Albisteak
Toki-erakundeetan euskara sustatzeko 700.000 euroko laguntza-deialdia
Laguntzak eskatzeko epea apirilaren 23an amaitzen da
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako departamentuak 700.000 euroko laguntzak onartu ditu euskara sustatzeko eta erabilera bultzatzeko helburuarekin, eta toki-erakundeek eta udal mankomunatuek proposaturiko jarduera-programetarako izango dira; hots, iazko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte garatutakoentzat.
Laguntzen epea apirilaren 23an amaitzen da. Laguntzen bitartez, euskararen erabilera soziala gehitzeaz gain, hitz egiten dutenen kopurua gehitu nahi da, haurrek zein helduek hizkuntza ikasteko prozesua bermatuaz Nafarroa osoan; era berean, herri-administrazioak trebatu nahi dira zerbitzuak euskaraz eskaini ahal izateko eta, baita ere, euskararen erabilerari prestigioa emateko.
Deialdiak hiru modalitate ezberdin ditu. A modalitatea toki-erakundeek egindako programetarako da, eta 400.000 euroko funts-aurreikuspena du; B modalitatea, berriz, hainbat toki-erakundek elkarrekin landutako programetarako da, 200.000 euroko zuzkidura du, eta horietatik 50.000 proiektu onenari emango zaizkio eta gainerakoa aurkeztutako gainerakoen artean banatuko da; azkenik, C modalitatea euskarako zerbitzu tekniko berriak sortzeko eta finkatzeko izango da, eta 100.000 euroko funtsa izango du horretarako.
Modalitate bakoitzean, jarduera-eduki eta -programa hauek izango dute aukera laguntza lortzeko: A modalitatea: euskara sustatzea eta erabiltzea eremu kulturalean eta sozialean, errotulazio eta publikazio-programak, tailerrak, prestakuntza-ikastaroak, antzerkia, hitzaldiak, literatura lehiaketak, bertsolaritza, ipuin-kontaketa, hizkuntza ikastea, udalekuetarako bekak, erakusketak eta musika-emanaldiak; B modalitatea: euskararen erabilera soziala eta kulturala sustatzea; eta C modalitatea: euskarako zerbitzu teknikoak sortzea eta finkatzea. Guztiak ere Nafarroako Gobernuak abian jarritako Euskararen Plan Estrategikoaren bidez sustatuak dira.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira toki-erakundeen jarduera kultural edo denbora libreko jarduera normalizatuak; horiek egindako kanpainak, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak direnak; eskola-jarduerak, ordutegi curricularrean egindakoak; edo toki-erakundeez kanpoko elkarteek eta erakundeek egindako jarduerak; eta erakunde pribatuekin egindako hitzarmenak, besteak beste.
Laguntza hauen xedeko jarduerak euskaraz egin beharko dira, edo, salbuespen gisa, gazteleraz egin daitezke, jarrera positiboak sustatzen badituzte eta gaztelaniadun biztanleei zuzentzen bazaizkie.