Albisteak
Euskararen arnasguneetako gaztetxoek 260 bideo aurkeztu dituzte ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketan
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasetik bideosormen lehiaketaren III. edizioa antolatu dute eta berriki sariak banatu dira Bergaran
‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketa ‘Arnasa Gara’ programaren barruan kokatzen da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak-UEMAk sustatutako proiektua da eta euskararen arnasguneak diren udalerri euskaldunek euskararen bizitasunerako duten balioa ikusaraztea eta bertako hiztunak ahalduntzea du xede. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta sari banaketa gipuzkoako Bergaran izan da.
Bideosormen lehiaketa honek arnasguneetako gazteei jartzen die arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko eta sormena pizteko. Horregatik, ‘Arnasetik’ lehiaketa arnasguneetan bizi diren 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago.
Aurtengo ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren edizio honetara 260 bideo aurkeztu dira, iaz baino 148 gehiago. Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera (LHko 5. eta 6. ikasmailetako ikasleak; DBHko 1. eta 2. Ikasmailetakoak; eta DBHko 3. eta 4. ikasmailetakoak) eta, guztira, 2.500 euroren balioko sariak banatu dira. Publikoaren saria erabakitzeko 4.200 bozka baino gehiago jaso dira aurten.
Nafarroako eta Euskadiko 40 udalerrik izan dute ordezkaritza hiru kategorietan. Bakoitzean, parte hartzaileek, erronka bati egin behar izan diote aurre. LHko 5. eta 6. ikasmailetako ikasleek beren herriko txokorik kutunenerako bidea erakutsi behar izan dute. DBHko 1. eta 2. ikasmailetako ikasleek beren herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen duten beren burua erakutsi behar izan dute; eta azkenik, DBHko 3. eta 4. ikasmailetako ikasleek, berriz, kazetari lanak egin eta kaleetan zehar jendeari galdetu behar izan diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen.
Sari banaketa
Esan bezala, hirugarren edizioaren sari banaketa Bergaran izan da, joan den azaroak 28an. Esti Curielek eta Amaia Ruiz de Galarretak aurkeztutako ekitaldian parte hartu duten erakunde antolatzaileen izenean hauek izan dira: Paula Kasares, Nafar Gobernuko Euskarabidearen izenean; Sonia Rodriguez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren izenean; eta Martin Beramendi, UEMAren ordezkaria.
Guztira, sei sari banatu dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroren balioa duen saria izan du. Bestalde, balio bereko publikoaren saria ere, jendearen bozketa bidez hautatua, banatu da. Aurtengo sari banaketaren anfitrioia izan den Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak saritu nahi izan ditu, eta 250 euroren balioa duen sari bana emango die herriko bideo irabazleei.
Sariak, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka eta zenbait ihes gelatarako sarrerak eskuratzeko edo EITBko Go!azen eta Irabazi arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.
Irabazleak ondoko hauek izan dira:
- LH 5-6 kategorian: Berriatua HLHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria Elizpeko Arbola lanagatik.
- BDH 1-2 kategorian: Azkoitia BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria Gabon Maiteak lanagatik.
- DBH 3-4 kategorian: Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria Leokadi lanagatik.
- Publikoaren saria: Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako ikasleek jaso dute saria Txokorako Bidea lanagatik.
Bergarako Udalak saritutako bi lanak:
- Txokorako Bidean: Aranzadi Ikastolako ikasleek egindako lana.
- Nor Miresten duzu zuk?: Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleek egindako lana.
‘Arnasa Gara’ programa eta Nafarroako arnasguneak
‘Arnasetik’ gaztetxoendako bideosormen lehiaketa ‘Arnasa Gara’ programaren barruan antolatu dute Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea–Euskararen Nafar Institutuaren bidez; Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez; eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak-UEMAk.
‘Arnasa Gara’ programak euskararen arnasguneak diren udalerri euskaldunek euskararen bizitasunerako duten balioa ikusaraztea eta bertako hiztunak ahalduntzea du xede. Izan ere, euskararen “arnasguneak” eguneroko mintzajardun arruntetan, bertakoen artean, euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak dira (auzoa, herria, eskualdea, harana…). Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra.
Euskararen arnasguneak diren udalerri gehienak UEMAn biltzen dira. Nafarroako 19 udalerri dira UEMAko kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Doneztebe, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Igantzi, Ituren, Lakuntza, Larraun, Leitza eta Lesaka.