Albisteak

Ollo kontseilariak euskaltegiek egindako lana nabarmendu du helduen euskara-ikaskuntzaren normaltasuna berreskuratzeko

2022-09-30

Nafarroan hizkuntza hau ikasteko 2022-2023 ikasturtearen hasieran, doakotasunean aurrera egiteko egiten ari den ahalegina ere gogorarazi du

2022-2023 ikasturtearen hasierako ekitaldian, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak azpimarratu du euskaltegiek aurreko ikasturteetan egindako lana; izan ere, pandemiaren ondoriozko egoeretara egokitu dira, eta, neurri handi batean, normaltasunera itzuli dira aurrez aurreko eskolekin eta dinamizazio-jarduerekin. Ekitaldia gaur eguerdian egin da, Iruñean, eta Barakaldoko Udal Euskaltegiko irakasle Marga Ibáñezek ere parte hartu du; “Interakziozko feedback zuzentzailea” hitzaldia eman du.

Ondoren, Nafarroako Gobernuak helduek euskara doan ikasteko hartutako konpromisoa nabarmendu du. Hala dago jasota Nafarroa Suspertu Planean, eta horretara Nafarroako Gobernuak bideratu ditu baliabideak, Euskarabideak kudeatzen dituen deialdien bidez. Horrela, euskaltegiei eta ikasleei ematen dizkien laguntza ekonomikoek, ikasturte honetan helduek euskara ikas dezaten, doakotasuneko erronka horretan beste urrats bat egiten lagunduko dute.

Bestalde, azpimarratu du, aurreko urteetan bezala, helduek euskara ikastea bultzatu dela, eta horretarako, komunikazio-kanpaina zabal bat antolatu dela, euskaltegietan izena ematea sustatzeko. ‘Euskera Ahora’ izeneko kanpaina da, eta 33 toki-erakunderekin eta sektore-eragile nagusirekin lankidetzan garatu da: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza-eskola ofizialekin, AEK eta IKA gizarte-ekimeneko euskaltegiekin eta Bai & By euskaltegiarekin. 

Horregatik, eskerrak eman dizkie guztiei, beren ekarpenik eta lankidetzarik gabe, euskara berreskuratzeko bidean aurrera egiterik ez dugulako.

Pío Baroja aretoan egindako ekitaldian, kontseilariak nabarmendu du euskaltegiek udako ikastaroak eta barnetegiak ere berreskuratu dituztela. Gainera, pandemiaren ondorioz, online ikastaroen eta irakaskuntzako material berrien eskaintza handitu egin da, informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker.

‘Euskara ahora’ kanpaina
Euskera Ahora kanpainaren ondoren, matrikulazio-aldia amaituko da, kanpainarekin bultzatu nahi izan dena. Azken urteotako joerarekin jarraituko duelakoan, eta euskara ikasteko gero eta pertsona heldu gehiago egotea espero da.

Hala, matrikulen kopuruari dagokionez, pandemiak eragin zuen jaitsiera gainditzea lortu da; izan ere, 2019-2020 ikasturtean 5.300 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, 2020-2021 ikasturtean, aldiz, 4.500 lagunek, eta aurreko ikasturtean 5.000 lagunek.

Interakziozko feedback zuzentzailea
Ikasturtearen hasierako ekitaldian, saio akademiko bat egin da, Marga Ibáñez, "Interakziozko feedback zuzentzailea " hitzaldiaren bitartez. 

Ibáñezek, Barakaldoko Udal Euskaltegiko irakasleak, gaiari buruz egindako ikerketa bat azaldu du. Bereziki, zuzenketak nola egiten diren aztertu du, ikasleei feedbacka emateko, ahalik eta emaitzarik handiena lortze aldera.

Irekira ekitaldi osoa hemen:

facebook
0
twitter

Atzera
Gora