Albisteak

Ollo lehendakariordeak Eusko Ikaskuntzak antolatutako Kultura Eskubideei eta Kultura eraldatzeko funtzioari buruzko jardunaldian parte hartu du

2023-09-20

Iruñean egindako ekitaldi honetan, euskalgintzaren egoerari buruzko txosten bat eta Eskubide Kulturalen testuinguruan ekitaldiak antolatzeko protokolo bat aurkeztu dira

Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok "Eraldaketarako kultur kudeaketa: Kultura Eskubideen esparru batetik urrats berrien bila" jardunaldian parte hartu du gaur goizean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak antolatuta. 

Irekiera ekitaldian, Ollo lehendakariarekin batera, Iruñeko Udaleko Kultura saileko zuzendari Rudy Goroskietak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak hitza hartu dute. Jarraian, 2021etik Eusko Ikaskuntzak bultzatzen duen “Eskubide Kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak” proiektuko talde zientifikoaren izenean, Miren Epalzak jardunaldiaren nondik norakoa azaldu du. 

Ollo lehendakariordeak Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekin duen lankidetza azpimarratu du –aurten eguneratu den hitzarmenaren bidez –, egungoa bezalako topaketa bat egin ahal izateko. Era honetako jardunaldiak erakunde ordezkarien, gizarte zibilaren eta euskararen inguruko eragile teknikoen arteko topagune gisa balio dutela uste du, "iraganarekin, baina, batez ere, orainarekin eta etorkizunarekin, gurea bezalako gizarte anitz eta askotarikoan".

Lehendakariordeak, berak kudeatzen duen departamenduan baitago Euskarabidea, gaineratu du mahai ezberdinetan landuko diren gai batzuk, hala nola “ebaluazioa, parte-hartzea eta kultur programazioa bera, gaur egun hizkuntzaren eta, oro har, kulturaren garapenari zorroztasuna eta euskarri teknikoa ematen dioten elementuak” direla. 

Bestalde, Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari balioa eman dio Goroskietak, eta azpimarratu du bi erakundeei aukera ematen diela “Iruñeko gizarteari eta Nafarroako gizarteari ezagutza eta balio-proposamenak sortzeko”. 

Urkizak ere lanen zentzu praktikoa nabarmendu du: “Ez gara plano teorikoan bakarrik mugitzen, baizik eta gure agente, ekintzaile eta sortzaileek nola bizi duten eta zer gabezia dituzten eta etorkizunean zer proiekzio izango duten sakontzea interesatzen zaigu”. Halaber, iragarri du kultura eskubideei buruzko lan-programa eta jardunaldiaren ondorioak Eusko Ikaskuntzen 19. Biltzarrera eramango direla proposamen gisa. Kongresua 2024ko udazkenean egitea aurreikusi da. 

Kultura-jardueraren egoera

Miren Epalzaren sarreraren ostean, Beñat Gaztelurrutiak egindako kultura eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu da. Lurralde eta esparruen historia, eskubide, sorkuntza, edizio eta antolaketako adituekin egindako elkarrizketetan oinarrituta, txostenak euskal kultura-jardueraren egoera aztertzen du, eskubideen ikuspuntutik. Autoreak adierazi duenez, “esplorazio-ikerketa bat da, gehienez ere”, eta, hala ere, kultura-eskubideen eta kulturaren inguruan kontuan hartu beharreko oztopoak, kezkak eta lan-ildoak adierazten ditu, elementu eraldatzaile gisa.

Hain zuzen ere, kultura eraldatzailea zer den zehazteko, mahai-ingurua egin da, eta kultura-kudeaketan adituak diren hiru pertsona bildu dira: Marcos García Cristóbal (kultura-kudeatzailea, hiri-laborategien eremuan), Leire San Martín Goikoetxea (arte garaikideko hezitzailea eta programatzailea) eta Nieves Beloki (KUNA-Nafarroako kultura-kudeaketako profesionalen elkartea). Iratxe Retolazak gidatu duen elkarrizketan hiru ardatzetan sakondu da: kulturaren funtzio eraldatzailea, gobernantza eta kudeaketa publikoko ereduak eta parte-hartzea. 

Jardunaldiaren bigarren partean, Maialen Akizu soziologoak kultura-eskubideen testuinguruan ekitaldiak antolatzeko protokoloa aurkeztu du. Protokolo honen helburua da kultura-kudeaketako praktika onak eta prozedurak erakustea, kultura-eskubideetan aurrera egiteko, parte-hartzea sustatzeko eta lan-harremanak eta kudeaketa-praktikak hobetzeko.

Oraindik zirriborro-fasean dagoen protokolo horrek “Kultur antolakuntzan praktika onak zelan bermatu” gaiari buruzko eztabaida piztu du.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora