Albisteak
Gora Gora Fest 2023 jaialdiak berrogeita hamar herri baino gehiagotara kultura-ikuskizunak eramango ditu Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta
Euskarabideak programatutako jarduerek, guztiak euskaraz eta erabat doakoak, magia, antzerkia, bakarrizketak, arropa birziklatzeari buruzko tailerrak edo ipuin-kontalariak aurkeztuko dituzte
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, Ana Ollok, eta Euskarabidea - Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak, Gora Gora Fest 2023 euskarazko kultura-zikloa aurkeztu dute. Ziklo horretan, Nafarroa osoko 50 herritan baino gehiagotan, azaroaren 3tik abenduaren 10era, magia-ikuskizunak, antzerkia, bakarrizketak, arropa birziklatzeko tailerrak eta ipuin-saioak izango dira.
Euskarabideak antolatu du programa, hirugarren urtez, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan, abenduaren 3an dena, Foru Komunitatearen egunarekin batera.
Ollo lehendakariordeak azpimarratu duenez, "Nafarroako Gobernuak euskara Nafarroa osora darama”, eta lurralde osoan kohesio-elementu gisa duen gizarte-balioa nabarmendu nahi izan du, “hain zuzen ere Euskararen Nazioarteko Eguna eta Nafarroako Eguna ospatzen diren egunaren inguruan".
Euskara kohesio-elementu gisa
Bai Ollo lehendakariordeak bai Javier Arakama Euskarabideko zuzendariak nabarmendu dute euskarak Nafarroako gizartean duen kohesio-elementu balioa. Arakamak, bestalde, adierazi duenez, "emanaldien kokapena Nafarroako lurralde osoa kontuan hartuta egin da, horixe baita Gora Gora Fest zikloaren helburu nagusietako bat: euskarazko kultur ikuskizun hauek euskara erraz iristen ez diren herrietara eramatea".
Programaren barruan haur, gazte eta familientzako ikuskizunak sartzen dira, aurrez aurreko 50 jarduera baino gehiago eta 3 jarduera online. Ikuskizun zein tailer guztiak doakoak izango dira.
Herrietan egingo diren aurrez aurreko ikuskizunez gain, aurten ere hiru jarduera online egingo dira: "Peter Punk" eta "Niko vampiro txiki bat" musika-antzerkiak eta "Oso printzesa iletsua" ipuin-kontalari saioa.
52 herritan programatu dira ikuskizunak: Lerin, Eulate, Zarrakaztelu, Saldias, Burgi, Olite/Erriberri, Zubiri, Legasa, Cortes, Lodosa, Oloritz, Nagore, Irunberri, Mañeru, Olloki, Los Arcos, Viana, Elizondo, Dorrao, Zangoza, Amaiur, Kaseda, Areso, Larraintzar, Goizueta, Tutera, Peralta/Azkoien, Martzilla, Castejón, Errezu, Untzue, Puiu, Larraga, Andosilla, Cascante, Igantzi, Corella, Erro, Fontellas, Bera, Elo, Nabaskoze, Mendabia, Lakuntza, Garralda, Otsagabia, Luzaide, Auritz/Burguete, Antzin, Erronkari, Oteitza eta Lesaka.
Ikuskizunak
Egitaraua musika, antzerki, bakarrizketa, antzerki-ipuin eta ipuin tailerrek zein online saioek osatzen dute. Ikuskizunen datak eta lekuak eskuragarri egongo dira ziklo kulturalaren programan eta Interneten, ondoko estekan.
TDiferencia agentzia izan da kultura-zikloa antolatzeko kontratu publikoa esleitu zitzaion enpresa, 55.660 euroko inbertsioarekin. Zikloa hainbat hedabidetan (aldizkariak, tokiko prentsa, online prentsa eta sare sozialak) hedatzeko komunikazio-plan bat ere egin da, eta inbertsioa 52.500 eurokoa izan da.