Albisteak
Ikasleak eta musikari profesionalak lotzen dituen ‘Musikariak Ikastetxeetan’ programaren “harrera ona” nabarmendu du Nafarroako Gobernuak
Euskarabideak kudeatzen du ikasleei euskarazko musikariekin esperientziak eskaintzeko hezkuntza-programa hau, ikasgeletan bertan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izanik
‘Musikariak Ikastetxeetan’ programa kulturala, gaur egun Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak kudeatutakoa, 2018-2019 ikasturtetik habian da Nafarroako ikastetxeetan, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko euskara (A ereduan) eta euskaraz (D eta B ereduetan) ikasten duten ikasleei zuzendua. Ikasturte amaiera honetan, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak programak ikastetxeetan izan duen harrera ona nabarmendu nahi izan du, 180 saio egin baitira 65 ikastetxetan.
Kultura eta hezkuntza-programan parte hartu duten ikastetxeek baita ere nabarmendu dute proiektu honen arrakasta, eta artistak zein ikasleak prest egon dira saioetan parte hartzeko. Kontuan hartu beharreko datu bat da 2018an programarekin hasi ziren ikastetxeek urtero errepikatzen dutela. Oraingo honetan, Mikel Urdangarin, Zuriñe Hidalgo, Paxcal Irigoyen, Inun, Ines Osinaga eta Olaia Inziarte izan dira ikasgeletan, besteak beste.
Gogoratu behar da Euskarabideak hartu duela 2023/2024 ikasturte honetan programa aurrera ateratzeko erantzunkizuna. Joan den otsailetik ekainera arte 180 saio egin dira Nafarroako 65 ikastetxetan.
Musikariak Ikastetxeetan
‘Musikariak Ikastetxeetan’ 2018an hasi zen hezkuntza eta kultura-programa da, ikastetxeei zuzendua. Ekimenak euskarazko kultur prestakuntza eta transmisiorako proiektua izatea du helburu, Foru Komunitateko berezko hizkuntza honen garrantzia azpimarratuz.
Musika nerabeak eta gazteak erakartzeko ahalmen handia duen kultura-adierazpena dela kontuan hartuta, ikasleei euskarazko musika-sortzaileen lana hurbiltzea eta euskal kultura ezagutaraztea da programa honen helburua, ikastetxeei doako eskaintza eginez.
Euskara (A ereduan) eta euskaraz (D eta B ereduetan) ikasten duten DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago programa, eta 2024ko otsailetik ekainera bitartean egin da aurten.
Musika-sortzaileak eskola-orduetan joaten dira ikasgeletara, eta beren esperientzia eta lana kultura-testuinguru jakin batean aurkezten diete ikasleei, beren ibilbidea euskal kantagintzaren barruan kokatuz. Horrela, ikasleek adibide bat ezagutzeaz gain, azken hamarkadetako euskarazko kultur panoramaren ezagutza globalagoa lortzen dute, zehazkiago, kantagintzaren arloan.
Modu atsegin eta entretenigarrian, ikasleak kultura musikal oso baten esperientziara eta ezagutzara hurbiltzen dira. Artistek beren sorkuntza-prozesua azaltzen dute: beren lanak euskal musika-tradizioarekin duen harremana, beste sortzaile batzuekiko lankidetza (idazleak edo poetak), eta abar. Gainera, hainbat abesti zuzenean interpretatzen dituzte, sortze-prozesuaren adibide gisa.
Musikari profesionalen eta ikasleen arteko elkarrekintza horien bidez, euskararen ezagutza eta erabilera sustatu nahi dira hezkuntza-etapa horietan.