Albisteak
Nafarroako Gobernuak "arnasguneak" beka Mairu Antzerki Tailerrari eman dio
Deialdia Eusko Jaurlaritzarekin eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera sortu da.
Aurkezpenean parte hartu dute Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta UEMAko ordezkari Aitor Elexpuruk, Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolarekin batera.
Ollo kontseilariak era horretako ekimenak Nafarroan duen garrantzia azpimarratu du, ‘arnasguneak’ ezinbestekoak baitira euskara biziberritzeko, eta ekimenaren aurrekariak gogora ekarri ditu. Modu horretan, nabarmendu du “Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietariko bat euskararen egoera hobetzea dela, erabilera bultzatuaz, batez ere euskararen dentsitate handiko udalerrietan eta euskararen bizitasun handiko lekuetan; hots, ‘arnasguneak’ deitzen ditugunetan. Nafarroako udalerri euskaldunetan, normalean euskaraz bizi daiteke modu naturalean. Euskararen dentsitate handiko guneetan edo ‘arnasguneetan’, berriz, euskara belaunaldi batetik bestera trasmititzen da, hizkuntza etengabe biziberrituaz eta aniztasun eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginaz. Hori dela-eta, horiek zaindu, babestu eta indartu behar ditugu”.
Kontseilariak, halaber, ondorengoa gehitu du: “hemen bildutako erakundeok Arnasa Gara kanpaina abian jarri genuen duela hainbat urte. Horren helburua da udalerri euskaldunen eta euskararen dentsitate handiko espazioen garrantzia nabarmentzea, euskarari egiten dioten ekarpena aitortu eta erakusteko. Euskaldunak euskararen dentsitate handiko lurraldeek duten garrantziaz kontzientziatzeko modu bat da eta gainerako herritarrak informatzeko modua ere bai, gure hizkuntzaren eta kulturaren aberastasunaren kontzientzia handiagoa izan dezaten”.
Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasola arduratu da testua idazteaz, eta horrela nabarmendu du: “intxaurrondo gaixoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzeko beharra islatuko du obrak, gainerako adarrak ere osasuntsu mantendu ahal izateko. Era horretan, historiaren bitartez, euskararen arnasa osatzen duten herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira, betiere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsita”. Obraren zuzendaria Manex Fusch izango da.
Euskara biziberritzea
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiriaren hitzetan, beka hau jada bidea egiten ari den kanpaina baten jarraipena da; hots, Arnasa Gararena, 2019an lehen urratsak eman baitzituen. Geroztik, hainbat kanpaina egin ditugu “arnasguneek” euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia azpimarratzeko helburuarekin, gure hizkuntzarentzat funtsezko guneak izateagatik. Euskararen bizi-eremu horietan bizi diren herritarrak kontzientziatzera eta ahalduntzera bideratu da lana; kasu gehienetan, herri txikiak dira”.
UEMAren izenean, Aitor Elexpuruk, Zuzendaritza Batzordeko kidea eta Berako alkatea denak honela adierazi du: “pozgarria da erakundeen arteko lankidetzak aurrera jarraitzen duela ikustea arnasguneen garrantzia hedatzeko. Izan ere, herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egin eta horiek bultzatzeko. Horixe bultzatu nahi dugu antzezlan honekin, ziur baikaude bitarteko oso erakargarria dela udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko”. Era berean, Elexpuruk nabarmendu du “Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Zentroaren lankidetza izan dutela: alde batetik, obra Azpeitiko Euskal Antzerkiaren Topaketetan estreinatuko delako, azaroan; eta bestetik, Mairu Antzerki Tailerreko kideek Dinamoa Sormen Zentroa erabiltzeko aukera izango dutelako obra sortzen ari diren bitartean”.