Podcastak

Izarbeibar, ibar euskalduna

2022-02-23

Euskara Izarbeibarko hizkuntza arrunta izan da XIX. mendearen bigarren erdira arte. Mintzairaren transmisioa, oro har, 1840tik aurrera eten zen, baina XX. gizaldiaren lehen hamarkadetan, artean ere bazen euskaldunik herri horietan, ahozko eta idatzizko lekukotasunek frogatu duten bezala.

11. ATALA |  IZARBEIBAR, IBAR EUSKALDUNA

SARRERA-KARETA

ESATARIA 1 - KIKE

Ongi etorri entzule.

“Euskara aleka” podcasta duzu hau. Gure hizkuntzaren gaineko printzak Nafarroan aleka banatzeko saioa, alegia.

Hamaikagarren atal honetan Izarbeibarren pausatuko dugu begirada, oso ibar euskalduna izan baita mendez mende.

MUSIKA 1 Malandragem - Quincas Moreira

Izarbeibar Iruñerritik hegoaldera dago. Hamar herri baino gehiago dira. Handiena, Gares. Gero, Obanos eta Añorbe. Eta haiekin batera, Adios, Biurrun-Olkotz, Eneritz, Legarda eta Muruzabal, bai eta Tirapu, Ukar eta Uterga ere.

Euskara ibarreko hizkuntza nagusia izan da belaunaldiz belaunaldi, hamaika azterlanek eta lekukotasunak frogatu bezala.

Izarbeibar ondoan, aspaldi-aspaldiko euskal testigantza idatziak daude, duela bi mila urtekoak, euskal jainko baten izena zizelkatua ageri baita bi aldare-harritan: Losae Ziraukin, eta Loxae Argiñaritzen.

Izen handiko euskal idazle bat ere eman zuen Ibarrak, hots, Juan Beriain Utergakoa. XVII. mendearen hasieran euskarazko bi liburu argitaratu zituena.

MUSIKA 2  Away - Geographer (1)

Dena den, azken bi mendeotan pausatuko dugu arreta. Adituen arabera, euskararen transmisioa 1840tik aurrera eten egin baitzen ibarrean.

1830 inguruko zenbait lekukotasunen arabera, Garesko gazteak oraindik ere euskaraz mintzatzen ziren haien artean.

Blas Macua izeneko lekuko erdaldun batek hauxe adierazi zuen Garesko hilketa-auzi batean:

ESATARIA 2 + TESTIGANTZA

“Espetxeko izkinatik pasatzean, zortzi edo hamar gizon gazte ikusi nituen euskaraz hizketan, baina ulertzen ez dudanez, ezin esan zertaz ari ziren”.

MUSIKA 2  Away - Geographer (1) Hasieratik (Desde el principio)

ESATARIA 1 - KIKE

Jakina, XIX. mendearen bigarren erdiak aurrera egin ahala, gero eta jende gutxiago zekien euskaraz hitz egiten Izarbeibarren.

Baina, XX. mendearen hasieran, artean ere bazen euskaldunik.

Josemari Satrustegi euskaltzain zenak kontatzen zuen bere aitonak Izarbeibarko jende euskalduna ezagutu zuela:

ESATARIA 2 + TESTIGANTZA

“Lurralde horretan oso berandu arte iraun zuen euskarak. Nire aitona 1881ean etorri zen mundura eta gazte denborako lanbideagatik ongi ezagutzen baitzuen Izarbe alde hori. Garesen euskara entzutearekin, bere etxean zegoela iruditzen zitzaion,  eta garestarren esaera zorrotzak kontatzen zizkigun hango mintzaira berezian”.

MUSIKA 2  Away - Geographer (1) Hasieratik (Desde el principio)

ESATARIA 1 - KIKE

 Nafarroako Uitzin hazitako Nikolas Ormaetxea euskal olerkariak hauxe kontatu zuen gutun batean.

ESATARIA 2 + TESTIGANTZA

“Ni hazi ninduten Uitziko etxearen jabea Gareskoa zen, Juana Josefa Otamendi, eta hura Uitzira etortzen zenean, euskaraz hitz egiten zuen gurekin”.

MUSIKA 2  Away - Geographer (1) Hasieratik (Desde el principio)

ESATARIA 1 - KIKE

1923an, Fermin Irigaray idazle eta mediku euskaldunak artikulu bat idatzi zuen Utergako azken euskaldunaz. Utergarrak hauxe kontatu zion:

ESATARIA 2 + TESTIGANTZA

“Gure gurasoek euskara egiten zuten haien artean. Ni anaia-arrebarik gazteena izanik ere, txikitan ikasi nuen. Gero, ordea, ez dut beste inorekin hitz egin eta hitz batzuk besterik ez dakit”.

MUSIKA 2  Away - Geographer (1) Hasieratik (Desde el principio)

ESATARIA 1 - KIKE

Gizona Celedonio Azkarate Arregi zen, 1927an hila.

MUSIKA 1 Malandragem - Quincas Moreira ( No sé si incluirla o mantener la anterior)

Azken lekukotasun bat ekarriko dugu, euskarak XX. mendearen hasiera arte iraun izanaren erakusgarri:

Bernardo Urabaien Ezkurra jaunaren ama, Mikaela Ezkurra, Izarbeibarkoa zen, euskalduna, eta Iruñerriko Belaskoainera ezkondu zen. Bernardo 1975ean hil zen eta gogoan zeukan amak txikitan emakume bati euskaraz esandakoa:

ESATARIA 2

- Ai, hau lana! 

ESATARIA 1 - KIKE

Eta besteak euskaraz  ere erantzun zion:

ESATARIA 2

- Bai zinez, bai!

ESATARIA 1 - KIKE

IRTEERA KARETA

Azken euskaldun haiek XX. mendean hil eta hamarkada gutxira, pare bat belaunaldira, euskararen aldeko mugimendua ere hasi zen ibarrean eta, gaur egun, bada jende euskaldunik Izarbeibarko herri guztietan.

Horrenbestez, hamaikagarren atala entzun duzue. Mila esker eta hurrengora arte.