Albisteak
Ollo kontseilariak herritarren eta gizarte eragileen inplikazioa nabarmendu du Euskaraldian
17.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Nafarroan aurtengo edizioan, eta euskararen erabilera errazteko guneak indartu dira
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok oso positibotzat jo du herritarrek eta eragile sozialek Euskaraldian izan duten inplikazioa, 2022ko ekitaldia ixtearekin batera Gasteizen egin den balantze-ekitaldian. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Kike Amonarriz Topaguneko presidenteak eta Goiatz Urkijo programaren koordinatzaileak ere parte hartu dute ekitaldian. Era berean, batzorde antolatzaileak eta erakunde parte-hartzaileak ere ordezkatuta egon dira.
Euskaraldia hainbat eragile sozial eta instituzionalen arteko ekintza bateratua da, eta euskararen erabilera bultzatzea eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak aktibatzea du helburu, herritarren hizkuntza-ohiturak azpimarratuz. Aurten, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean, 17.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute praktika kolektibo horretan Nafarroan. Komunitate horretan 800 izen-emate erregistratu dira ariguneak izenez ezagutzen diren guneak gaitzeko, hala nahi duten parte-hartzaileek euskara erabiltzeko aukera izan dezaten. Horrela -azpimarratu du kontseilariak- “euskaraz gehiago eta leku gehiagotan hitz egiteko aukera izan dugu”.
Agerraldian, agerian geratu da “Euskaraldia ekimen integratua eta sendotua dela gizartean”, eta “herritarrek gogo onez hartzen dituztela ekimenean parte hartzen dutenak”. Ildo horretan, Ollok nabarmendu du hizkuntza erabiltzeko guneak abian jarri dituzten erakundeen jarrera ona eta praktika hori aurreko edizioetan iritsi ez zen eremuetara hedatu izana. Era berean, kontseilariak eskerrak eman nahi izan dizkie eratutako talde antolatzaileei egindako lanagatik eta, oro har, herri eta hirietako herritarren bultzadagatik, sare zabal hori osatu gabe ezinezkoa izango bailitzateke horrelako erronka bati aurre egitea.
Ekitaldi honek Ahobizi edo Belarriprest rolen aukeraketa, ariketa sozial honekin batera, konpromisoarekin lotuta dagoela gogorarazteko balio izan du, eta eguneroko bizitzan euskara gehiago nahi dutenen ekintza dela eta, aldi berean, Euskaraldiaren lana epe luzekoa dela azpimarratzeko balio izan du.
Euskaraldiaren bultzatzaileek herritarrei eta erakundeei dei egin diete “bihartik aurrera eman dituzten pausoei jarraipena emateko. Jarrai dezagun euskararen erabilera sustatzen eta nahi duenak hitz egiteko guneak sortzen!”.
Aurtengo edizioari buruzko behin betiko ondorioak laster aurkeztuko dira, horien garapenari eta emaitzei buruzko azterketa sakonagoa egin ondoren.