Albisteak

Euskararen Nafar Kontseiluak Euskararen bigarren Plan Estrategikoari aldeko txostena eman dio

2021-12-21

Txosten horren ondoren, Plana Nafarroako Gobernuak urtarrilean bilkuran aztertu du, onartzeko

Euskararen Nafar Kontseiluak aldeko txostena eman dio Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) dokumentuari, 16 kideren aldeko botoarekin, 6 abstentziorekin eta kontrako boto batekin. Txosten horren ondoren, Plana Nafarroako Gobernuak urtarrilean bilkuran aztertuko du, onartzeko. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren hitzetan, dokumentua “parte-hartze tekniko eta sozialaren prozesu zabal baten emaitza da, 2027 arte Nafarroako Gobernuak eginen duen hizkuntza politika antolatzeko bide orria izanen dena”.

2019-2023 legealdiko Nafarroako Gobernurako Programa Akordioan Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzea jaso zen. Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen bere hizkuntza politikari esparru ordenatu, koherente eta ebaluagarri bat ezarriko dion plangintza estrategikoa emateko, Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) izan zenari jarraipena emanez. Hala bada, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari atxikitako Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuari egokitu zitzaion Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) moldatzeko prozesuaren ardura.

Nafarroan euskara indarberritzeko bigarren Plan Estrategikoa

Euskararen II. Plan Estrategikoa (2020-2027) dokumentuan proposatzen den eredu estrategikoa I. Plan Estrategikoan definitutakoa da, handi-handika: lehenik eta behin, gizarte eskariari erantzun behar zaio, euskara erabiltzeko aukerak zabalduz, herritarrek euskara ikasteko duten nahia asez eta hizkuntza honetan zerbitzuak eskainiz. Eskaera piztu eta elikatu egiten da. Horregatik, bloke honek izaera proaktiboa izan behar du, ulertzen baita eskaintzak berak eskaria bistaratu eta sortu ere egiten duela.

Bigarrenik, euskararen gaineko ikuskera berria gizarteratuko da, mintzairaren irudiaren gaineko aldaketa positiboa lortzera eta interesa nahiz eskaera piztera bideratuta. Euskararen irudi berriak hizkuntzari prestigioa emanen dio eta baliabide edo balio erantsi gisa proiektatuko du, gizartearentzat onura eta itzulkin sortzaile gisa.

Bi blokeek elkar elikatzen dute, euskararen gizarte bizkortasuna indartuko duen eskariaren asetze eta hauspotze dinamika batean.

Hirugarrenez, plangintza honek araudi esparru bat eta informazio soziolinguistikorako iturriak eskatzen ditu, ekimen hauek guztiak gauzatzea ahalbidetu eta errazteko.

Eredu estrategiko horretan 6 ardatz estrategiko definitu dira: gizarte erabilera; hiztun berriak; gizarte zerbitzuak; adostasun soziala, prestigioa eta erakargarritasuna; euskara, ekonomia eragile, eta hizkuntza esparrua.

6 ardatz estrategiko horien 42 helburu espezifiko ezarri dira eta horiek lortzeko 206 proiektu jaso.

Planaren jarraipenerako bideak aurreikusi dira: urteko ekintza plana eta aldizkako txostenak, bai eta Euskarabidearen Gobernu Kontseilua eta Euskararen Nafar Kontseilua zuzendaritza organoen jarraipen lana ere. Ebaluazioari dagokionez, 30 adierazleko Aginte Taula diseinatu da.

Inbertsioa

2019-2023 legegintzaldirako Nafarroako Gobernurako Akordio Programatikoak Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzea ez ezik, Euskarabidea organismo autonomoari aski aurrekontu eta baliabide ematea ere jasoa du.

Plan honetan jasotako proiektuak betetzeari loturiko inbertsioa 2022an eta ondoko bi urteetarako aurreikuspenak, taulan xehakatzen dira.

Edonola ere, 2022tik aitzineko ekitaldi ekonomikoetarako egindako aurreikuspena urte bakoitzerako onartzen diren aurrekontu orokorretan ezartzen denaren menpe egonen da, kasuan-kasuan.

Partaidetza teknikoa

2020ko martxoan, Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) amaituta eta ebaluaturik, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Arregi, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak II. Plan Estrategikoa eratzeko prozesua iragarri zuten. Urte horretako ekainaren 2an, II. Plan Estrategikoa osatzeko prozesua Euskararen Nafar Kontseiluari aurkeztu zioten.

Harez geroztik, Euskarabideak prozesurako laguntza teknikoa eman zuen enpresaren kontrataziorako lizitazioa burutu zuen; partaidetza teknikoa mahaietan bideratu zen, euskararen errealitatea eta beharrak gaika aztertzeko; ekarpenak bildu eta antolatu ziren. Horrekin guztiarekin Euskarabideak II. Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroa moldatu zuen. Pandemiak eragileekin harremanak baldintzatu zituen: saioak telematikoak antolatu behar izan ziren.

2021eko urriaren 8an, Euskarabideak II. Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroa aurkeztu zion Euskararen Nafar Kontseiluari eta kideei ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien.

Gizartearen parte hartzeko aldia

Euskarabideak Euskararen II. Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroa apailaturik eta Euskararen Nafar Kontseiluari aurkezturik, gizartearen parte hartzeko aldia hasi zen. Urriaren 11tik azaroaren 11ra, hilabete batez, dokumentua Gobernu Irekiaren Atarian jendaurreko erakustaldian jarri zen.

Guztira, 58 ekarpen bildu dira: 56, Gobernu Irekiaren Atariaren bidez; ekarpen bat posta elektronikoz jasoa; eta beste bat, erregistro bidez.

Ekarpenak aztertu dira eta aintzat hartu diren edo ez azaltzen duen txostena abenduaren 17an igo zen Gobernu Irekiaren Atarira.

Ana Ollo kontseilariak azaldu bezala: “Aurkeztutako alegazioen artean, batzuek asmo eraikitzailea izan dute eta ekarpen zehatzak egin dituzte. Alegazio gehienak, halere, ez dira halakoak izan: euskara Nafarroako hizkuntza izate bera ukatzen dutenak badaude; bai eta euskara apalesten dutenak, euskarari bazterrekoa eta menpekoa izatea dagokiola uste dutenak eta euskara sustatzeko edozein ekintza positiboren aurka daudenak ere. Horiek, bistan da, ez dira onartu, Plan Estrategikoaren arauzko oinarrien kontra baitaude. Baina ekarpen horiek Plan honetan euskararen inguruko adostasun sozialari eman diogun dimentsio estrategikoa berretsi digute. Ekarpen horiek argi uzten dute Nafarroan berezkoa dugun hizkuntza aniztasuna eta gure bi hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko oraindik zer bide luzea gelditzen den; eta premiazko bihurtzen du euskara gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako gakotzat lantzea. Horri erantzun nahi izan dio Euskararen II. Plan Estrategiko honek eta euskararen inguruko adostasun sozialari dimentsio estrategikoa eman dio”.

Jaso diren 58 ekarpenetatik 8 onartu dira, osoki edo zati batean, eta Euskararen II. Plan Estrategikoaren behin betiko zirriborroan txertatu dira. Beste 50 alegazioak baztertu dira: Planaren oinarrien kontra jotzen baitute edo ekarpen zehatzik egin ez baitute; beste batzuk, egungo marko juridikoak edo kudeaketa ekonomikoak onartzea ahalbidetzen ez dutelako.

Jasotako ekarpenak azterturik, hasierako idatzaldia osatuko da eta berriz Euskararen Nafar Kontseilura jo du Euskarabideak, horren gainean iritzia eman dezan.

Euskararen Nafar Kontseilua

Nafarroako Euskararen Kontseilua Nafarroako Gobernuaren kontsulta-organoa da hizkuntza-politikaren arloan. Bere eginkizunen artean, Euskararen Nafar Kontseiluari dagokio, besteak beste, hizkuntza normalizazioaren arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuei eta arlo horretako plan orokorrei buruzko irizpen ez-lotesleak ematea, bai eta Euskararen Plan Estrategikoaren garapenaren eta betetze mailaren gaineko informazioa hartzea ere.

Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilaria du buru, eta erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta, bai eta euskararen eta euskal kulturaren gizarte-esparrua ere: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea eta beste departamentu batzuk), Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, euskara sustatzen duten kultura-elkarteen edo gizarte ekimeneko erakundeak eta pertsona ospetsuak.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora