Albisteak
“Goizuetako etxeen izenak” liburuaren aurkezpena, Euskarabidearen egoitzan.
“Goizuetako etxeen izenak” liburuaren aurkezpena, Euskarabidearen egoitzan.
2011ko azaroaren 24an, 13:00etan.
Parte hartzaileak:
- Maximino Gomez, Euskarabideko Zuzendaria
- Patziku Perurena, Patxi Salaberri eta Juan Joxe Zubiri, liburuaren egileak - Alaitz Eskudero Bergara, Iparraldeko Euskara Mankomunitateko Lehendakaria eta Goizuetako Udaleko Kultur zinegotzia.
Argitalpen honen helburu nagusia Goizuetako etxeen berri ematea izan da beren argazkiez lagunduta. Halaber, fitxa batean ikerketaren datu esanguratsuenak jasotzen dira, hau da, etxeei erreferentzia egiten zaien dokumentuen iturriak eta zehaztapen dokumentalak, izenaren gaineko azterketa etimologikoa eta, azkenik, etxeen gainean jasotako oharrak. Hau dena, XV. Mendetik hasi eta XX. Mendera arteko dokumentuetatik.
Osotara 546 fitxa dira: Goizueta izena eta bost auzoak, 6; Artikutza izena eta etxeak, 35 eta Goizuetako etxe izenak 505.
Etxeak familietan eta gizartean duen eragina nabarmena da, batez ere Nafarroako mendialdean eta erdialdean; horrexegatik, etxeen izendegia gure ondare kultural ez-materialaren parte ere bada, zalantzarik gabe. Hartara, etxeen izenen azterketa ildoa garrantzitsua da historiaren, kulturaren eta hizkuntzalaritzaren ikuspegitik; izan ere, hizkuntzaren beraren aldaerak aztertzeaz gain, gizartearen usadio eta ohituren informazioa ere ematen digu: izengoitiak, lanbideak, deiturak, jatorria, eta abar.
Bestalde, etxea bera tokia ere baden aldetik, izenaren bidez berehalako informazioa lor daiteke kokapenari buruz eta horrela erabiltzen da Nafarroako Gobernuko hainbat administrazio unitatetan (larrialdi zerbitzuetan, eta abar); halaber, bereizgarritasun bat ere bada katastroko lanetan.
Egileak :
Aurkezten ari garen liburu honen egileak Patziku Perurena Loiarte, Patxi Salaberri Zaratiegi eta Juan Jose Zubiri Lujanbio dira. Hirurak aski ezagunak euskararen munduan egindako literatur edota ikerketa lanengatik.
Patziku Perurena. Olerkien bitartez eman zuen ezagutzera bere burua 80. hamarkadan; baina, geroztik, lan asko burutu ditu arlo ezberdinetan: olerkari, pentsalari eta artikulugile, filologia ikerketa, eta abar.
16 liburu argitaratuta ditu eta hainbat sari jaso ditu literatur lehiaketetan.
Patxi Salaberri. Hispaniar filologian lizentziatua eta Euskal filologian lizentziatua eta doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. UPNAko irakasle Titularra eta katedraduna. Euskaltzain osoa. Nafarroako Euskara Kontseiluko kide, pertsona ezagun bezala. Eusko Jaurlaritzako Euskara Kontseiluko kide eta Kulturaren Kontseilurako Euskaltzaindiaren ordezkaria. Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria.
17 liburu argitaratu ditu eta idatzitako artikulu eta liburu atalak 100 baino gehiago dira.
Juan Jose Zubiri. Euskal filologian lizentziatua eta doktorea. UPNAko irakasle Titularra. Euskaltzain urgazlea. Hainbat lan argitaratu ditu hizkuntzaren jabekuntzaren eta euskararen gainekoak.
Nafarroako Gobernua Nafarroako toponimiaren emaria eguneratzea eta finkatzea ahalbideratuko dituen oinarriak ezartzera bideratutako dibulgazio politika sustatzen ari da. Dibulgazio politika honek bere helburuen artean etxe izenen edo oikonimiari lotutako terminologiaren ikerketa eta finkapena jasotzen du.
Horrexegatik guztiagatik, poztasunez laguntzen dugu proiektu hau, etxeen izenen gaineko bilketa eta ikerketa sustatzen duelako, horrela gure helburuetako bat betez.
Argitalpen honen bidez, Euskarabideak lagundu nahi du Goizuetako Etxeen Izenak ikerketaren dibulgazioan, Goizuetako Udala eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin batera.
Edizio hau Pamiela argitaletxeak argitaratu du. Formatuaren ezaugarriak: azala, mate plastifikatua 4 tintatan; papera, couche 130 koloretan; 21 x 26 neurriko formatuan eta 232 orrialde.