Albisteak
Gobernuak Nafarroako Toponimia Ofizialaren Bisore Geografiko berria aurkeztu du
Bisorearekin batera, "Nafarroan toponimia erabiltzeko oinarrizko jarraibide teknikoak" argitalpena ere aurkeztu da
Toponimia ofizialari lotutako bi elementu aurkeztu ditu gaur goizean Nafarroako Gobernuak. Batetik, Nafarroako Toponimia Ofizialaren Bisore berria aurkeztu dute, toponimia ofizialeko datu basea bisore geografiko moderno baten bidez kontsultatzeko aukera ematen duen tresna. Era berean, "Nafarroako toponimia erabiltzeko oinarrizko jarraibide teknikoak" argitalpena ere aurkeztu da.
Bisore geografikoa Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartutako araudia kontuan hartuta garatu da, eta toponimia eta kartografia uztartzen ditu Informazio Geografikoen Sistema berriei esker. Bilaketa baten aurrean, mapa batean kokatzen du, mapetan hainbat informaziorekin nabigatzeko aukera eskainiz: kartografia, topografia, katastroa eta ortofotoak. Gainera, erabiltzaileei aukera ematen die toponimoei buruzko informazio zehatzagoa ematen duten bilaketa zehatzak egiteko, hala nola toponimoaren ahozko edo idatzizko aldaerak, toponimoari buruzko dokumentazioa edo datu historikoak. Azkenik, datu zehatzak lor daitezke, hala nola udalerrien edo herrien toponimoen zerrenda edo elementu ezberdinen arabera iragazitako toponimoak. Bisoreak gailu mugikorretan ere funtzionatzen du eta izaera irekia duen proiektua denez, informazio berriak gehituko zaizkio.
Aurkezpenean, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak topomimiak ondare immaterial gisa duen garrantzia nabarmendu du. "Gaur aurkezten dugun bisoreak toponimiaren datu basea modu modernoagoan kontsultatzeko aukera ematen du, XX. mendeko teknologia batetik XXI. mendeko teknologia batera jauzi egin dugu”.
Nolanahi ere, kontseilariak esan duenez, "ez da ahaztu behar edukiak 90eko hamarkadaren hasieran, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren babespean eta José María Jimeno Juríoren zuzendaritzapean, esparru horretan egindako lan izugarrian duela jatorria".
Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie "tresna hau posible egin duten eta eguneratuta mantentzeko lan egiten duten pertsona guztiei; Euskarabideko teknikariei, Telekomunikazio eta Digitalizazio Zuzendaritza Nagusiko teknikariei, Tracasa sozietate publikoari eta Euskaltzaindiari ere".
Aurkezpenean, ikusgailu berriaren erabilera errazteko tutorial bat ere argitaratu da, eta Euskarabideko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari Ander Irizarrek ere parte hartu du.
Toponimia erabiltzeko jarraibideak
Bisorearekin batera, "Nafarroako toponimia erabiltzeko oinarrizko jarraibide teknikoak" argitalpena ere aurkeztu du Nafarroako Gobernuak gaur goizean. Euskarabidea –Euskararen Nafar Institutuak elebitan publikatu duen argitalpenaren helburua da oinarrizko jarraibideak ematea Nafarroako toponimia ofiziala erabiltzeko kartografian, seinaletikan eta beste argitalpen batzuetan, Espainian eta nazioartean ezarritako irizpideen arabera.
Liburuaren aurkezpenean izan da Andres Iñigo Ariztegi ere, Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkaria eta onomastikan aditua, argitalpenaren arduradunetako bat Mikel Belasko, Paula Kasares eta Aingeru Mikeorekin batera.
Argitalpen horrek interes berezia du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan toponimoak erabili ohi dituzten administrazio-unitateentzat, hala nola kartografia, seinaleak, larrialdi-zerbitzuak, katastroa edo posta-zerbitzuak.