Gaur goizean, Artikako Kultur Etxean 2009ko Etxepare Saria eman da eta 2010eko Etxepare Sariaren deialdiko nondik norakoak azaldu dira.
Mikel (idazle) eta Maite Gurrutxaga Otamendi (ilustratzaile) neba-arrebek irabazi dute aurtengo saria Alex nire munstro-lagun on-ona lanarekin. Saria da, alde batetik lan honen argitaratzea, eta bestalde , 6.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Ekitaldian, Xabier Lasa (Berriozarko Alkatea), Xabier Azanza (Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea), Aitziber Alonso (epaimahaiko kidea), Esther Lakasta (Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko Lehendakaria), Maite eta Mikel Gurrutxaga Otamendi (egileak) eta Pello Elzaburu (Pamiela argitaletxea) izan dira partaideak.
Saria eman ondoren, 2010eko Etxepare Sariaren deialdiko nondik norakoak azaldu dira.
Alex nire munstro-lagun on-ona:
Albumak neskato baten eta bere lagun ikusezinaren arteko harremana kontatzen du. Irudiei dagokionez, ausarta da. Epaimahaikideen iritziz, xarma berezia lortzen du irudiaren eta idazkeraren arteko uztardura liluragarriarekin.
Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta Faktoria K de libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz argitaratuko du 2010 urtean.