Nafarroako euskalkiak
Iparraldeko goi nafarrera
Euskalkirik hedatuena dugu gaur egun Nafarroan, lehenago hegoaldeko goi nafarrera izan zen bezela. Honako herri eta ibarretan mintzatzen da: Arakil, Lakuntza, Arbizu, Irañeta, Arruazu, Larraun, Araitz, Bortziriak, Imotz, Basaburua Txikia eta Handia, Arano-Goizueta, Leitza-Areso, Ultzama, Anue, Malerreka eta Bertizarana. Herri gipuzkoar batzuk ere euskalki honetakoak dira.
Euskalki honen ezaugarriak ez dira oso homogeneoak eta bertako herri hizkerak aski desberdinak dira elkarren artean. Nolanahi ere, transmisio naturalari esker bizirik daude. Aspaldiko bada ere, ez du literatura mailarik erdietsi; horregatik, azpimarratzekoa da Sebastian Mendiburu apaiz gipuzkoarreren lana: eginahalak egin zituen euskalki honetan predikuak egin eta bere lanak idazteko.
Non mintzatzen da?
Gaur egun Nafarroako euskalkirik hedatuena eta mintzatuena da, nahiz eta historikoki hegoaldeko goi nafarrera izan zen. Gutxi gorabehera 35.000 hiztun ditu Nafarroan, honako herri eta ibarretan: Arakil, Lakuntza, Arbizu, Irañeta, Arruazu, Larraun, Araitz, Bortziri, Imotz, Basaburu txikia eta Handia, Arano-Goizueta, Leitza-Areso, Ultzama, Anue, Malerreka, Bertizarana…
Nafarroatik kanpora, Irun, Lezo, Oiartzun eta Hondarribian ere euskalki honetakoak dira.
Koldo Zuazok ibar hauetako hizkerak bi euskalkitan banatu ditu Erdialdekoan (Araitz, Larraun, Basaburua, Imotz…) eta Euskara Nafarrean.
Historia eta literatur erabilera
Iparraldeko goi nafarreraren eremu gehienean (Arakilen, Anue, Atetz eta Ultzama izan ezik) hizkuntzaren transmisio naturala ez da eten.
Euskalki hau aski ñabarra da: zenbait tokitako hizkerak asko aldentzen dira besteengandik; Sakanakoa, kasu, oso euskalki berezia baita eta Nafarroako gipuzkeraren antz handikoa.
Iparraldeko goi nafarrerak hutsaren hurrengo erabilera idatzia izan du, erlijiozko literatura narras batez kanpora. Baditu, izan, aspaldi xamarreko lekukotasunak, baina ez dira, ez hurrik eman ere, beste euskalkienekin konparatzekoak, ezta hegoaldeko goi nafarrerarenekin ere.
Salbuespena Sebastian Mendiburu da. Idazle hau Gipuzkoako Oiartzun herrian jaioa zen, baina herri horretan iparraldeko goi nafarrera egiten da Luis Luziano Bonaparteren sailkapenaren arabera. Gainera urte askotan misiolari ibili zen Nafarroako herrietan eta berariaz Nafarroako euskaraz idatzi zuen bere obra mardula.
Hiztegi erkatua
Iparraldeko Goi Nafarrera | Batua | Hegoaldeko goi nafarrera |
Lotsa | Lotsa | Alkea |
Illea | Ilea | Biloa/illea |
Belarrie/bearrie | Belarria | Biarrie |
Lañoa | Lainoa | Lañoa |
Ordue | Ordua | Ordua/ordue |
Burnie | Burdina | Burdina |
Ostirela/ortzirela | Ostirala | Ortzilaria/ortzileria |
Bost/bortz | Bost | Bortz |
Iru | Hiru | Iru |
Arratorea/arratoia | Arratoia | Arratoia |
Larogei/lautanogei | Larogei | Lauetanogei |
Ongi etorri | Ongi etorri | Ongi etorri |
Esan/erran | Esan | Erran |
Gara | Gara | Gara |
Gizon au | Gizon hau | Gizon gau/au |
Euskalkiaren ezaugarriak
- I-ren atzeko asimilazio bustidura orokorra da: (aditz laguntzailean ere: ttuzu ‹ dituzu, ttugu ‹ ditugu).
- Bokal harmonia (dirua ‹ dirue, ogia ‹ ogie) oso hedatuta dago.
- Oso maiz gertatu da aditzek hasierako bokala galtzea (aferesia): (baki ‹ ebaki).
- Joan, jarri, jende… bezalako hitzetan, hasierako soinua bai j- eta bai y- ebakitzen da.
- Euskalki honetan guztian, pluralean ez da bereizten nor eta nork (-ak / -ek).
- Iparreko goi nafarreraren eremu handi batean instrumentala -s da (batua -z).
- Nor-Nori-Nork adizkietan -it- pluralgilea erabiltzen da (ditio, ditit… etab, batuaz dizkio, dizkit etab).
- -n bukaera duten aditzetan (egon, izan…), -en erabiltzen da geroaldiko formarako. Herri askotan -ain, -oin ebakitzen dira.
- -ote- erabiltzen dela -e-ren ordez: diotet ‹ diet, zioten ‹ zien, zaiote ‹ zaie.
- -n bukaera duten zenbait aditzetan -iten, tankerako aditz izenak osatzen ditu (-tten gisara ebakiak): izatten, ematten, egotten, eramatten.
- Nor-Nori, sailaren lehenaldian (zitzaion etab). Ultzama, Imotz eta Sakanan -ki- erroa erabiltzen da -tza-ren ordez: (zekion / zakion, eta ez zitzaion).
- Nor-nork eta nor-nori-nork sailak nahastea maiz gertatzen da.
- -lako kausa atzizkiak lako(t)z (eta -lakos) aldakiak ditu.
- Eskualde batzuetan -larik(an) atzizkiak -nean lekutu du bere denbora funtzioetatik.
- Zenbait hitz ekialdekoagoak izaten dira, nahiz eta gehienetan mendebaldeko formekin lehian erabiltzen diren: guti ‹ gutxi, bertze ‹ beste, erran ‹ esan…
Da gañea, aittu izandut gorostin ori, ta igoal añen zea izaan da, bearrezkoa izân da, txorin zeatik, barrendik pasatzea azie txorik jerminatzeko, bestela ola erorite eztiela ateratzen. Igoal orrengatik ain gutxi ikusten izân da zenbait lekutan da bestetan, berriz, kontzentrazio aundie… kakitten da an aitzen dielako.
Euskara batua
Eta gainera, entzun izan dut gorostien hori, eta agian haginen zera izanen da, beharrezkoa izanen da, txorien zeratik, barrendik pasatzea hazia txoriek ernetzeko, bestela hola erorita ez direla ateratzen. Agian horregatik hain gutxi ikusten izanen da zenbait lekutan eta bestetan, berriz, kontzentrazio handia… kaka egiten eta han aritzen direlako.
Gaztelera
Y además he oído que eso de los acebos, y, quizá, lo de los tejos, que será necesario, por eso de los pájaros, que los pájaros tienen que pasarlo por dentro para que germinen. De otra forma caen al suelo y no germinan. Quizá por eso se verán tan pocos en algunos sitios, y tan gran concentración en otros… porque ahí andan haciendo caca.