Albisteak
Euskarazko funtsen bilketa, tratamendua eta hedapena
2012-06-13
Hizlariek azpimarratu dute entitate ezberdinen arteko komunikazioa behar dela, euskararen inguruan egindako lanaren hedapena indartzeko.
Joan den ostegunean, ekainaren 7an, euskaraz jasotako ikus-entzunezko funtsei buruzko lan saio bat egin zen Burlatako udal parkeko jauregian, Euskarabideak antolatuta. Bertan parte hartu zuten Euskaltzaindiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Labayru Ikastegiak, Badihardugu Euskara Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak.
Nafarroako Euskararen Fonoteka 1999an sortu zen Nafarroako euskalkien idatzizko eta soinu bidezko artxiboak, barreiatuak zeudenak, jasotzeko.
Aurrerago, bideoa gero eta zabalduago zegoela eta, Mediateka terminoa erabiltzen hasi zen, lanerako eremu zabalago bat zekarren eta. Bideoek hizkuntza aberastasun handiko zuzeneko lekukotzak jasotzen dituzte, eta hezkuntzaren eta etnografiaren eremuan balio handiko tresna bihurtzen ditu horrek.
Topaketan parte hartu zuten euskarazko funtsak zaintzen eta hedatzen diharduten hainbat entitate eta elkartek, eta Euskaltzaindia edota Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboa bezalako erakundeek.
Lansaioan Mediateka webguneko hirugarren bertsioa aurkeztu zen, besteak beste, atal berriak sortu baitira interaktibitatea areagotzeko.
Burlatako Udalak jardunaldiaren edizio hau antolatzen lagundu zuen.
PROGRAMA
09:30 Hasierako agurra: Maximino Gómez, Euskarabideko zuzendari kudeatzailea.
9:45 Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta Ahozko Traidizioko Hizkeren Corpusa: Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta bere laguntzaileak, Amaia Jauregizar eta Aritz Abaroa.
10:30 Ikerketarako prozedurak: Maite Lakar, irakaslea eta Nafarroako euskararen ahozko ondarearen ikertzailea.
11:15 Ahotsak.com: Asier Sarasua, Eibarko Badihardugu Euskara Elkartekoa.
12:15 Corpora Multimedia. Ikerketa eta aplikazio didaktikoak. Campus Iberus Nazioarteko Doktoretza: Alfredo Asiain, Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboko zuzendari teknikoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
12:45 Herri Ondarearen Katalogoa: Akaitze Kamiruaga, Labayru Ikastegikoa.
13:15 Bertsolaritzaren Datu Basea: Lorea Arburua, Bertsozale Elkarteko Nafarroako koordinatzailea.
13:45 Nafarroako Euskararen Mediatekaren webgunea: Javier Fernandez, Euskarabideko euskara teknikaria.
16:15 Kartela: Labrit Multimedia. Gaizka Aranguren.
16:35 Mahai ingurua: “Hedapenerako bideak”.
17:15 Kartela: Elea Multimedia. Mikel Belasko.
17:35 Mahai ingurua: “Elkarlana”.
18:15 Itxiera.
Saioetan entitate bakoitzak azaldu zituen bere funtsen ezaugarriak, horiek biltzeko metodologia eta ikertzaileentzako edo erabiltzaile orokorrentzako eskuragarritasuna.
Euskarabideak Nafarroako Euskararen Mediatekaren webgune berria aurkeztu zuen, aldaketa sakonak egin baitira bertan: interfaze erakarriagoa, bilaketa intuitiboagoak egiteko aukera... Bereziki erreparatu zaio bisitariekin elkarreragina izateari eta, hala, aukera ematen zaie dokumentuei buruz iritzia emateko sare sozial nagusien bidez, eta deitzen zaie parte hartzera, iritzia eman, iradokizunak igorri zein Mediatekako artxiboen transkripzioak eginez. Webgune berria sare sozialekin lotu da eta mapen bidezko hautaketak egiteko aukera ematen du.
Lansaioa mahai inguru batekin amaitu zen. Bertan argi geratu zen entitate ezberdinen arteko komunikazio beharra, bakoitzak egiten duen lanaren hedapena indartzeko eta aldi berean esperientziak, edukiak, izaera sozial edo didaktikoko lanak trukatzeko, eta baita edukien bilaketa globalizatua errazteko ere, adibidez, weguneak eta indexazio irizpideak bateratze aldera etorkizunean egin litezkeen proiektuak aurrera eramateko. Ahalegin berezia egin behar da baliabideak optimizatzeko, eginahalak ez daitezen bikoiztu, eta lan horietan lagunduko duten hedapen eta finantzaketa bideak bilatzeko.
Helbidea: www.mediateka.euskarabidea.es