Albisteak

Topaketa Nafarroako Erriberako gizarte-eragileekin, euskararen inguruan

2026-02-24

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak gobernuaren hizkuntza-politikaren lerro estrategikoak aurkeztu dituzte Tuteran

Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria eta Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea berriki Tuteran izan dira Nafarroako Erriberako hainbat herritako gizarte-eragileekin. Bileran, hainbat proposamen partekatu eta eztabaidatu dituzte, euskarak Nafarroako aniztasun sozialaren testuinguruan kultura eta bizikidetzako elementu gisa duen balioari buruz.

Topaketan, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikaren lerro estrategikoak azaldu zituzten eta ‘Gora-Gora Fest!’ kultura-zikloari buruzko berriak aurkeztu. Ziklo hori adingabeei eta familiei zuzentzen zaie, eta azken edizioan Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako 33 herritara iritsi da. Halaber, ‘Sarean euskaraz’ eta ‘Musikariak Ikastetxeetan’ programetan parte hartzen duten eskualde horretako Bigarren Hezkuntzako A eta D ereduetako ikasleendako proposamen berriak azaldu zituzten.

"Euskara cara a cara" podcast berria ere aurkeztu zuten. Podcast horren bidez, euskara modu atsegin eta dibertigarrian hurbildu nahi zaie euskararekin ia harremanik ez duten pertsonei.

Bilera irekia zen, bertaratutakoen proposamenak biltzeko asmoz egina, eta berrogeita hamar pertsona inguruk parte hartu zuten, besteak beste herri hauetakoak: Ablitas, Zarrakaztelu, Caparroso, Cascante, Castejón, Cortes, Fustiñana, Ribaforada, Alesbes eta Tutera. Eragileek aktiboki parte hartu zuten ondoren izan zen eztabaidan.

Ollo lehendakariordeak azpimarratu zuen beharrezkoa dela Administrazioak eskaintzen duen euskarazko arreta hobetzea. Gaur egun, 100.000 nafar inguruk dakite eta erabiltzen dute euskara; Nafarroako lau gaztetik batek hitz egiten du euskaraz, eta lautik batek A ereduan ikasi du, euskara irakasgai gisa izanda. Administrazio publikoan 823 plaza elebidun izatea lortu da, guztizkoaren % 5 gutxi gorabehera, kontuan hartu gabe irakasleak edo izendapen askeko lanpostuak. Era berean, euskara merezimendu gisa baloratzen den plaza kopurua igo da, eta gaur egun 8.078 lanpostu dira. Hala ere, Ollok aitortu zuen lanpostu horietako bat ere ez dela eremu ez-euskaldunekoa eta, beraz, egoera hori aldatzeko lanean jarraitu beharra dagoela. 

Bestalde, lehendakariordeak nabarmendu zuen garrantzitsua dela erkidegoko berezko bi hizkuntzak aitortzea, gero eta pluralagoa eta askotarikoagoa den Nafarroako gizartearen kohesiorako elementuak izan daitezen. "Euskarak bizikidetza balio bat izan behar du nafar guztiontzat, euskaldunak izan ala ez. Eta premisa horretatik abiatuta lan eginen dugu", azpimarratu zuen Ollok.

Hitzarmenak eta deialdiak

Bestalde, Javier Arakamak iragarri zuen 27 hitzarmen sinatuko direla 2026an, Nafarroako 30 eragile eta erakunde baino gehiagorekin, euskara sustatzeko eta aztertzeko; horietako hiru tokiko ekintza-taldeekin sinatu dira, eta haiei esker euskara sustatzeko eragileak kontratu ahal izan dira. Era berean, iragarri zuen hitzarmen bat sinatuko dela Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, 2026/2027 ikasturtetik aurrera euskarazko titulu propio bat ezarri ahal izateko, zeina euskararen berreskurapen sozialerako eta sustapenerako hizkuntza-plangintzara bideratuko baita.  

Arakamak Euskarabidearen laguntza publikoen deialdiak errepasatu zituen: toki-entitateei, elkarteei, lantokiei eta komunikabideei zuzenduak, bai eta euskararen irakaskuntzara zuzendutakoak ere. 

Euskarabideak bultzatzen dituen kanpainei dagokienez, Nafarroako Gobernuko arduradunek helduei zuzendutako euskara ikasteko kanpaina nabarmendu zuten, eta azpimarratu zuten ikasturte honetan matrikulazioa % 32 handitu dela Nafarroa osoan, eta A1 mailan % 54 igo dela, maila horretako matrikula % 100 finantzatzeko ematen diren laguntzei esker, besteak beste. Tuteran ere nabarmen igo dira matrikulak Arrigarai euskaltegian: aurreko ikasturtean 101 ikasle zeuden, eta ikasturte honetan, aldiz, 140 dira. Era berean, iragarri zuten datorren ikasturtean A2 maila ere doakoa izanen dela.

Familiei zuzendutako kanpainei buruz, azpimarratu zuten euskara pixkanaka hedatzen ari dela Erdialdean eta Erriberan, eta azken 10 urteetan D ereduan hamabost lerro berri ireki direla Nafarroan. Horiei beste lerro bat batuko zaie, datorren urtean Faltzesko ikastetxe publikoan irekiko dena, hain zuzen ere.

Lankidetza

Ollo eta Arakama euskararen sustapenerako, erakundeen eta herritarren arteko lankidetzaren alde mintzatu ziren, eta sentsibilizazio-kanpainen eta ordezkari politiko eta instituzionalen mezu positiboen garrantzia azpimarratu zuten.

Eragileek eskertu egin zuten Euskarabidearekin egindako bilera eta aldizka horrelako topaketak egiteko konpromisoa ere. Haietariko batzuek adierazi zuten ez zeudela ados egungo arau-esparruarekin, eta eskualdean euskara garatzeko dauden zailtasunak aipatu zituzten. Hala ere, euskara normalizatzeko zenbait esperientzia arrakastatsu aipatu zituzten, kultura eta aisialdiaren arlokoak.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora