Albisteak
Aste honetako toponimoa
2013-02-08
CUEVA DE LOS MOROS
Udalerria.- Nabaskoze
DOK.- kuéba de los móros (1993, OR-C1)
OHARRAK.- Sakonera handiko kobazuloa da, bere ibilbidea galeria nagusi batek eta ganbara ezberdinek osatzen dutena. Hasierako zatian giza hondarki nahasiak azaldu ziren kopuru handian. Azaleran eta baita kata anitzetan ere arkeologiako materialak jaso ziren. Maluquerren ustez, Brontze aroan hilobi moduan erabiliko zen, garapen megalitikoarekin batera.
IZENAREN AZALPENA.- Moro edo euskaraz mairua, hitz honek ez zuen inondik ere gaur egun ematen zaion ezaugarri gutxiesgarria. Nafarroako toponimian izaki magikoa eta ahaltsua da, eraikin ikusgarriak egiteko gai dena. Nabarmentzekoa da izaera magiko hau arrunta dela Nafarroako euskal toponimoetan eta erromanikoetan. Lodosa eta Errioxako mugan II mendean eraikitako erromatar akueduktua dago, Trajano eta Adriano garaian eraikia. Alabaina, Lodosan Puente de los Moros esaten diote. Bestalde, euskal toponimia duen Nafarroan, iturri asko, harriz landuak eta fabrika bikainekoak, Mairuiturri ‘mairuen iturri’ bezala ezagunak dira. Mairuak maiztasunez azaltzen dira Nafarroako toponimian, erromantzez (moro) nola euskaraz (mairu); eta ez gutxitan, topatzen ditugu gaur egungo erromantzeko forma (Fuente del Moro, Itzan) eta ongi dokumentatutako euskarazkoa (Mairuiturri). Oro har, ez dira erreferentzia historikoa duten toponimoak, ezta Erriberan ere; eraikuntza ikusgarriak atxikitzen zaizkien pertsonaia mitikoak baizik, herri xeheak asmatutakoak (esaterako, Urbasako trikuharri tumuluak, Ameskoarrek Matamoros deituak). Jose María Satrustegiren arabera, mairuak leku guztietako kondairen geruza baten parte dira, aparteko garaiera eta indarra duten gizakiena. Tokiaren arabera, geruza hau pertsonaia batzuek edo besteek betetzen dute. Aipatzen du Sakanan, esaterako, eginkizun hori jentilek betetzen duten tokian, ez direla mairuen gaineko kondairak ezagutzen.
Toponimo bera azaltzen da honako udalerri hauetan: Torralba del Río, Burgi, Goñi, Etxauri, Sartze, Galoze eta Lana.