Albisteak
Ireki da Euskaraldiko hirugarren edizioan herritarrek izena emateko epea
Irailaren 28tik aurrera, belarriprest eta ahobizi gisa Euskaraldian parte hartu nahi duen orok izango du izena emateko aukera.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa Euskal Herri osoko milaka belarriprest eta ahobizik, baita taldean ere entitateetan osatu diren ariguneetan.
Epe-irekiera hori ospatzeko bildu ziren, Bilboko Kafe Antzokian, herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak, eta erakundeetako ordezkariak.
Mirari Martiarena eta Kepa Errastiren gidaritzapean, ekitaldi polita ikusi ahal izan zuten bertaratuek: bakarrizketak, herri batzordeetako kideen ekarpenak, Zirkuolako kideen eskutik arte ikuskizuna, erakundeetako ordezkarien hitzartzeak, eta Liher taldearen musika emankizunaz gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste.
Izen-ematea irekita, berritasunekin
Irailaren 28tik aurrera, beraz, belarriprest eta ahobizi gisa ariketa sozialean parte hartu nahi duen orok izango du izena emateko aukera. Aurten, ordea, aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus gunean sartuta edo e-postan jasoko dituzten mezuen bidez.
Antolatzaileen esanetan, “beste behin ere, lortu nahi dugu herritarrak beraien hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan”
Orain hasi eta ariketa bukatzen den arte herritarrei informazioa eta aholkuak ematen jardungo dute Euskaraldia antolatzen ari diren herri batzorde eta koordinazioko kideek. Izan ere, “belarriprest eta ahobizi guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean” egitea nahi dute.
Ekitaldian ikusi zen moduan, hurrengo asteetan ere, aurreko Euskaraldietan herritarrek izan zituzten lorpenak bistaratuko dituzte; eta baita datorren ariketa honetan belarriprest, ahobizi eta entitateek hartuko dituzten erronkak ere. Izan ere, antolatzaileek dioten moduan, “lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela gizartean euskararen presentzia handitzen”.
Entitateetan ariguneak osatzeko aukera
Maiatzean ireki zen entitateek ariguneak osatu eta ariketan izena emateko aukera izan dute urriaren 31 arte mota guztietako entitateek (denda, elkarte, kirol-talde, enpresa edota erakunde) aukera izan dute ariguneak identifikatu eta Euskaraldian talde moduan parte hartzeko.
Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, aurtengo ekitaldian parte hartzeko deia egin die gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei.
"Euskaraldia aukera bat da euskara banaka zein taldean erabiltzeko dinamikak hasteko edo indartzeko. Beraz, bakoitzak bere lorpenak eta erronkak publiko egitera animatzen dugu, hau ez baita euskararen aldeko proiektu bat, baizik eta euskararen erabileran urrats zehatzak emateko ariketa bat, bai herritarrentzat, bai erakunde eta eragile sozialentzat", esan zuen.
Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak esan duenez, “uste dut oso bilakaera oparoa dela hiru edizio hauetan izan dena. Elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina: Nafarroako Gobernua erakunde publiko gisa, Euskaltzaleen Topagunea gizarte zibil antolatu moduan, eta gero haien borondatez, eta gogotsu, animatzen diren tokiko erakundeak, era guztietako entitateak eta askotariko norbanakoak.”
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak 2020ko edizioan martxan jarri ziren ariguneen garrantzia azpimarratu du. "Pandemiaren unerik gogorrenetan geunden, eta bagenekien ez zela erraza izango ariguneak martxan jartzea. Hala ere, 8.000 entitatek baino gehiagok eman zuten izena Euskaraldian eta 24.000 arigune sortu ziren. Bide horretan jarraitu nahi dugu ", adierazi du.