Albisteak

Euskarari lotutako bederatzi alorretan elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak

2012-07-05

Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean 2009ko uztailean izenpetutako Lankidetzarako Protokolo Nagusiaren barnean kokatzen da agiria

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen arloan elkarlanean aritzeko berariazko hitzarmena izenpetu dute gaur Iruñan. Agiriak lankidetza teknikoa finkatzen du hizkuntz horren babesari eta garapenari lotutako bederatzi arlotan, bai eta ikerketa, dokumentazio eta ezagutzen nahiz informazioaren trukeari lotutako arloetan ere.

Testua José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak izenpetu dute, eta, zehazki, honako esparru hauetan aplikatuko da: euskara helduei irakastea; hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena; ikerketa eta mapa soziolinguistikoak; euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpenak; itzulpen-memoriak; terminologia; informazioaren eta komunikazioaren teknologiak; euskara nazioartean hedatzeko programak eta euskarazko irakurleak atzerriko unibertsitateetan; eta hizkuntzaren kultur sustapena.

Berariazko hitzarmen hau Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean 2009ko uztailean izenpetutako Lankidetzarako Protokolo Nagusiaren emaitza da, eta esparru-hitzarmen honetan zehaztutako printzipioen arabera, bikoiztasunak saihestea eta gastuak murriztea ditu xede.

Gainera, hizkuntz politikaren arloko lankidetza abiatzen da erakundeen arteko elkar errespetutik eta bi erkidegoen errealitate politiko eta soziolinguistiko ezberdinetik, dagozkien legeriek erkidego bakoitzari ematen dizkion eskumenen barnean.

Sinadura ekitaldia Nafarroako Jauregiko Lehendakarien Aretoan burutu da eta bertan, kontseilariekin batera, Maximino Gómez Euskarabideako zuzendari kudeatzailea eta Begoña Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria izan dira.

Albiste osoa ikusi

facebook
0
twitter

Atzera
Gora