Albisteak

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen sustapenean lankidetzan jarraitzeko Hiruko Ituna berritu dute

2026-05-14

2026-2030 urteetarako indarrean egongo den protokoloak hezkuntzan, aisialdian, eremu sozioekonomikoan, kirolean edo ikerketan euskararen sustapena bermatzea du helburu

Euskararen sustapena ardatz, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Hiruko Ituna berritu dute, mugaz gaindiko lankidetzaren bitartez hizkuntzaren ezagutza eta gizarte erabilera bultzatzen jarraitzeko ekintzak gauzatzeko helburuz.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariorde bigarrena eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak, eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Maider Behoteguyk hiru erakundeen arteko 2026-2030 urteetarako lankidetza protokoloa berritu dute euskararen sustapenean elkarlanean jarraitzeko. 

2017ko uztailaren 3an, Iruñean sinatu zuten hiru erakundeek lehenengo Lankidetza Hitzarmena. Elkarlan horren eraginkortasuna eta balioaz jabetuta, lan amankomuna egin eta bultzatzeko asmoa berritzea adostu dute orain. 

Gaur berretsitako protokoloa elkarlanetik eta hiru erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik egin dela adierazi dute aldeek, beti ere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan. Lau urteko lankidetza adosteaz gain, hiru erakundeek 2026ko jarduera eta ekintza programa ere finkatu eta onartu dute.

Sinatutako protokoloaren xedea da euskararen sustapena eta normalizazioa indartzea, hiru lurraldeetako administrazioen arteko koordinazioa, osagarritasuna eta elkarren arteko aitortza oinarri hartuta, erakunde bakoitzaren erabaki autonomia eta funtzionamendu araudia errespetatuz.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari eta lehendakariordeak azken hamarkadan egindako elkarlanaren balioa nabarmendu du, baita “2017an Iruñean abiatu zen” eta lurralde zein legealdi ezberdinetako erakundeen arteko lankidetza egonkorra sendotzen duen konpromisoaren berritzea ere.

Ollok akordioaren balio praktikoa ere azpimarratu du, “eraginkorragoak izatea” eta euskararen lurralde guztientzako proiektu estrategikoak bultzatzea ahalbidetzen duelako. Ildo horretan, euskararen eguneroko erabilera kirolean, kulturan, aisialdian edo lan munduan indartzen jarraitzearen alde egin du, “bizikidetza, enpatia eta lankidetza” oinarri hartuta.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak adierazi du lankidetza akordio horrek duela bederatzi urte abiatutako lanari jarraipena emango diola, “denboran egonkortutako mugaz gaindiko lankidetza eredu baten sendotze eta eguneratzea” suposatuko duelako.

Bengoetxea lehendakariordearen esanetan, Hiruko Ituna “borondate politiko partekatu baten adierazpen argia da, euskararen biziberritzean ikuspegi estrategikoa, lurralde ikuspegia eta lankidetza instituzional egonkorra uztartzen dituena”.

“2026ko programa honek tresna egokia eskaintzen digu euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiten jarraitzeko, errealitate soziolinguistiko anitzak kontuan hartuta eta elkarlanaren balioa ardatz hartuta”, adierazi du.

“Eusko Jaurlaritzaren ustez, euskarak jauzi kualitatiboa behar du gizarte eremu guztietan, bai eta euskararen lur guztietan ere. Jauzi hori gizartearen eskutik etorriko da, baina erakundeek baldintzak sortu behar ditugu jauzi hori gauzatu dadin. Bide horretan doa gaur aurkezten dugun hitzarmena: erakundeek lidergotza har dezakegu, eta gizarteari bideak ireki, euskarak datozen hamarkadatan benetako jauzia eman dezan”, amaitu du sailburuak.

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behoteguyk adierazi du lankidetza honek euskararen etorkizuneko erronka nagusiei elkarrekin aurre egiteko aukera ematen duela, hala nola helduen euskalduntzea, ingurune digitala edo euskararen erabilera sustatzea.

Behoteguyk nabarmendu du, gainera, Itzuli edo Ingura bezalako proiektuek modu argian erakusten dituztela euskararen lurralde osoan elkarlanean aritzeak eskaintzen dituen aukerak, eta hizkuntza politikak erabilera berrietara egokitzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, bereziki gazteen artean.

Helburuak

Protokoloak euskararen sustapenean lankidetza bultzatzeko helburua du eta besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak edo eta euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu. 

Euskarazko irakaskuntza garatzeko lankidetzaren alde egin beharra ikusten dute hitzarmenaren hiru sinatzaileek eta horretarako ikasleen mugikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde baten egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira. 

Gainera helduen euskalduntzearen arloan egiten diren politiketan lankidetza ere bultzatzen dute eta elkarlanean arituko dira euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan. 

Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta euskarazko hedabideetan euskararen erabilpena sustatu beharra eta horretarako bideak ere zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak gaur sinatu duten lankidetza itunak. Horretarako eremu horietan dauden euskarazko baliabideak eta esperientziak aztertu eta partekatuko dira. 

2026ko ekintza  programa

Itunaren baitan, aurtengo ekintza programa ere zehaztu dute hiru erakundeek. Hala, 2026ko programak jarduera plan zehatza ezartzen du, lankidetza protokolo orokorraren laugarren atalean aurreikusitako moduan, eta honako ardatz estrategiko nagusietan egituratzen da:

Lehenik, hezkuntza eta helduen euskalduntzea, bai ikasleen mugikortasuna eta sarbide aukeren hobekuntzari dagokionez, bai irakasleen prestakuntzari, hizkuntza gaitasunaren egiaztapenari eta INGURA ingurune digitalaren garapenari dagokienez, Ipar Euskal Herriko behar espezifikoak kontuan hartuta.

Bigarrenik, euskararen erabilera sozialaren sustapena, bereziki kirolaren, ingurune digitalaren, arlo sozioekonomikoaren eta hedabideen esparruetan, esperientzien trukea, baliabideen partekatzea eta eragile erreferenteekin aliantzak bultzatuz.

Hirugarrenik, sentsibilizazioa eta gogoeta, euskararen aldeko aktibazio soziala indartzeko tresna gisa, besteak beste Euskaraldia bezalako egitasmoen bidez eta gogoeta gune partekatuetan elkarlanean arituz.

Laugarrenik, ikerketa soziolinguistikoa, bereziki Euskararen Adierazle Sistemaren garapena eta VIII. Inkesta Soziolinguistikoaren gauzatzea, datu oinarritutako hizkuntza politiken diseinua eta ebaluazioa indartzeko.

Eta, azkenik, Europako esparruan lankidetza, bereziki POCTEFA programaren baitan aurkeztutako Eusguneak proiektuaren bidez, hizkuntza politika eta berrikuntza digitala uztartzen dituzten ekimen estrategikoak garatzeko.

Indarrak batuz

Gaur Donostian berretsitako hitzarmenak euskarari buruzko gogoetan, sustapenean eta prestakuntzan ere indarrak batuta aritzeko nahia biltzen du. Horretarako hiru aldeek elkarrekin zein bakoitzak bere aldetik eratzen dituzten programa eta foroetan parte hartu ahal izango dute. 

Ikerketa soziolinguistikoaren arloan berriz, datuen bilketa elkarlanean egitea zehazten du hitzarmenak beti ere euskararen eremu osorako bateragarriak eta aldi berean lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izateko. Informazio guzti hori elkarri trukatzea ere adostu dute. 

Gainera hiru aldeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera, euskararen sustapena helburutzat duten proiektuak europar finantzaketetan aurkezten jarraitzeko. 

2030 bitartean egongo da indarrean gaur sinatutako Hiruko Ituna eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira bere kudeaketaz arduratuko direnak. Horretarako hiru aldeek adostutako Batzorde Misto bat eratuko dute; batzordea gutxienez urtean behin bilduko da hitzarmenaren jarraipena egiteko.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora