Albisteak
1.300 pertsonak jaso dituzte Euskarabidearen laguntzak euskara ikasteko, iaz baino % 30 gehiagok
Ollo lehendakariordeak, Euskararen Nafar Kontseiluko azken saioan, Gobernuak hizkuntza politikaren arloan garatutako ildo estrategikoen balantzea aurkeztu du
Gaur egun Nafarroako euskaltegietan 5.000 heldu baino gehiago ari dira euskara ikasten, eta horietatik 1.300ek jaso dituzte 2022-2023rako banakako dirulaguntzak, iaz baino % 30 gehiagok. Dirulaguntza horiez gain, Euskarabideak finantzaketa ematen die euskaltegiei ere. Datu horiek aurkeztu ditu gaur Ana Ollok, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, goizean Euskararen Nafar Kontseiluak egindako bileran. Hori izan da azken bilera; izan ere, urtarriletik aurrera, Kontseilua Euskarabidearen Estatutu berrietara egokitu beharko da, eta aldatu eginen da haren osaera.
Horregatik, Ollo lehendakariordeak eskerrak eman dizkie Kontseiluan parte hartzen dutenei, hainbat sektore eta erakunderen ordezkariei, alegia.
Euskara sustatzearen aldeko konpromisoa bermatuta geratu da maila eta arlo askotan, azken urteotan aurrekontua indartu baita eta kudeaketa-gaitasuna handitzeko bultzada eman baita.
Aipatu arlo horietako bat da helduei euskara ikasten laguntzea; pertsona askok ezin izan zuten eskolan euskara ikasi, eta, beste askok, euskara ikasi edo haien hizkuntza gaitasuna hobetu nahi dute lan arloan aurrera egiteko edo motibazio pertsonalak dituztelako.
Euskarazko irakaskuntza doakoa ahalik eta errealena izateko, eta herritarrei euskara ikasteko eskubidea bermatzeko, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduei ematen zaizkien banakako laguntzen zenbatekoak, baita euskaltegiei dirulaguntzak emateko deialdikoak ere.
Banakako laguntzei dagokienez, aurtengo ikasturtean 350.000 euro banatuko dira, iaz baino 50.000 euro gehiago. Horri esker, pertsona gehiagok ikasten ahal dute euskara, prestakuntza jasotzeko oztopo ekonomikoak murrizten baitira. Atzera begira, 2021-2022 ikasturtean 1.000 pertsona inguruk jaso zuten euskara ikasteko laguntza, eta, 2022-2023 ikasturtean, 1.300 pertsonak, 2021-2022 ikasturtean baino % 30 gehiagok, hain zuzen ere. Euskaltegiak dira euskara hedatzeko beste eragile garrantzitsuenetako bat; horregatik, 2023-2024 ikasturteko deialdian % 17 handitu dute dirulaguntzen zenbatekoa eta 2.460.000 euro banatuko dira, iaz baino 360.000 euro gehiago.
Horrez gain, Euskarabideak 'Euskara ahora' euskara ikasteko urteko kanpaina abiarazi du 33 toki erakunderekin eta helduei euskara irakasteko sektoreko hainbat eragilerekin batera: Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza eskola ofizialak eta gizarte ekimeneko AEK eta IKA eta Bay&by. Laguntzei eta baterako esfortzuari esker, urtero 5.000 helduk ikasten dute euskara.
Bi atal berri Euskararen Nafar Institutuan
Era berean, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak jakinarazi du erakunde autonomoaren estatutu berriak onetsi direla. Horri esker, erakundearen barne antolamendua aldatu eta egitura handituko da; bi atal berri izanen ditu: Administrazioaren, Langileen eta Azpiegituren Kudeaketarako Atala eta Euskararen Azterlan eta Plangintza Estrategikoaren Atala.
Aipatu guztiaz gain, Euskararen Nafar Kontseiluak eginiko bilera telematiko horretan, aditzera eman da Nafarroako Gobernuak onartu duela aintzat hartzea eremu euskaldunean eta mistoan administrazioan euskararen balorazioa arautzen duen merezimenduen dekretua, 2019an epai batek baliogabetu zuena, hain zuzen ere. Dekretua Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak egin zuen, eta, Nafarroako Gobernuak onetsi aurretik, Nafarroako Kontseiluak txosten juridiko bat aurkeztu behar du.
Euskararen Nafar Kontseiluaberritu eginen da
Nafarroako Gobernuaren kontsulta organoa da Euskararen Nafar Kontseilua; hizkuntza politika lantzen du. Zenbait funtzio ditu, horien artean, txosten ez-lotesleak ematea hizkuntza normalizazioari buruzko xedapen orokorreko proiektuen eta arlo horretako plan orokorren gainean.
Kontseiluko burua da Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko kontseilaria, eta bertan erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta, bai eta euskararen eta euskal kulturaren eremu soziala ere: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste departamentu batzuk), Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroako Gazteriaren kontseilua, euskara sustatzen duten kultur elkarteak edo gizarte ekimeneko elkarteak eta euskararen arloan aitortutako ospea duten pertsonak.
Euskararen Nafar Kontseilua berrituko da, eta legegintzaldi aldaketa egon denez gero, kide batzuk aldatuko dira. Hortaz, urte hasieran beste bilera bat eginen da, etapa berrian egonen diren erronkak lantzeko.