Albisteak

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak urteroko hitzarmena berritu dute

2014-04-08

Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza 1918. urtetik honakoa da. Lankidetza horri jarraipena emanez, Maximino Gómez Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur izenpetu dute, Iruñean, 2014. urteko hitzarmena

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, Euskaltzaindia erakunde aholkuemaile ofiziala da Nafarroako Foru Komunitatean, hizkuntza arauak ezartzeko eta toponimiari buruzko txostenak egiteko.

Nafarroako Gobernuak aurten 80.000 euro erabiliko ditu Euskaltzaindiak Euskal Corpus Onomastikoan eginen dituen lanetarako eta Foru Komunitatean onomastikako eta toponimiako lanak egiteko.

Euskaltzaindiak 2005. urtean hasi zuen Euskal Corpus Onomastikoaren ekimena. Euskaltzaindiaren urte anitzeko plan horren xedea da onomastikaren hiru eremu nagusienen, alegia, toponimiaren sail guztien, pertsona izenen eta deituren, gaineko datu-base ahalik eta osatuena sortzea, mantentzea eta aberastea. Argi da corpus hori aberastuz doan heinean, tresna seguragoa eta praktikoagoa izanen dela alor horretako lanak egiteko eta aholkularitza lana burutzeko.

Aipatutako jarduerez gain, Nafarroako Gobernuak hitzematen du Akademiaren Hiztegi Batua osatuko duela, Nafarroako euskalkietako hitzak sartuz, hizkuntza kalitateko zerbitzua abian jartzen lagunduko duela eta Akademiak eskatutako testuak gaztelaniatik euskarara itzuliko dituela. Euskarabideko plantillako langileak arituko dira horretan.

Ondoren, Nafarroako Gobernuak euskara irakasteko aurten egokitu dituen instalazioak bisitatu dituzte, Bartolomé de Carranza kalean kokaturiko helduen ikastegien egoitzan.
Aurki aurkeztuko da 2014-15 ikasturterako prestakuntza eskaintza, ikaskuntza maila guztiak barne hartuko dituena. Hauek izanen ditu:

  • 120 orduko ikastaro trinkoak.
  • Astean 10 orduko (5 egun) ikastaro estentsiboak
  • Astean 6 orduko (2 egun) ikastaro estentsiboak
  • Autoikaskuntzako bi modalitate: tutoretzapekoa eta librea
     
facebook
0
twitter

Atzera
Gora