Albisteak

Nafarroak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak antolatutako hitzaldian parte hartu du Rennesen

2023-06-12

Topaketan, ekainaren 8 eta 9an ospatu da, Europako hainbat hizkuntzen egoera eman da ezagutzera

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPLD - Network to Promote Linguistic Diversity) urteroko batzarra eta jardunaldi bat, "Intergenerational Language Transmission in Multilingual Contexts", hau da, belaunaldien arteko hizkuntza transmisioari buruzkoa, antolatu ditu ekainaren 8 eta 9an, Rennesen (Bretainia). Bertan, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, parte hartu du.

Konferentzia Bretainiako Eskualde Kontseiluaren egoitzan egin da eta Paul Molac Bretainiako Hizkuntzaren Erakunde Publikoko presidenteak, Miquel Àngel Sureda NPLDko presidenteak eta Fulup Jakez Bretoieraren Erakunde Publikoko zuzendariak hasiera eman diote ekitaldiari.
Programa osatzen duten hitzaldiek Europako hainbat hizkuntzaren transmisioaren egoera ezagutarazi dute.

Biltzarreko lehen hitzaldia Paula Kasares Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Plangintza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak, eman du: "Generational language continuity: beyond family transmission", familiaren bidez, bai eta familiatik kanpoko beste esparru batzuen bidez ere, hizkuntza transmisioari buruz.

Ondoren, honako hauek izan dira hizlariak: Katell Chantreau doktorea, Rennes 2ko Unibertsitateko ikertzailea, "Language transmission of Breton within the family" bretoieraren egoerari buruzko azalpena eman zuena; Estibaliz Alkorta eta Jose Ignazio Mosteiro, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria eta teknikaria; eta Bethan Webb eta Jeremy Evans, hurrenez hurren, Galesko Gobernuko diputatua eta galesari buruzko proiektuen zuzendaria.

Hitzaldiaren programa mahai-inguru batekin amaitu da. Hizlariak, Partium Christian University erakundeko, Gábor Flora irakaslea, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzako Montserrat Sendra teknikaria eta Ladin Institute of Culture erakundeko zuzendaria, Sabrina Rason, izan dira.

Euskarabidearen ekintzak euskararen belaunez belauneko transmisioa indartzeko

Euskarabideko Euskararen Plangintza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako txostenean, Euskara Planifikatzeko eta Sustatzeko Zerbitzuak familiei zuzendutako programa eta ekintza batzuk aurkeztu dira, euskara kontuan hartzera motibatzeko eta haurrak etxean eta etxetik kanpo euskaldun gisa gizarteratzeko baliabideak eskaintzeko:

  • Era.eus. Nafarroako toki entitateek sortutako eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako webgunea da, haur euskaldunen gurasoei (euskaraz dakitenei eta ez dakitenei) informazioa, gomendioak, multimedia baliabideak, jardueren agenda... emateko. Helburua familiei informazioa eta baliabideak ematea da.
  • Mattinetakattalin.eus. Euskarabideak sortutako webgunea, haurrei eta familiei zuzendua, Nafarroako euskarazko haur folklorean oinarritutako 19 bideo biltzen dituena, familien hizkuntza-hazkuntza indartzeko eta haurrei euskarazko ondarea modu ludiko eta dibertigarrian transmititzeko.
  • Guraso eskola. Euskaraz eskolatutako haurren familiei zuzendutako proiektua, adituekin egindako saioetan familientzat interesgarriak diren gaiak modu interaktiboan zabaltzeko eta jorratzeko (hazierari eta hezkuntzari lotutako alderdiak, hizkuntzaren ikuspegitik lantzen direnak: familiaren motibazioa, irakurtzeko ohiturak, teknologia berrien erabilera, gatazkak konpontzea...).
  • "Euskararekin, gora eta gora beti! / Regálales el euskera y llegarán muy alto". Familiei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina, seme-alaben hezkuntzaren gaineko hautuetan euskara aintzat har dezaten. Helburua euskara haurren prestakuntzaren elementu garrantzitsu gisa aurkeztea da, bai tokiko familiei, bai familia migratuei.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua da Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea, maila guztietan informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean aintzatespen handiagoa lortzeko.

Nafarroako Gobernua 2010etik da NPLDko eskubide osoko kidea, eta Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bidez parte hartzen du Sarearen jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egin ohi du lan-saioetan, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europa mailan, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.

 
facebook
0
twitter

Atzera
Gora