Albisteak
Nafarroako Gobernuak Estatuko erkidegoen Hizkuntza Politikarako Lankidetza Protokoloaren bileran parte hartu du
Jabi Arakama, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Hizkuntza Politikarako Lankidetza Protokoloaren bileran izan da, Katalunia, Euskadi, Galizia eta Balear Uharteak erkidegoetako gobernuetako ordezkariekin batera. Valentziako Erkidegoko ordezkariek ez zuten parte hartu, DANAren ondorioz haien erkidegoan bizi den salbuespenezko egoeragatik.
Bilera atzo izan zen, azaroak 13, Bartzelonan, Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordearen barnean. Bertan, gaztelania ez den hizkuntza ofizial bat duten erkidegoetako hizkuntza-politikako arduradunak bildu ziren, beren hizkuntzen aldeko jarduerak partekatzeko eta bultzatzeko.
Bilera, F. Xavier Vila Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilari buru zela egin da, eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna Espainiako Estatuan ezartzeari buruzko seigarren ebaluazio-txostena batera aztertzeko balio izan du. Gai horri buruz, ordezkariek balorazio horiek Hizkuntza Ofizialen Kontseiluari helaraztea erabaki dute.
Bestalde, bileran honako gai hauek jorratu dira, besteak beste: komunikabide publikoetan eta pribatuetan, batik bat Clan haurrendako kanal publikoan, hizkuntza ofizialetan eskuragarri dagoen programazioa handitu beharra, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrak ezartzen duen bezala; edo hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEren finantzaketa.
Halaber, Estatuaren berezko hizkuntza-aniztasunarekiko eta eleaniztasunarekiko errespetua sustatzeko unitate didaktiko bat sortzeko proiektuaren egoera aztertu da. Proiektua, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, osatzeko prozesuan da eta bileran haren lehen proposamen teknikoa aurkeztu da. Ordezkariek erkidegoetako hizkuntzetarako hizkuntza ofizialaren estatusa eta izendapena gorde behar dela azpimarratu da, hizkuntza koofizial izendapenaren erabilera gaitzetsiz.
Parte hartu duten gobernuek beren hizkuntzak defendatzeko eta Estatuan eta Europan hizkuntza-aniztasuna aitortzeko konpromisoa adierazi dute. Protokoloaren hurrengo bilera 2025eko maiatzerako aurreikusi da, Iruñean.
Hauek izan dira gobernu parte-hartzaileen ordezkariak: F. Xavier Vila Moreno Joan, Hizkuntza Politikarako kontseilaria, eta Santanach Suñol, Hizkuntza Politikarako idazkaria, Kataluniako Generalitaten izenean; Llorenç Perelló Rosselló, Institut d 'Estudis Baleàrics erakundeko zuzendaria, Balear Uharteetako Gobernuaren izenean; Valentín García Gómez, Hizkuntzaren idazkari nagusia, Galiziako Xuntaren izenean; Aitor Aldasoro Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Jabi Arakama, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Gobernuaren ordez.