Albisteak

Nafarroako Gobernuak Hizkuntza-Aniztasuna sustatzeko Europako Sarearen batzarrean eta hizkuntza gutxituei buruzko Konferentzian parte hartu du

2019-06-17

Entitateak onetsitako 209rako jarduera-programaren barnean, urrian Donostian hizkuntza gutxituen erabilerari buruz antolatuko den Campusa nabarmentzen ahal da

Jarduneko Nafarroako Gobernuak, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaile ordezkari zuela, berriki Tolosa Okzitanian (Frantzia) egin den Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) batzarrean eta hizkuntza gutxituei buruzko Konferentzian parte hartu du. NPLDak Donostian urrian eginen den hizkuntza gutxituen erabilera aktibatzeari buruzko ekitaldia onetsi du.

Topaketaren eginkizunetako bat izan da 2019rako jarduera-programa onartzea, eta honen barruan, urrian Donostian antolatuko den 2019ko Campusean parte hartzea, hizkuntza gutxituen erabilera soziala sustatzeko esperientziak aztertzeko xedez:

  • Euskaraldiaren garapena eta ebaluazioa,
  • katalunieraren merkataritza arloko erabilera sustatzeko planak,
  • galesaren familia giroko erabilera sustatzea.

2018ko Campusa Italiako Udine hirian egin zen, eta orduko hartan, hizkuntza-politiken plangintza eta ebaluazioa izan ziren aztergai.

Bestalde, hizkuntza gutxiei buruzko Konferentzian, CIRDOCeko (Okzitanieraren Eskualdearteko Zentroa) lehendakari Patric Roux-ek okzitaniera sustatzeko haren lurraldean garaturiko jarduera-ildoak aurkeztu ditu.

Nafar ordezkaritzak, Plangintza eta Ikerketa Ataleko buru Eduardo Aldasoro ere tarteko, “Kultura eta hizkuntza ondarearen aitorpena: dinamika ekonomikorako bultzada” deritzon hitzaldian parte hartu du Okzitania Eskualdearen egoitzan. Agerraldi honetan, kultura eta hizkuntza aintzakotzat hartzeak ekonomian islatzen den balio erantsia dakarrela adierazi dute. Horrekin batera, enpresa esparruko esperientziak aurkeztu dira.

Aniztasunaren sustapena

NPLDaren helburua da Europan hizkuntza aniztasuna sustatzeko ahotsa izatea, maila guztietan informazioa eta esperientziak trukatuz, ulermena errazteko eta nazioartean aniztasun honen aitorpen handiagoa lortzeko.

Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010. urteaz geroztik, eta Sarearen jardueretan parte hartzen du Euskarabidearen bidez. Lan-saioetan, estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin eta hizkuntza-plangintzan diharduten bestelako entitateekin batera jardun ohi du. Sare honetan, bazkidetutako Europa osoko hainbat erakunde ordezkatuta daude; besteak beste, tokiko agintaritzak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora