Albisteak
Euskararen Nafar Kontseilua
Atzo 2013ko ekainaren 5ean, 13:00etan bildu zen Euskararen Nafar Kontseilua, Nafarroako Gobernuko Joaquín de Elizondo aretoan.
Aztergaiak hauexek izan dira:
- Aurreko aktaren irakurketa eta onarpena.
- Euskararen Nafar Kontseiluaren eraketa.
- Euskararen Nafar Kontseiluaren memoria.
- Lan-ildoak.
- Galde-eskeak.
Kontseiluak 22 kide ditu:
- bost kide, Nafarroako Gobernukoak.
- zortzi kide, erakunde hauetako ordezkariak: Euskaltzaindia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Ikastolen Federazioa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Nafarroako Kazetarien Elkargoa.
- bi kide, euren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen ordezkariak.
- eta zazpi kide, izen ona duten pertsonen artetik libreki izendatutakoak.
Hezkuntzako kontseilari eta kontseiluko buruak bilerari hasiera eman dio, batetik eskertuz Kontseilua utzi duten kideek egindako lana, eta bestetik kide berriei ongietorria egin die, Gobernuak 2013ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bitartez izendatutakoei, alegia.
Era berean, Kontseiluari esan dio lana ez dela soilik osoko bilkuretara mugatuko eta horretarako proposatu die lantaldeak osatzea, berariazko gaiak modu iraunkorragoan landu ahal izateko. Ildo horri berari jarraikiz, azpimarratu du eguneko gai-zerrendan Euskarabidearen jardueren memoria eta lan-ildoak sartu direla.
Memoria eta lan-ildoak aurkezterakoan, besteak beste, ondokoak nabarmendu ditu:
- Itzulpenen bolumenaren igoera eta, toki entitateekin elkarlanean, itzultzen laguntzeko programen ezarpena –administrazioetako 150 langileri baino gehiagori zuzeneko laguntza ematen diote programa horiek– eta, orobat, parte hartzen duten toki entitateen jarraipen batzordearen funtzionamendua, programen erabilera eta eskari berriak baloratzeko.
- Gero eta gehiago dira euskara linean ikasten duten Administrazio publikoen zerbitzupeko langileak eta gero eta ikasteko modalitate gehiago dago, langile horiendako nola helduendako, oro har. Hartara, 2013-2014 ikasturtean bi ikastegi izanen dira: Euskarabidea (Ermitagaña auzoko Bartolomé de Carranza kaleko 5ean) eta Uharteko Zubiarte Euskaltegia.
- Laster jarriko da komunikabideen eskura ikus-entzunezko eta testuzko edukiak izanen dituen euskarazko webgune bat.
Bestalde, Euskaltzaindiarekin urtero izenpetzen den hitzarmena dugu, Nafarroako Gobernua beste erakunde batzuekin elkarlanean ari denaren seinale. Nafarroako Unibertsitatea zoriondu du Euskara Katedra orain dela 50 urte sortu zelakoz.