekoa.
MUSIKA 3 Bushwick Tarantella - Kevin MacLeod (1. minututik aitzina)
EFEKTUA: Pausuak, jendea korrika kalean, festa giroa
Mendigorriako festetan, istilu ederra gertatu zen Artaxoako eta Ziraukiko gazte koadrilen artean. Auzian, Mendigorriako lekuko batek adierazi zuen jende multzo bat zihoala lasterrean euskaraz mintzatzen, eta herrian erraten zela Artaxoakoak zirela.
Euskaraz ari ziren gazte haiek 18 eta 25 artekoak ziren. Haietako bat, Pablo Esparza, 1876an hil zen.
BUKAERAKO KARETA
Horrek guztiak arestian esan duguna jartzen du agerian: Artaxoako gizon-emakumeen hizkuntza nagusia euskara izan dela XIX. mendea ederki sartu arte.
Horrenbestez, hirugarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.