Albisteak
Nafarroako Gobernuak parte hartu du Donejakue Bideko kulturen eta hizkuntzen aniztasunaren gaineko kongresu batean.
Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez parte hartu du Donejakue Bideko hizkuntzen eta kulturen egungo egoeraren eta etorkizunaren gaineko kongresu batean. Topaketa ostiral-larunbat honetan izanen da, urriaren 21-22an, Galiziako hiriburu Santiagon.
Bilkura gaur arratsaldean inauguratu da. Inaugurazio ekitaldian parte hartzaile izan dira, Nafarroako Gobernuaren eskutik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Maximino Gómez; Galiziako Xuntaren ordezkari gisa Kultura eta Turismoko kontseilaria den Roberto Varela, Hezkuntzako eta Unibertsitate Antolamenduko kontseilari den Xesús Vázquez eta Hizkuntza Politikako idazkari nagusi den Anxo Lorenzo; eta Europar Batasuneko Kultura Proiektuen zuzendari den Eugenio Delfino.
Kongresuaren leloa “Donejakue Bideko Hizkuntzen eta Kulturen Bidea: orainaldia eta etorkizuna” da, eta xedea du eleaniztasuna eta hizkuntza dibertsitatea lotzea, Europa egituratzen duten erreferentzia nagusietako baten bidez, hain zuzen ere, Donejakue Bidearen bidez. Bertan Europako erregio mailako hizkuntza eta kulturen gaineko gaiak aztertuko dira, kasu, galiziera, okzitaniera, aragoiera, bretoiera, behe-alemanera eta euskarari dagozkionak, begia orainaldian eta etorkizunean jarriz.
Nafarroako errealitatea azalduko dute, batetik, Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria den Julen Calvok, Europako hizkuntzen eta kulturen aniztasuna sustatzeko eredu bat den C&Lang proiektuaren gaineko mahai-inguru batean; bestetik, Nafarroako Unibertsitateko irakasle Asier Barandiaranek, Europako testuinguruan euskarak foru erkidegoan dituen gorabeheren gaineko konferentzia batean; eta azkenik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile den Maximino Gómezek, hizkuntza minorizatuak Europako erregio erakundeetatik sustatzearen gaineko mahai-inguru batean.
Ekintza Agentzia Exekutiboak antolatu eta finantzatu du, Hezkuntzaren eta Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren eremuan, eta Kulturak eta Hizkuntzak Donejakue Bidean proiektuaren baitan. Proiektu honen xedea da Donejakue Bideko hizkuntzek eta kulturek Europako ondareari egiten dioten ekarpena azpimarratzea, bereziki, erregio hizkuntza eta kulturei edo/eta hizkuntza eta kultura gutxituei dagokienez.
Proiektua erregio hizkuntzen garapenaz arduratzen diren sei europar entitatek bultzatu dute: Euskarabideak, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusiak, Bretoiera Hizkuntzaren Bulegoak, Aragoiar Filologia Aztertzeko Elkarteak, Kielgo (Alemania) Christian-Albrechts Unibertsitateak eta Euroccat-ek (herri okzitaniar eta katalanen 2000 Eurokongresuak).
Proiektua Europar Batasuneko 2007-2013 kultur programan sartua dago.
http://santiagolanguages.com/eu/inicio