Albisteak

Euskarabideak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 2025erako

2025-06-18

Akordioaren bidez, euskara eta museoaren eskaintza elebiduna sustatzeko hainbat ekimen garatuko dira

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Jorge Oteiza Museo Fundazioak euskara sustatzen duten ekimenak bultzatzea eta museoaren jardueren eskaintza elebiduna babestea helburu duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute lehen aldiz. Foru Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Oteiza Fundazio Museoko patronatuaren presidente Jaione Apalategik aurrera atera dute lehen aldiz akordio hau. Aurtengo hitzarmenak, zehazki, bi ardatz nagusi ditu: Jorge Oteizari buruzko saiakera grafiko bat egitea eta bisita eta eskola-kanpaina elebiduna sendotzea.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuaren Jorge Oteiza Museo Fundazioarekiko hitzarmena, Euskarabidearen bitartez kudeatuko da. Horrela, gaurkoan Alzuzan (Eguesibar) egin den hitzarmen-sinadura ekitaldian, Ollo lehendakariordearekin eta Oteiza Fundazio Museoko ordezkari Jaione Apalategirekin batera, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakama, eta bi erakundeen lantaldeak ere izan dira. Halaber, 2025erako hitzarmen honen aurrekontua 10.000 eurokoa izango da.

Jorge Oteiza Museo Fundazioaren helburu nagusietakoa da eduki didaktikoak eta dibulgaziozkoak argitaratzea. Hala, museoaren irudia indartu eta arterako eta kulturarako hurbilketa sustatu nahi da, bereziki, publiko gazteagoarekin eta askotarikoarekin konektatzen saiatzeko. Horregatik, Asisko Urmeneta marrazkilari eta idazleari eskatu zaio Jorge Oteizari buruzko eleberri grafiko bat egitea. 2025ean, dokumentazio-lana eta kontzeptu zein gidoi grafikoaren (storyboarda) garapena egingo ditu.

Bestetik, Fundazioaren Hezkuntza Estetikoa lantzen duen Zerbitzu Pedagogikoaren lanaren ardatz nagusia eskola-kanpainako programa da. Ekintza horiek modu transbertsalean aktibatzen dute eskolaren, museoaren eta komunitatearen arteko harremana, ikasgeletara egokitutako zenbait tailerren eta museoan bertan egiteko ibilbide didaktiko batzuen bitartez. Hitzarmen honek tailer eta bisita horien euskarazko eskaintza indartzea ahalbidetuko du, ikasturte bakoitzeko 6.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen duten eskola-kanpainaren barruan.

Jorge Oteiza Fundazio Museoa zerbitzu publikorako erakunde kultural pribatua da. Nafarroako Gobernuak finantzatzen du eta Jorge Oteizak 1992. urtean Nafarroari emandako ondare aberatsa zaindu eta ezagutzera ematea du xede. Fundazioak Jorge Oteiza (Orio, 1908; Donostia, 2003) du izena, eta Oteizaren obra osoa zaindu, artatu eta katalogatzeaz arduratzen da, bai eta lan hori hedatzeko baliabideak eskuratzeaz ere. Gainera, Fundazioaren Estatutuetan aurreikusten diren eta sortzaileak berak 1996an izenpetutako ikerketa proiektuak abian jartzeko lan egiten dute.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora