Albisteak
Euskararen Adierazle Sistema, mugaz gaindiko lankidetza-proiektua
Baluarten POCTEFA proiektuen erakustaldia gaur eta bihar.
Euskararen Adierazleen Sistema, mugaz gaindiko lankidetza-proiektua
Urriaren 28an eta 29an, POCTEFA Navarrefa “Mugaz gaindiko lankidetzaren aukerak” izeneko azken ekitaldia izango da Baluarten, Batzar Jauregia eta Nafarroako Auditorioan. Ekitaldi horretan, 2014 eta 2020 artean Foru Erkidegoan garatu diren Interreg POCTEFA 70 proiektuen arduradunak bilduko dira.
Testuinguru horretan, Euskarabideak Euskararen Adierazle Sistema (EAS) aurkeztuko du, 2016 eta 2017 urteetan finantzatu zen mugaz gaindiko lankidetza-proiektua.
Nafarroako Gobernuarekin batera, EAS proiektuan parte hartu zuten kideak Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak izan ziren, Estatu espainiarrean; eta Office Public de la Langue Basque, Frantziako Estatuan.
Proiektuari esleitutako aurrekontua 598.488 € izan ziren.
Euskararen Adierazle Sistema
Euskararen Adierazle Sistema (EAS) balio multzo bat da, modu eguneratuan eta diakronikoan euskarak gizarte-eremu guztietan eta hizkuntza hori hitz egiten den lurralde osoan neurketa kuantitatibo eta kualitatiboa ahalbidetzen duena. Gaur egun, EASek 44 adierazleri buruzko informazio eguneratuta eta sistematikoa eskaintzen du 5 kategoriatan sailkatuta:
- Euskararen estatus juridikoa.
- Euskarazko hizkuntza-gaitasuna, erabilera eta hizkuntzarekiko jarrerak.
- Helduen euskalduntzea.
- Euskararen erabilera gizarte-eremu espezifikoetan: administrazioa eta oinarrizko zerbitzuetan, eremu sozioekonomikoan, kulturan, komunikabideetan, harreman informaletan eta aisia antolatuan, bai eta ingurune digitalean ere.
- Sozio-demografia.
EAS ezinbesteko tresna da hizkuntza-politika publikoa kudeatu eta ebaluatzeko. Era berean, informazio-iturri baliagarria da herritarrentzat, eta bereziki, sektore espezializatuentzat (arlo soziolinguistikoko ikertzaileentzat, adibidez), eta euskara sustatzen lan egiten duten gizarte-eragileentzat.
EASk webgune bat du, adierazleei buruzko kontsultak hainbat formatutan egiteko (grafikoen, taulen edo mapen bidez), lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez). Sarbidea Euskarabidearen webgunean berean du:
https://www.euskarabidea.es/euskara
https://www.euskarabidea.es/euskara/euskara-nafarroan/euskararen-adierazle-sistema