Albisteak
"Haurren aurrean, helduok heldu", euskararen erabilera soziala jorratzen duen ekimena, Euskarabidea eta Euskaltzaleen Topagunearen eskutik
Ollo lehendakariordeak euskararen erabilera sustatzeko programak jorratzeko hitzarmenean jasotako jardunaldiaren irekieran parte hartu du
"Haurren aurrean, helduok heldu" leloarekin, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako jardunaldi batzuk egin dira Iruñean gaur goizean, euskararen erabilera sozialari heltzeko, haurrekin harreman zuzena duten helduen arteko hizkuntza-praktikei buruzko hausnarketan arreta jarriz. Hasierako ekitaldian bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, Ana Ollok, eta Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, Oskar Zapatak, parte hartu dute.
"Helduok heldu" ekimena Nafarroako Gobernuak eta Euskatzaleen Topaguneak euskararen erabileran eragiteko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen den ekintzetako bat da, eta helduei zuzenduta dago. Bi helburu nagusi ditu: batetik, helduen hizkuntza-ohituretan eragitea, eta, bestetik, haurren artean hizkuntza ikasteko eta sozializatzeko prozesuan duen eraginari buruz sentsibilizatzea. Jardunaldiekin bi helburu horiei zuzenean erantzun nahi da.
Hitzaldien aurretik, Ollo lehendakariordeak horrelako ekimenen garrantzia nabarmendu nahi izan du. "Euskarabidearen eta Nafarroako Gobernuaren lan-ildo estrategikoetako bat euskararen erabilera soziala aktibatzea eta euskaraz jarduteko aukerak eta dinamikak indartzen laguntzea da. Erronka nagusia euskaraz hitz egiteko ohituretara hiztun berriak erakartzea da ".
Oskar Zapatak, bestalde, "helduak aktibatzeko eta euskararen alde aurrera egiteko" estrategia zabalago batean kokatu ditu jardunaldiak. "Egun hauetan antolatuko diren ekintzekin, jardunaldi hau barne, aktibaziorako gakoak jorratuko dira: sentsibilizazioa, ahalduntzea eta sareak sortzea. Hau da, horrelako ekintzen bidez, 0 eta 12 urte bitarteko haurrak zaintzen dituzten pertsonak eta gurasoak sentsibilizatu, ahaldundu eta inplikatu nahi ditugu ".
Jardunaldietan, euskararen erabilera, alor guztietan ohikoa izateko, guraso zein umeen zaintzaileek egin dezaketen ekarpena erdigunean jarri dute Paula Kasares, Rosa Ramos eta Gemma Sangines adituek. Soziolinguistika zein psikologia bezalako esparruetan eskarmentu handia duten hiru adituek ekimenak barnebiltzen dituen gaiak sakonean aztertu, proposamen berritzaileak mahairatu eta proposamen horien aplikazio praktikoei bide eman diete.
"Haurrak aurrean helduok heldu" ekimena 10 egunez luzatuko da, gaurtik urriaren 29ra arte. Eta Iruñean bezala, Nafarroako, Euskadiko eta Ipar Euskal Herriko beste 70 herritan ere estrategia berari erantzuten dioten ekintza mota desberdinak antolatuko dira. "Ekintza horiekin guztiekin Euskaraldian sustatzen diren hizkuntza-portaerak gizarteratzen jarraitu nahi dugu. Izan ere, apurka-apurka, hizkuntza-portaerak, herritarren egunerokotasunean, ohikoak izatea nahi dugu ", azpimarratu du Zapatak.
Euskaraldia eraginkorra da, 17.000 parte-hartzaile Nafarroan
Ildo horretan, eta Nafarroako Gobernuak Euskaltzaleen Topagunearekin duen harremanari lotuta, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Arakama, Euskaraldiaren koordinazio-mahaian egon da gaur Bilbon, Euskalduna Jauregian bildu baita 2022ko Euskaraldiari buruzko ikerketa-datuak aurkezteko.
Aurkeztutako azterlanaren datuek erakusten dutenez, Euskaraldian parte hartu duten pertsonen bi herenek hizkuntza-ohitura batzuk aldatu dituzte. Euskaraldian inskribatutako banakako pertsonei dagokienez, 2022an 158.440 pertsonak eman zuten izena berariaz. Horietatik % 77,6k ahobizi rola aukeratu zuen, eta % 22,4k belarriprest rola. Nafarroan 17.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten eta 800 entitatek izena eman zuten, "ariguneak" izeneko espazioak gaitzeko, nahi zuten parte-hartzaileek horietan euskara erabili zezaten.
Nafarroan, parte-hartzaileen ia erdiak Iruñerrian eman zuen izena (8.305 pertsona, %49,8), eta, ildo horretan, parte-hartzaileen ia bi herenek (% 60,6) eman zuten izena 1. eremu soziolinguistikoko herri batean. Beraz, eremu erdaldunetan parte-hartzaile asko izan ziren Euskaraldian.
Arakamak adierazi duenez, "Euskaraldia eraginkorra da, hizkuntza-ohiturak aldatzea eta mantentzea lortzen duelako, eta euskarazko harremanak erosoagoak izateko aukerak sortzen laguntzen duelako. Eragina nabaritzen da, batez ere, erdaldun inguruetan, baita Euskaraldiaren egunak amaitzen direnean ere. Ekimena ezaguna da nafarrontzat, eta parte-hartzaileek berriro parte hartzeko asmoa adierazi dute. Parte hartu dutenen helburua euskararen erabilera areagotzea izan da eta datuek erakutsi dute ariketak funtzionatzen duela. Hau da, Euskaraldiak amaitu ondoren jende gehiagok erabiltzen du euskara ".
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egin zen hirugarren Euskaraldia eta, aurrekoetan bezala, ikerketa-lan bat ere egin da. Azterlan hori eta ondorioak azaltzeko Javier Arakamarekin batera, Euskaraldiaren koordinazio-mahaiko kide izan dira Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea; Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea; eta Juanjo Allur eta Unai Oiartzun, Siadeco ikerketa-elkarteko arduradunak.
Erakundeei begiratuz, azterlanak adierazten du 8.610 elkarte, enpresa eta beste entitate inskribatu zirela 2022ko edizioan Nafarroan, Euskadin eta Ipar Euskal Herrian. Horrek esan nahi du erakundeen izen-emateak %3,6 egin duela gora 2020 urtearekin alderatuta (301 erakunde gehiago).