Albisteak

Euskarabideak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa Fundazioak hitzarmena sinatu dute Komunikazio Fakultateko ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten

2012-10-10

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko ikasleek euskarazko komunikabideetan eta enpresetan egindako praktikak egitea bultzatuko du.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa Fundazioak gaur lankidetza hitzarmena sinatu dute etorkizunean kazetari izanen direnak euskaraz trebatzea sustatzeko. Testua izenpetu dute Maximino Gómez Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Mónica Herrero Subías ikastetxeko Komunikazio Fakultateko dekanoak eta Ignacio Uría Rodríguez Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa Fundazioko zuzendari kudeatzaileak.

Hitzarmenaren asmoa da unibertsitateko ikasleen prestakuntza hobetzea eta zabaltzea, edukiak euskaraz ematen dituzten hedabideetan praktikak egin ditzaten sustatuz.

Praktikak euskara hutsez eginen dira eta Komunikazio Fakultatean irakasten diren lizentzietako –Ikus-entzunezko Komunikazioa, Kazetaritza eta Publizitatea, eta Harreman Publikoak– ikasleei zuzenduak daude; ikasle horiek euskaraz badakitela egiaztatu beharko dute. Hitzarmenaren beste helburu bat da euskaraz dakiten profesional gehiago jartzea euskara baliatzen duten hedabideen eskura.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, 3.500 euroko laguntza emanen du. Praktikak Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa fundazioaren bitartez kudeatuko dira; entitate hori Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta Nafarroako Unibertsitateak sustatzen dute, enpresa eta unibertsitate munduen arteko harreman tresna gisa.

Euskararen presentzia sustatzea

Hitzarmenak 2012ko bukaera artekoa izanen da. Ezarritakoa betetzen dela ziurtatzeko, jarraipen batzordea sortuko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailea buru dela. Era berean, batzordekideak izanen dira erakunde horretako Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Euskararen Sustapenerako atalburua (idazkari ere arituko dena), Komunikazio Fakultateak izendatutako pertsona bat eta Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa Fundazioak izendatutako pertsona bat.

Hitzarmenaren xedea bat dator Euskararen Foru Legean ezarritako helburu batekin, Nafarroako hedabide publiko eta pribatuetan euskararen erabilera sustatzearekin, alegia.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora