Albisteak
Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko
Akordioari esker, euskara gizartean erabiltzeko programak gauzatu ahal izango dira, hala nola eskolaz kanpoko jarduerak, atzerritarrei harrera egiteko protokoloak eta kulturarteko proiektuak.
Euskarabideak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) hitzarmena sinatu dute toki entitateetan euskararen erabilera sozialerako programak garatzeko. Bi alderdiek akordio hori sinatzen duten bigarren urtea da, eta aurten 40.000 euroko aurrekontua izango du.
Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak joan den larunbatean Lesakan egindako UEMAren egunean eman du akordioaren berri, eta hitzarmena Euskarabidearen ardatz estrategikoen barruan kokatzen dela azpimarratu du. Euskarak "espazio sozial propioak" izatearen garrantzia azpimarratu du eta, horretarako, arnasguneak ezinbestekoak direla aipatu du: "arnasguneak izeneko udalerri eta eskualde euskaldunak, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen tokiak direlako, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzen dutenak eta Nafarroako kultura-aniztasunari laguntzen diotenak ".
Euskarabideak eta UEMAk sinatutako akordioari esker, udalerri horiek euskara sustatzeko gizarte-programak gauzatuko dituzte hainbat eremutan, hala nola eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea, atzerritarrei ongietorria egiteko protokoloak sortzea, hizkuntzaren garrantzia kontuan hartuta, edo kulturartekotasun-programak garatzea. Hitzarmenak udalen euskalduntzea sustatzeko ere balioko du, langileen prestakuntza bultzatuz, errotulaziorako edo aholkularitza juridikorako eta itzulpengintzarako baliabideak eskainiz.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen batzarra Lesakan egin zen joan den larunbatean, eta Nafarroako 19 herrik osatzen dute: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Basaburua, Baztan, Bera, Doneztebe, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza, Lesaka, Ituren, Lakuntza eta Bakaiku.