Argitalpenak

Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa

  • Izenburua: Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa
  • Egilea: Edu Zelaieta Anta
  • Mota: Euskalkien gaineko argitalpenak
  • Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua - Euskarabidea & Euskaltzaindia
  • Data: 2009
  • Salneurria: 15 €
  • Orriak: 251
  • url: ikusi

Azalpena

Lan geolinguistiko berritzailea
Baztan-Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa lanean Baztango eta Bidasoako eskualdeetako euskal hizkeren azterketa dialektologikoa egiten da. Lan honen xedea da euskalkien gaur egungo maparen barnean aipatutako eskualdeetako hizkerak kokatu eta sailkatzea. Iñaki Camino doktorego tesiaren zuzendariaren arabera, lan geolinguistiko berritzailea da euskal dialektologian.
Egileak dialektologia kontrastatzailearen metodologia erabiltzen du bere lanean, hau da, ikertutako eta inguruko eskualdeetako hizkeren ezaugarri linguistiko nagusiak alderatu eta kontrastatzen dira, gero hizkera horien artean konbergentziak eta dibergentziak bilatu ahal izateko.

Mendaur bilduma
Argitalpen hau Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren uzta da. Akademiak egin beharrekoen artean dago Nafarroako euskararen gaineko lanak argitatatzea.
Mendaur bilduman orain arte 5 liburu argitaratu dira: Jose Maria Satrustegi: ereile eta lekuko, Andres Iñigok prestatua; Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia, Pello Salaburuk eta Maite Lakarrek (lag.) prestatua; Luzaideko Euskararen Hiztegia, Peio Kaminok eta Patxi Salaberri Zaratiegik prestatua; Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia, Orreaga Ibarra Murillok prestatua eta Erronkari eta Ansoko toponimiaz, Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriartek prestatua.
Argitalpen hau Bildumako 7.a da eta honetan bildu da Edu Zelaieta Anta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak egindako doktorego tesia.

Edu Zelaieta Anta (1973- )
Gasteiztar hau (aita eta aitaren aldeko aitatxi-amatxiak Berakoak eta Igantzikoak baditu ere) gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikaren irakaslea da.
Dialektologiako zenbait artikulu argitaratu ditu Euskera eta Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan.
Literaturari dagokionez, sari hauek irabazi ditu: 2001. urtean Ernestina de Champourcin saria eta 2003. urtean poesiako Joseba Jaka IV. Beka.Olerki liburuak eta kontakizun laburrak argitaratu ditu eta Mugaldekoak izeneko musika ikuskizunean hartu du parte. 2010. urtean hirugarren olerki liburua argitaratuko du.
 

Atzera