Albisteak
Nafarroako Gobernuak “Euskera ahora: ikasteko arrazoiak” Hiria Foroa babestu du
Euskaltegietako ordezkariek mahainguruan hitz egin dute euskaraz ikasteko arrazoien inguruan
Nafarroako Gobernuak Diario Noticiasek antolatutako “Euskera ahora: euskaraz ikasteko arrazoiak” Hiria Foroa babestu du helduek euskara ikas dezaten sustatzeko. Mahainguruan lau euskaltegietako ordezkariek parte hartu dute: Xabier Garcia (AEK), Xabier Martinez de Lezea (IKA), Ainhoa Madariaga (Zubiarte) eta Carol Saez de Albeniz (Hizkuntz-eskola ofiziala).
Saioari hasiera emateko Diario Noticiaseko zuzendariak, Joseba Santamariak, ongietorria egin du eta foroaren gaia zein den azaldu du.
Ondotik, Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, hartu du hitza eta honela hasi da: “Nafarroako egoera soziolinguistikoa ezin da ulertu euskara ikasten duten biztanleak kontuan hartu gabe. Hiztun berri horiek ezinbestekoak dira “lingua navarrorum” deritzonaren biziraupenerako. Horregatik, helduen artean euskara ikastea arlo estrategikoa da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikan.”
Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak helduen euskalduntzearen alde egiten duen lana azaldu du Ollok: “Nafarroako Gobernuak hainbat ahalegin egiten ditu helduen euskarazko irakaskuntza bultzatzeko. Hasteko, Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko asmoz, herritarrek hizkuntza hori jakiteko duten eskubidearekin, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduentzako banakako laguntzetara bideratutako kopuruak, bai eta euskaltegientzako laguntzen deialdiarenak ere”.
Ana Olloren hitzartzea bukatzerakoan Xabier Garciaren, Xabier Martinez de Lezearen, Ainhoa Madariagaren eta Carol Saez de Albenizen mahaingurua hasi da. Euskara ikasteko hamaika arrazoi eta motibazio azaldu dituzte: euskara galdu den familietan berreskuratzeko grina, euskarak irekitzen duen munduarekiko interesa, lagunekin euskaraz komunikatzeko gogoa, bikote euskalduna topatzerakoan euskara ikasteko nahia, lan munduan aukerak zabaltzea… Mahaingurua borobiltzeko euskara ikasten ari diren ikasleek beraien testigantza kontatu dute eta euskarak eman diena azaldu dute.
Bukatzeko, foroaren itxieran, Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, mahainguru antolatu izana eskertu du eta “Euskera ahora” kanpainarekin bat eginez, helduen euskara ikasteko izan ditzaketen arrazoiak azaldu ditu. Kanpainaren helburua euskara ikastera animatzea da, batez ere gazteen artean, beren ikasketak bizipen eta aukera berriak eskaintzen dituen aukera erakargarri gisa. Bukatzeko, honako ideia nabarmendu du: “Aurrera begira euskaltegien sektoreak badu hazteko tarte haundia eta euskarak asko du irabazteko Nafarroan. Hiztun berriak hiztun aktiboak bilakatu behar dira eta hori estrategikoa elebidun izan nahi duen gizartearentzako. Horretarako, lehentasuna ikasgeletan ikasitakoa kalean ere erabiltzeko baldintzak hornitzea da: kultura kontsumoan, merkataritzan, lan munduan…”
Ainhoa Madariagaren hitzak (Zubiarte Euskaltegia):
Xabier Martinez de Lezearen hitzak (IKA):
Xabier Gartziaren hitzak (AEK):
Carol Saez de Albenizen hitzak (Hizkuntz-eskola ofiziala):